Mikel Diego Barajas historialariaren arabera, ondare immateriala zaintzeko modua da hura “grabatzea eta jasotzea”, baina baita herritarren eskura jartzea ere, kontsultatu ahal izateko. Hiru motatako ahozko ondarea dago eskura, haren esanetan.
Testigantzen kontaketa. Pertsona batek —historialari batek, ikerlari batek…—, lekukotza bat jasotzen du, eta idatzita uzten du. Esaterako, Jose Migel Barandiaranek 36ko gerrari buruz egindako bilketa.
Gerra kontseiluak. Diegoren arabera, testigantza “iturri agorrezina” dira, hala akusatzaileen lekukotzena, nola akusatuenena. Lurraldeetako auzitegi militarretan topa daitezke; Bizkaiari Ferrolgoa dagokio (Galizia).
Memoria bankuak. Ahoan memoriaren artxibo historikoa Internet bidez kontsultatu daiteke, eta testigantzen bildumak daude, Diegoren esanetan. Aranzadi elkarteak jasotako lekukotzak gordetzen ditu Gogora institutuak, besteak beste. Eta herrietako memoria elkarte askok elkarrizketatu izan dituzte adinekoak. Eskuragarri jarri behar dira lekukotzok, historialariaren irudiko. “Uste dut onena dela erakunde publiko batean gordetzea. Baina ikerlari batzuk ez daude ados, sentitu dutelako erakundeek ez dituztela babestu”.