Ibai Maruri Bilbao
Gogoan du zelan ohartu zen behiaren gaixotasunaz: “Azoka batetik etxera etorri nintzenean, lagun batek esan zidan nire behietako bat arraro zegoela. Etxera eroan nuen, albaitaria deitu genuen, eta bai: gaixotasun hemorragiko epizootikoa zuen”, azaldu du Karlos Ibarrondo Atxondoko abeltzain eta ENBA Bizkaia sindikatuko presidenteak. Behiaz gain, idisko nagusi bat ere gaixotu zaio. 50 burutik, bi. Irailaren 21ean diagnostikatu zuten Bizkaian Europan berria den gaixotasun horren lehen kasua, eta ordutik hedatuz joan da.
Culicoides generoko eltxo baten ziztadaren bidez kutxatzen den eritasun bektorial infekzioso ez-kutsakorra da. Bizkaiko Abeltzainen Elkargoko zuzendaritzako iturriek Bizkaiko Hitza-ri azaldu diotenez, Afrikako gaitz bat da. Azken urteetan Ameriketako leku batzuetan ere agertu da; besteak beste, AEBetan. Ez die soilik behiei eragiten. Ardiak ere kutsa daitezke, baina oso txikia da gaixotasun klinikoa garatzen dutenen kopurua. Ahuntzetan oso arraroa da infekzioa eragitea. Argitu dute ez dela zoonosia; beraz, gizakia ez du kutsatzen, ez gaixo dagoen behi batekin kontaktuan egonda, ez haren okela janda, ezta eltxoak ziztatuta ere.
Ibarrondok esan du bere inguruko etxaldeetan ere badagoela. “Abeltzainak adi-adi gaude, eta sumatzen badugu behiren bat sintomekin, taldetik erretiratu, eta tratamendua jartzen diegu”. Sintomei aurre egiteko, antiinflamatorioak ematen dizkiete. Kasu batzuetan, antibiotikoa ere behar izaten dute. Baina Bizkaiko Abeltzainen Elkargoak azaldu dutenez, gaitza ez da oso larria: behi infektatuen %10 gaixotzen dira, eta %1 hiltzen. Pare bat astean hartzen dute tratamendua, eta gehienek gaitza gainditzen dute.
Ibarrondok lauzpabost egunez izan ditu kortan, eta, dagoeneko, kanpoan ditu biak, bazkatzen. Behia ernalduta dago, baina ez du uste aborturik izango duenik. Esan diote batzuetan gaixotutako idiskoek tarte batez emankortasuna galtzen dutela. “Ondo daude, arazo barik jaten dute, eta uste dut arteztuko direla”.
Ibarrondo goiz ohartu zen abelburuak gaixo zituela, eta hori lagungarri izan du. Izan ere, taldetik aparte jartzen dira, geldi egoten dira, eta ahoan sortzen zaizkien zauriengatik jateari eta edateari uzten diote. Abeltzaina ohartu ezean, eta sintomei aurre egiteko tratamendua ipini ezean, animaliak hil egin daitezke jan eta edan barik. “Egoera horrek estresa eragiten die behiei. Txahalarekin badaude, esnea emateari uzten diote, eta txahala, jan barik. Behia ere hil egin daiteke jaten ez badu. Mendian dauden ganaduekin arazoak egongo dira; abeltzainak adi ibili beharko dira”.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere erne ibiltzeko eskatu die. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak eskatu du lehen sintomak antzematean albaitariari deitzeko. Albaitariaren lehen bisita ordaintzen laguntzeko, diputazioak 30 euro emango dizkie abeltzainei, eta gaitzak jotako animalia bakoitzeko beste hogei euro jasoko dituzte, tratamenduak ordaintzen laguntzeko. Ibarrondok ontzat jo ditu laguntzak: “Eskertzekoak dira”. Hala ere, haren arabera, tratamenduak baino kalte ekonomiko handiagoa eragiten die abeltzainei behiak gaitza ez gainditzeak.
Ibarrondoren esanetan, momentu txarrean heldu da gaitza, oraindik ere ganadua kanpoan izan dezaketelako bazkatzen azaro erdialdera arte edo abendura arte. Orain, ostera, gaixotu ahala, barrura sartu beharko dituzte, gertutik zaintzeko.
Albaitarien Elkargoak jakinarazi du garrantzitsua dela gaixo dauden abelburuen berri ematea, agintariek eta albaitariek jakin ahal izateko zenbat hedatu den eta zelako ondorioak izaten ari den. Espainiako Gobernuak mugatutako eremu izendatu ditu Kanariak eta Balearrak ez estatuko beste erkidego guztiak; tartean, Hego Euskal Herrikoak, eta ez dago eremu horren barruan mugitzeko arazorik, baina ezin dira atera. Dena den, baliteke erkidegoetako gobernuek mugikortasuna mugatzea aurrerago. Hori galarazia duten abelburu bakarrak sintomak dituztenak dira oraintxe.
Klima aldaketa, oinarrian
Bizkaiko Albaitarien Elkargoaren esanetan, klima aldaketaren ondorioz iritsi da gaitza herrialdera: “Intsektuak batetik bestera gehiago mugitzea eragiten ari da”. Horregatik, ohartarazi du aurrerantzean ere gaitz gehiago agertuko direla. Niloko sukarra aipatu du: Katalunian zenbatu dira halako kasu batzuk, eta litekeena da Bizkaira ere ailegatzea.
Gaixotasun hemorragiko epizootikoak AEBetan badu onartutako txertoa, baina ez Europan. Dena den, Bizkaiko Albaitarien Elkargoak ez du beharrezko ikusten txertatzea. Gaitza pasatu duten abelburuek immunitatea lortzen dute, eta espero dute luze gabe tenperatura jaistean eltxoa desagertuko dela aldi baterako. Diputazioak intsektizidak eta larbizidak erabiltzeko eskatu du. Ibarrondok behiei intsektizida botatzen die, eta uste du lagungarri izan duela.