Mikel Garcia Martikorena
Herri txikia den arren —4.000 biztanle inguru ditu—, Ugao kulturaz blai egoten da urte osoan; batez ere, musikaz. Horren errudun nagusiak Sarea Sound System Ugaoko musikazaleen elkartea eta hark antolatutako Ganbarako Kontzertuak dira. Jane jauregian egiten dira kontzertuok, herriko plazan, formatu txikian, “era intimoan”. Goio Ramos musikazaleen elkarteko kideak azaldu duenez, “ia hilabetero” egiten dituzte saioak, azken asteburuetan. Gainera, ekainerako egun osoko jaialdia antolatzen dute herri osoan zehar: Sarea Fest. Sarea Sound System elkarteak hogei urte bete ditu, eta jaialdi bat egingo dute hurrengo astean. Gorka Urbizu, Mikel Urdangarin, Anari eta eskualdeko talde andana izango da.
Musikazaleak eta musikariak “dinamizatzeko” sortu zuten elkartea; bi hamarkadaren ostean, dinamizazio horrekin jarraitzen dute. Hiru ardatz nagusi dituztela azaldu du Ramosek: zuzeneko musika, hizkuntza eta genero ikuspegia. “Nagusiki euskaraz egiten duten musikariak ekartzen saiatzen gara. Gainera, gure arteko zein kanpoko eragileekin dugun komunikazioa osorik euskaraz izaten saiatzen gara”, azpimarratu du. Horrez gain, dio emakumez osaturiko taldeak ekartzen ahalegintzen direla, onartu duen arren “batzuetan zaila” egiten zaiela: “Generoen artean parekotasuna bilatzea garrantzitsua da guretzat, nahiz eta beti lortzea ezinezkoa den”.
Ugaoko musikazaleen elkarteko kideari iruditzen zaio “nahitaezkoa” dela herritarrek bultzatutako kultura egitasmoak egotea herrietan, “kultura ezin delako soilik erakunde publikoen eskuetan utzi. Erakundeek kultura babestu behar dute, noski, baina herritarrei lan egiten utzita. Izan ere, bizilagunek dakite herrian zer kexa eta joera dauden”. Are gehiago, elkarteak “elkarguneak” direla uste du Ramosek, “hausnartzeko bideak sortu, kontuak eztabaidatu eta erantzunak topatzeko” aukera eskaintzen baitute: “Herrietan ohiturak zein jarduteko bideak ezartzeko balio dute”.
Sarea Sound Systemeko kideek ez dute musika soilik aisialdi legez ulertzen; herrian eragiteko aukera bezala ikusten dute. Ugaorekin duten harremana “estuagoa” izatea gustatuko litzaiokeela onartu duen arren, Ramosek azaldu du hainbat ekintza eraman dituztela aurrera herriko eragileekin batera: “Ugaoko emakumeentzako tailerrak antolatu izan ditugu, eta, oraindik lortu ez badugu ere, behin baino gehiagotan harremanetan egon gara herriko eskolarekin, haiekin batera proiektuak gauzateko”. Saretzeko tresna gisa ulertzen dute musika, “batasunak indarra dakarrelako”.
Urteurren festa
Ugaoko musikazaleen elkarteak hogeigarren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo du datorren astelehenetik igandera. Egitarauan zortzi ekitaldi bildu dituzte, Ugaoko kaleetan eta Jane jauregian egingo direnak, denak musika ardatz dutela. Denak ez dira kontzertuak izango. “Ez genuen soilik kontzertuak programatuta dituen jaialdi bat antolatu nahi; hortaz, tailerrak, hitzaldiak eta bestelakoak ere antolatu ditugu”. Datorren astelehenean, bestelako ekintza horietako batekin hasiko da jaialdia: 20 urte 20 argazki erakusketarekin. Ramosek berak hogei urteotan egindako argazkiek osatu dute bilduma, eta aste osoan egongo da ikusgai, Jane jauregian. 2003tik Sarea Sound Systemek izandako ibilbidea laburtu nahi izan du; horregatik, Ugaotik igaro diren hamaika musikariren zuzenekoetan egindako irudiekin osatu du erakusketa.
Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak Hitzen ahairean hitzaldi musikatua emango dute asteazkenean. 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte Euskal Herriko musikak izan duen aldaketa jorratuko dute. Kolektibotasunari abestetik ni-ari kantatzera egin den bidaia landuko dute, kontakizuna adibide musikatuekin apainduz.
Beñat Ramos ugaotarrak ostegunean Do it yourself. Etxeko grabazio estudioa: oinarriak izeneko tailerra emango du. Bere gelan duen eta eramangarria den antzeko grabazio estudio txikia sortzeko beharrezkoak diren material, programak eta teknikak irakatsiko ditu. “Ordenagailu batekin, eta 80-100 euro bitarteko inbertsioa eginez, estudio txiki bat nola eraiki irakatsi nahi dugu. Lehen, pentsaezina zen inork bere eskura izatea estudio bat”, esan du Sarea Sound Systemeko kideak.
Grabazio teknikak aldatu diren moduan, musikarien lan egiteko erak ere aldatu dira azken hogei urteetan. Ramosek dio aldaketa handiena diru sarreretan dagoela: “Lehen, bi diru iturri zituzten musikariek: kontzertuak eta diskoak. Baina, egun, diskoak ez dira saltzen, eta diru sarrera guztiak zuzeneko emanaldietatik lortu behar dituzte”. Horrek musikarien tarifak jaistea ekarri duela uste du Ramosek; baina, era berean, erabakitzeko gaitasun eta diru guztia haien eskuetan egotea: “Baliabide ekonomikoak guztiz kontrolatu ahal izateko, zigilu handietatik ihes egin dute euskal taldeek, eta gehienek euren zigilu propioa eratzen dute, erabakiak kanpotik ez etortzeko”.
Beste urte batzuetan egin duten modura, 20. urteurrenean ere azoka antolatu dute Ugaon. Aurtengoa ezberdina izango da, ordea. Ramosek argitu duenez, aurreko urteetan liburu denden eta argitaletxeen produktuak eskaini izan dituzte. Oraingoan, ostera, bizilagunei egin diete deia. “Jada erabiltzen ez dituzten musika tresnak, diskoak edo merchandising-aeko edukiak etxetik atera eta plazara ekartzeko eskatu diogu jendeari”, jakinarazi du Ramosek. Etzi zortzi egingo dute azoka, 12:00etan.
Ganbara, gotorleku
Tailerrak, erakusketak eta azokak Sarea 20 urte jaialdiaren atal garrantzitsua izango dira; halere, musika jaialdi bat da, eta berriz ere zuzeneko kontzertuak izango dira. Azken hogei urteetan Bizkaiko musika Ugaora ekarri dute Ganbarako Kontzertuek, eta urteurrena ospatzeko jaia ez da salbuespena izan. Hala, gaur zortzi, Pettik kontzertua emango du, 20:00etan, Jane jauregian. Urtean zeharrekoak ez bezala, emanaldia doan izango da.
Bi hamarkadetan musikaren gotorleku izan da Ugaoko jauregia, “bandarik gabe eta beti formatu txikian” egindako kontzertuetan. Emanaldietan 60 entzule inguru egon daitezke, eserita. Ramosek dio “akustika oneko” espazioa gune “gozoa” bihurtzen dela kontzertua dagoenean. “Erabateko isiltasuna izaten da publikoan musikariek jotzen dutenean. Artistek diote entsegu bat izango balitz bezala bizi dutela, lasaitasun handiz, eta eskertzekoa dela”.
Urte hauetan guztietan Jane jauregitik igaro dira, besteak beste, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin eta Anari musikariak. Haietako gehienak kantuan bakarka aritu diren arren, Goio Ramosek bi kontzertu “gogoangarri” azpimarratu ditu, bakarka beharrean, talde osoa era akustikoan ekarri zutelako: Willis Drummond eta Ibil Bedi. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako talde eta bakarlari horiez gain, tokiko musikariek ere lekua dute Ugaoko ganbaran: B.O.T.H. taldeak, esate baterako, iazko ekainean kontzertua eman zuen.