Erdigunean

Arduraz bizi ditut euskararen inguruan azkenaldian entzuten direnak. Ez da berria, baina etsigarria da behin eta berriro diskurtso bertsuak plazan entzutea; alegia, euskara inposatu egiten dela, aukeratzeko askatasuna behar dela, baina betiere gaztelaniaren mesedetan. EAEko Hezkuntza Lege berria dugu horren adibide: emaitzek erakusten dute gaur egungo ereduekin ez dela bermatzen euskararen ezagutza; baina euskarari leku gehiago ematea inposizioa da. Horrela, belaunaldi berrien euskara ikasteko eskubidea ari gara kolokan jartzen.

Bitartean, txalo artean ospatzen dugu Espainiako Parlamentuan euskara erabiltzeko aukera, baina EAEko legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan gaztelania da nagusi. Euskal Herrian bizi diren herritar askok ez dute baldintza egokirik euskara ikasteko, eta zer esanik ez erabiltzeko. Medikutara joan, eta estresez bizi dugu hark ulertuko duen ala ez. Elebitasun orekatuaz hitz egiten da akatsez josita, eta arduragabekeriaz argitaratzen dira euskarazko testuak. Baina euskara ari gara inposatzen…

Antzeko egoera batera etorrita, zein emakumek ez du bizi izan bere gorputzean eraso matxistaren bat? Emakume guztiok identifikatzen ditugu emakume izateagatik ia egunero bizitzen ditugun komentario matxistak, egoera deserosoak eta txistez mozorroturiko isekak. Eta euskaldun izateagatik? Euskaraz bizitzen ahalegintzen garen guztiok dugu pasadizoren bat, bizipenen bat, txiki-txikitatik. Gaur “háblame en cristiano” hura sofistikatu egin da, gutxi dira euskararen kontra zuzenean iritzia emango dutenak. Mikromatxismoak eta greenwhasing-ak zenbat gura, edonon eta edonoiz, baina euskarara ekarrita.

Esaten digute euskara politagoa, kukiagoa, erakargarriagoa, abegitsuagoa, errazagoa izan behar dela. Alboan egon, zaindu behar den altxor bat, baina zalaparta handirik egin gabe. Xuabe-xuabea. Poziktibity. Eta, horrela, geuk ere, euskara erakargarri egin nahi dugu, besteen begietan gustagarri izateko; baina hizkuntza handi baten menpean bizi garenean eta gure hizkuntza-eskubideak ez direnean bermatzen, astrapala sortzea ezinbestekoa da.

Behin irakurri nuen euskaldunok oso jatorrak garela, euskara erdigunean jartzen dugun arte. Hala dela dirudi, baina guztien gustukoak ezin garenez izan, euskara erdian jartzeko lan egingo dugu euskaraz bizi gura dugunok. Horretarako, udazkenean baditugu hainbat hitzordu gure aldarrikapena kaleetan erakusteko, berdintasun sozialaren alde, euskararen biziberritzearen aldeko politika aurrerakoiei babesa emateko eta herritarron hizkuntza eskubideak defendatzeko.

Askori euskarak munduan leku bat, identitate bat ematen baitigu.