Ibai Maruri Bilbao
Bilbok 157 milioi kilowatt energia kontsumitzen ditu urtean udal eraikinetan, ibilgailuetan eta argiteria publikoan. 2017., 2019., 2019. urteetako kontsumoaren batezbestekoa eginda lortu dute datua. Ordutik aldaketak egon dira, baina pandemia urteak ere ez dira izan aproposenak kalkuluak zuzen egiteko, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez. 2030erako, 102 milioi kilowattera jaitsi beharko du. Hau da, %35 gutxiago, EAEko Jasangarritasun Energetikoaren Legeak udal guztiei agintzen dienez. Horretarako, besteak beste, 32,7 kilowatt energia berriztagarri sortu beharko ditu; gaur egun, 5,5 sortzen ditu. Beraz, datozen sei urteetan seikoiztu egin beharko du egungo ekoizpena.
Aburtoren arabera, ekoizpen fotovoltaikoarekin nekez lortuko dute helburua. Hortaz, bestelako iturri batzuk ere erabiliko dituzte: geotermia, energia hidroelektrokoa, bero ponpak… 2030era arte martxan egongo den Energia Jarduketa Planean jaso dituzte horiek guztiak, eta 180 milioi euroren inbertsioa egingo dute. BilboEner ere sortu dute, EEE Energiaren Euskal Erakundearekin, hirian “erreferentziazko erakunde” bihurtzeko. “Trantsizio energetikorako pausoak ematen ari gara, bai kontsumoa txikituta, bai energia gehiago ekoitzita. Bidea dugu egiteko”.
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolaren arabera, BilboEnerren ardura izango da proiektu bereziak bultzatzea, efizientzia energetiko eta jasangarria lortzeko. Energia arloko planen helburuak betetzen lagunduko dio hiriari, lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Besteak beste, kontsumo eta ekoizpen komunitateak bultzatuko dituzte, Bizkaiko beste herri batzuetan legez. “Eredu berri bat sustatuko dugu: herritarrak, kontsumitzaile huts ez ezik, nahi duten energia berriztagarriaren sortzaile ere izan ahalko dira”, esan du Ansolak.
BilboEnerrek pertsona bat du kudeaketa lanetarako, eta beste behargin bat, azpiegituren mantentze lanetarako. Aurrerantzean, langile gehiago kontratatuko ditu, beharren arabera. Erakundearen ardura izango da Bilbon energia eraginkortasunaren jarraipena egitea eta koordinatzea. Horrez gainera, erakunde berriak Energia Jasangaritasunerako batzordean parte hartuko du. Dagoeneko egin dute lehen bilera, eta energia arloan eskumena duten sail guztiek hartu dute parte.
Azpiegiturak eta sareak
Bilboko Energia Jarduketa Planak hiru ildo nagusi dituela zehaztu du alkateak: argindarra sortzeko azpiegiturak, sorkuntza termikoa eta sorkuntza fotovoltaikoa. Gaur egun, Bilboko Udalak Ordunteko eta Sollanoko zentral hidroelektrikoen bidez —%14,31 eta %14,02, hurrenez hurren— eta Artigasko biogas plantako hondakinen tratamenduarekin —%68,93— sortzen du energia berriztagarria. Azpiegitura horiek optimizatzen lagundu nahi du BilboEnerrek, eta baita berriak bultzatzea ere. Zentral hidroelektriko txikiagoak sortzeko aukera aipatu du Aburtok, berbarako.
Sorkuntza termikoari dagokionez, udal eraikinetan energia sortuko dute, eguzki energia termikoaren, biomasaren, aerotermiaren eta geotermiaren bidez. Eraikin horiek hornitzeko erabiliko da, eta gertu dauden eraikinen arteko bero sare txikiak ere sor daitezke, planean jaso dutenez.
Hirugarren ildoan, sorkuntza fotovoltaikoari dagokionez, udal eraikinetan argindarra sortzen jarraitzeko asmoa dute, eguzki plaken bidez, bai autokontsumorako, bai kontsumo partekaturako, auzoko nodo energetiko gisa jarduteko. Gaur egun, Bilbok sortzen duen energiaren %2,72 baino ez dator iturri horretatik. Horregatik, BilboEnerreko zuzendari Jaione Ortizek esan du udal eraikinen inbentarioa eginda dutela plaka berriak non ipin daitezkeen aztertzeko. Gainena, azaldu du eguzki planekin batera beste sorburu batzuk jartzeko aukerak egon daitezkeela; esaterako, turbina eolikoak. Bero ponak jartzeko ere sektoreka banatu dute hiria.