Naroa Torralba Rodriguez
Durangaldeko osasungintza publikoaren egoeraz larrituta, hainbat sindikatu eta eragilek irailaren 26an DOPA Durango Osasungintza Publikoaren Alde plataforma aurkeztu zuten, Durangon. Helbururik behinena osasun publikoa “defendatzea” dela aipatu zuten Matias Oregi eta Sabina Mendez bozeramaileek. “Itxaron zerrendak murriztearen eta pribatizazioa geratzearen alde mobilizatuko gara”.
Oregik eta Mendezek herritarren nekea nabarmendu dute, eta azaldu hori baliatu dutela plataforma sortzeko: “Horren adibide da uda honetan gertatu dena, familiako medikuarekin ordua hartu nahi genuenean: egunean bertan deitu behar genuen, goizeko zortzietan, ezinezkoa baitzen egun batzuk lehenago ordua hartzea. Horrek, gure ustez, esan nahi du, gehienetan, ez zegoela hutsunerik herritarrak artatzeko, eta ez dugu bidezkoa ikusten”.
Plataforma berriak deitoratu egin du Osakidetzaren egoera. Haien iritziz, osasun publikoa “hondatuz” joan da azken hamarkadetan: “2008ko krisi ekonomikoarekin hasi zen egoera okertzen, eta 2020an pandemiarekin biziagotu egin zen, austeritate politikengatik”.
Askotariko taldeak
Horregatik aldarrikatu dute plataformako ordezkariek, besteak beste, osasun arretak “unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa” izan behar duela. Hainbat eskaera egin dituzte. Arreta presentzial osoa berreskuratzea eta psikologia, psikiatria eta osasun mentaleko zerbitzuak indartzea nahi dute. Pediatriako larrialdi zerbitzua jar dezaten ere bai, 24 orduz; izan ere, gaur egun Barakaldoko Gurutzetako ospitalera joan behar dute, ezinbestean. Azken hilabeteetan ibili dira zerbitzu hori eskatzeko sinadura bilketan Galdakao-Usansolo ospitaleak arreta eskaintzen dien herrietan. Durangon anbulantzia medikalizatua behar dutela ere uste dute. Gainera, beharrezkoa da herritarrentzat Gernikako ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua izatea premiazkoa dela deritzote.
Helburuak lortzeko, beraz, DOPAko kideek ohartarazi dute beharrezkoa dela gizartearen salaketa eta mobilizazioa: “Horretarako, herritarrak animatu nahi ditugu erreklamazioak eta kexak idatziz aurkez ditzaten eta mobilizazioen deialdietan parte har dezaten”.
Bederatzi eragilek osatu dute plataforma: mugimendu sozialak daude, feministak, sindikatuak edota norbanakoak.
DOPA aurreko astean aurkeztu zuten jendaurrean, baina kideek azaldu dutenez, ez diote lanik egiteari utzi udaberritik. Garai haietan bildu ziren lehen aldiz. “Hilabete hauetan guztietan, beste mugimendu batzuekin izan ditugu harremanak. Horrek ekarri du manifestu bat idatzi izana; gehienbat, informazioa era errazagoan banatu ahal izateko auzokoen eta Durangoko osasun zentroen artean”.
Datozen asteetan hasiko dituzte mobilizazioak, Durangoko San Fausto jaien ondoren; informazio mahaiak jarriko dituzte eta sinadurak bilduko dituzte Eusko Jaurlaritzari aurkezteko. Halaber, ez dute baztertzen mobilizazioak egitea, Bilbon, Gasteizen eta Donostian azaroaren 11n egingo den manifestazioaren antzera. “Arazo hau aspalditik dator. Badakigu ez dela bizpahiru hilabetetan konponduko, baina hemen jarraituko dugu”, zehaztu du Matias Oregi plataformako bozeramaileak.
Ingurukoekin batera
COVID-19aren osasun larrialdia hobetu ondoren, Euskal Herrian ugaritu egin dira osasungintza sistemaren gorabeherak salatzeko plataformak. Sintoma ere izan daitekeela azaldu dute Matias Oregi eta Sabina Mendez DOPAko bozeramaileek. Salaketak gero eta ugariagoak direla esan dute, gainera.
Gainontzeko taldeekin harremanetan jartzeaz gain, guztiak batera elkarlanean aritzeko deia egin nahi izan dute Durango Osasungintza Publikoaren Alde plataformako kideek: “Azkenaldian, antzeko beste plataforma batzuk sortu direnez, denekin koordinatu nahi genuke gure lana; estrategikoa iruditzen zaigu, bereziki, Zornotzan antolatzen ari diren taldeekin harremanak hasi eta elkarlanean aritzea”.