Mendien deiadarra, deiadar mendietan

Mendien deiadarra, deiadar mendietan

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, XVIII. Deiadar Mendien Eguna egingo da bihar. Aurtengoa Kolitzan izango da. Balmasedako Udaletxeko plazatik abiatuko dira, eguerdian tontorrean dagoen San Roke baselizaren paretik adarrekin batzarrerako deia egiteko. Jaia aprobetxatu du Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformak mendi horretan bertan eta eskualdean eraiki gura dituzten parke eolikoen aurka protesta egiteko: 11:30ean elkartuko dira tontorrean. “Mendien defentsarako” deialdian, beste eragile batzuen babesa dute — Interkonexio Elektrikorik Ez, Makatzak Arratiako Ekologistak, Barakaldoko Kolektiboak eta Guggenheim Urdaibai Stop—, eta, Kolitzan ez ezik, beste lau deiadar mendietan —Gorbeia, Sollube, Oiz eta Ganekogorta— elkartuko dira, haietan ere 11:30ean protesta egiteko. Deiadar mendiak lurraren defentsan. Mendiak aske leloa aukeratu dute.

“Baliteke Deiadar Mendien Egunean Kolitzara igo eta handik ikuspegi pribilegiatuaz gozatzeko azken aukera izatea. Bost urte barru, berriro Deiadar Mendien Eguna Kolitzan egitean, baliteke energia ekoizteko industrialde erraldoi bihurtuta egotea”, esan du Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformako Josu Belmontek. Izan ere, joan den uztailaren 29an Kolitzaren inguruetan parke eoliko bi eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak: 250 metro garai diren 11 sorgailu, haietara iristeko eraiki beharko diren bideak, haietan sortutako argindarra garraiatzeko azpiegiturak eta azpiestazio elektrikoak.

Balmasedakoak ez dira Enkarterrin parke eolikoak eraikitzeko proiektu bakarrak. Belmontek ohartarazi du eskualde osoa aerosorgailuz bete nahi diela Eusko Jaurlaritzak. “Ez dugu ulertzen Arantxa Tapia [Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen] sailburuaren estrategia: zera egin nahi du, lurraldea pribatizatu, nekazaritza eta baso lurrak enpresa pribatuen esku utzita”. Gogoratu du oraindik ere Eusko Legebiltzarrak onartzeko daukala Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala. “Hori egin bitartean, Jaurlaritzak ezin du horrelako plangintzarik egin”. Belmontek salatu du plan sektoriala udal eta foru hauteskunde sasoian aurkeztu zela: “Orduan ireki zuten alegazioak aurkezteko epea, eta bai udalak, bai diputazioak jokoz kanpo zeuden”. Hala ere, milaka alegazio aurkeztu zirela azpimarratu du, eta nabarmendu du diputazioek proiektuon inguruko kezka agertu dutela. “Arabakoak oraintsu esan du ‘gehiegizkoak’ iruditzen zaizkiola, eta Bizkaikoak, diputatuarekin [Amaia Antxustegi, aurreko agintaldian Ingurumena eta Lurralde Naturala Zaintzeko diputatua zen] bildu ginenean, esan zigun legez kanpoko proiektua dela, flora, fauna eta ondarea babesteko legeak ez dituelako betetzen”. Oraintsu, Bizkaiko Foru Aldundiak ardura agertu du txosten batean, Balmasedako proiektuek arriskuan jar dezakeelako sai zuriaren babesa.

Protestara deitu duten eragileen esanetan, “Enkarterrin gertatzen ari dena prozesu zabalago baten parte da”: “Ustezko trantsizio energetikoaren izenean, espekulazioan oinarritutako burbuila bat sortzen ari dira; gaur egungo egoerara ekarri gaituen eredu ekonomiko eta industrialaren garbiketa berdea egin nahi dute”. Salatu dutenez, “herritarrei burujabetza energetikoa ukatuko dien kolonizazio bat egiten ari dira energia sektoreko enpresak”.

Eredu aldaketa

Argindarra sortzeko parkeotatik harago, arazoa orokorragoa da, mendi igoerak antolatu dituzten eragileen esanetan. Bizkaiko landa eredua “arriskuan” jartzen duten “makroproiektu” gehiago daudela ohartarazi dute: besteak beste, interkonexio elektrikoak —Gueñes-Itsaso autobide elektrikoa eta Gatika eta Frantzia arteko itsaspeko kablea— eta Guggenheim museoa Busturialdera hedatzea aipatu dituzte.

“Lurra, ura eta ingurunea dira Bizkaiak dituen baliabide garrantzitsuenak, eta kendu egin nahi dizkigute”, ohartarazi dute. “Inposatutako” eredu horren aurka, herritarren parte hartzetik sortuko den beste molde bat aldarrikatu dute, “ingurumen eta energia krisiei benetako konponbideak emateko”. “Bizitza eta ingurumena lehenetsiko dituen” eredu baten alde borroka egitera deitu dituzte bizkaitarrak.