Memoria Historikoaren (Des)memoria

Irailaren 25ean, Bilboko historiaren garai latzenetarikoa denaren 87 urteurrena bete zen: Mola jeneralaren agindupean, armada frankista hiria bonbardatzen hasi zen momentua, hain zuzen. Bilbo 40 aldiz bonbardatua izan zen, esan bezala, 1936ko irailean, italiar abiazioaren laguntzaz, eta lehenengo bonbardaketa izan zen. Une hartatik aurrera, sistematikoki, beldurra hedatu zen hiriko kaleetan, baina elkartasuna eta antolakuntza ere bai.

Aipatzekoa da emakumeen papera, gerra hasieratik AMA (Asociacion de Mujeres Antifascistas) Faxismoaren Aurkako Emakumeen elkartearen pean, auzoetan jada ziharduten emakumeen taldeetatik abiatuz, hala nola Torre Urizarreko Mujeres Modernas taldea —Astarloa kaleko 7. zenbakian zeukaten egoitza—. Mujeres aldizkaria argitaratzeaz gain, frankismoari aurre egiteko indarrak antolatzeaz arduratu ziren, hirian sare feminista eta antifaxista sortuz. 1937. urteko ekainean, tropa frankistek Bilbo hartu zutenean, elkarteak bere jarduera eten zuen. 82 urte geroago, 2019an, AMAren egoitza izandakoa arropa marka ospetsu baten denda bihurtu zen. Aurretik, urteetan banketxe baten bulegoak egon ziren han. Egoera honen aurrean, memoria historikoaren alde lan egiten duten elkarteek Bilboko Udalari eskatu zioten emakume antifaxisten omenez plaka bat jartzeko; gobernuak ezetz erantzun zien. Urte bat beranduago, 2020an, Eusko Jaurlaritzak, Gogora institutuaren bitartez, omenaldia egin zion elkarteari, hitzaldi eta erakusketa baten bidez, behin- behineko omenaldia, beraz, elkarte memorialistek proposatzen zuten behin betiko omenaldia baztertuz.

Pasa den irailaren 27an, faxistak Bilbo bonbardatzen hasi eta 87 urte beranduago, Memoria Historikoaren Legea aprobatu da Eusko Legebiltzarrean. Honen bidez, besteak beste, frankismoaren biktimen errekonozimendua eta erreparazioa bermatuko omen da. Modu berean, desobiratzeak ere sustatuko dira, hildakoen gorpuak euren familiei bueltatzeko helburuarekin. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, 2016ko otsaileko osoko bilkuran Bilboko Udalbatzak aho batez onartu zuela Artxanda mendian dagoen hobi komunean indusketa lanak egiten hastea, hiria frankistengatik defendatu zuten gudari eta milizianoen gorpuak berreskuratu eta euren familiei bueltatzeko. Egun, oraindik ez dira indusketa lanak hasi, eta badirudi ez direla hasiko.

Bitartean, instituzioek legeak eztabaidatu, akordioak martxan jarri eta omenaldi efimeroak antolatzen dituzten bitartean, denborak aurrera egiten du, eta gure hirian orain dela 87 urte beldurra hedatu zen moduan, oroimenaren galera hedatzeko arriskuan gaude. Ez dezagun ahaztu izan zirelako gaur garela eta bagarela.