Hiriburutik kanpoko loraldia

Hiriburutik kanpoko loraldia

Amaia Igartua Aristondo

Tradizioan bermatutako ikuskizuna da Aukeran dantza konpainiaren Aiurri, mugimenduaz mintzo den dantza emanaldi bat, gorputz bat lekuz aldatu eta toki berri horretan gorputza berriro aurkitzea duena hizpide. Eta tradizioan bermatuta dago, orobat, Loraldia jaialdia ere, euskal kulturaren molde eta iturri askotarikoak uztartu eta fusionatzen dituen festibala. Bilbon egiten da, baina, dantzariek bezala, mugi daiteke lekuz, eta errotu liteke lur berrietan. Iaz, Loraldia Plazarik Plaza zikloa antolatu zuten Zaratamon eta Arrigorriagan, eta bigarren aldiz egingo dute aurten, igandera bitartean. Bost emanaldi egongo dira; tartean, Aukeran dantza konpainiaren Aiurri.

“Iaz, programa arrakasta handiz garatu genuen, eta pozik bukatu genuen”, adierazi zuen Amaia Ozerin jaialdiko komunikazio arduradunak joan den asteazkenean, Arrigorriagako udaletxean egindako prentsaurrekoan. Nabarmendu zuenez, Loraldia Bilbotik kanpo eramatea ez da bakarrik proposamen kultural jakin batzuk beste leku batean erakusteko aukera; bada, era berean, jaialdiaren “helburuak eta balioak” helarazteko modu bat ere. “Bada herri horretako sortzaileekin bat egiteko aukera; diziplina artekotasuna erakustekoa; euskal sortzaile eta proiektu berritzaileenak plazaratzekoa eta hiri handietatik beste herri batzuetara hurbiltzekoa; hausnarketarako aukera ere bada, herritar kritikoak sortzeko, gaiak unibertsalak baina leku-lekukoak baitira”. Eta bada plaza urrunago eduki duten egileei bultzada emateko proiektu bat, emakumeak eta sortzaile gazteak ere programazioan sartzen baitituzte. “Batzuentzat, beren lehen aldia izaten da publikoaren aurrean”. Artistei elkarrekin behar egiteko abagunea ematen diete, halaber.

“Euskaraz egindako kultura aurkezten dugu zerbait berritzailea eta modernoa bezala, munduari beste kultura batzuen maila berean begiratzen diona. Kultura txikia gara, baina handia”. Hori dena batzen du Loraldia festibalak, eta horren lagin bat izango dute ikusgai Zaratamon eta Arrigorriagan.

Joan den astean abiatu zuten festibala, Zaratamon, Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere eta Osterabe taldea elkartu zituen ikuskizun batekin: Bozak. Arrigorriagara lekualdatuko dira orain: hain justu ere, Aiurri emanaldia antolatu dute gaurko, Abusu zentro soziokulturalean, 18:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da. Xabi Aburruzaga trikitilariaren musikak girotuko du ikuskizuna. “Proposamen freskoa da, dibertigarria, eta oso-oso aproposa euskalduna ez den jendea erakartzeko”, Ozerinen arabera.

Frankestein agurgarria

Ekoizpen propio batzuk

Memoria hauspotuko dute gaur, era berean, diziplinen arteko nahasketarekin. Mira hadi. Eulalia Abaitua andre begietan lanean, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak txirikordatuko dituzte Bizkaiko argazkilari aitzindaria oroitzeko eta omentzeko. Lide Hernando Liher taldeko musikariak eta Maria Urzelai aktoreak mamituko dute Abaitua, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, eta Patxo Telleriaren gidoiaren laguntzaz. Alphaxena izango da arte bisuala.

Abaituaren bizitza azalduko dute Mira hadi-n, eta egungo gaien inguruko hausnarketak ere hauspotuko dituzte artistek. “Abaituak argazkilaritza ekarri zuen Euskal Herrira”, Ozerinen berbetan. “Liverpoolen [Erresuma Batua] jaso zuen formakuntza, eta han ikasi zuen argazkilaritza; han esperimentatu zuen, eta esperimentazioa Bilbora ekarri zuen”. Komunikazio arduradunaren irudiko, Abaituari esker gordetzen da garai hartako Euskal Herriko memoria fotografikoa, eta haren irudiek azaltzen dute nolakoak ziren orduko landa eta hiri giroak. “Figura hori gaur egunera ekarri nahi genuen, eta berreskuratu haren legatua eta bizitza”. Ikuskizun “berritzaile” horretan garai hartako musika berrinterpretatuko dute, baita Abaituaren argazkiak ere. Lonbo aretoan ikusiko da, gaur: 11:00etan, ikasleentzako saio bat egingo dute, eta 20:00etan, beste emanaldi bat, bigarrena.

Bertsoak ditu oinarrian Igor Elortza bertsolariaren eta Rafa Rueda musikariaren Anonyme Popular lanak. Izenburuak iradokitzen duenez, anonimotasunarekin jolasten dira ikuskizunean. Bere larrutik ariko da Elortza, baina baita beste edonorenetik ere, hainbat gairi heltzeko: norbanakoa eta jendea izango dituzte hizpide, maitasuna eta desira, gizonak, feminismoa; eta euskaldunen iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz ere mintzatuko dira. Ruedak landutako rapak, trapak, popak, funkyak eta munduko beste hainbat erritmok lagunduko dute Elortzaren ahotsa. Bihar igoko dira Arrigorriagako Lonbo aretoko oholtzara, 20:00etan.

Etzi ere musika egongo da. 12:30etik aurrera, Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea gelan izango dira Ana Galarraga zientzialari eta dibulgatzailea eta Petti musikaria, Franskestein agurgarria ikuskizuna antzezten. Gutun baten irakurketa performatiboa da: Galarragak idatzi du, eta Viktor Frankenstein zientzialariari zuzenduta dago; Mary Shelleyren Franskenstein eleberriko protagonistari, hain zuzen, zeinak jainkoen pare jarri, eta munstro bat sortu baitzuen, gizakia beharrean —1818an argitaratu zen nobela, eta euskarazko bertsioa dago: Iñigo Errastik itzuli zuen, eta Ereinek eta Igelak publikatu zuten 2013an, Literatura Unibertsala bilduman—.

Eulalia_Abaitua

Dastaketa, azkenik

Shelleyren istorioari tiraka, zientziaren mugaz solastatuko da Galarraga, etikaz, ondorioen arduraz, erruez eta damuez, baita Shellyren aitortza ukatuaz ere. Uztartuko dira testu klasikoa eta garaikideagoak, literatura eta saiakera feminista; Virginie Despentesen pentsamendua aitatuko da, esaterako. Galarragak testua errezitatuko du, eta Pettiren ahotsak eta musikak girotuko dute irakurraldia.

Frankenstein agurgarria-ren ostean, jan-edanarekin agurtuko dute Loraldia Plazarik Plaza. Mikel Garaizabalek —”Euskal Herrian gaur egun dagoen sommelierrik handienetako bat”, Ozerinen hitzetan—, txakolin dastaketa bat gidatuko du, eta bi gazta ere dastatuko dira. 13:30ean izango da, Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea gelan. “Saio didaktiko bat izango da, baina dibertigarria”, komunikazio arduradunaren esanetan.

Artistak batzeaz gain, ekoizpenak bultzatzen ere egiten du behar Loraldiak, jardueretako batzuk produkzio propioak baitira. Aurten, halakoak dira Mira-hadi eta Zaratamon egin zuten Bozak saioa. Orain dela hiruzpalau urte, Imanol Jazz programatu zuten Bilbon, eta Arrigorriagara eraman zuten iaz; iazko bermut dastaketa ere eurek ekoitzi zuten; eta, Bilbon, Gerorik Balego ikuskizuna antolatzen dute, jaialdia itxi ohi duena. “Musika fusionatzen dugu literaturarekin eta bertsolaritzarekin. Idazle bati proposatzen diogu testu bat idazteko etorkizunaz, nahi duen estiloan, eta musikari bat aukeratzeko, testua interpretatzen lagunduko diona”. Iazko martxoan, Alaine Agirre idazlea eta Olatz Salvador musikaria aritu ziren lan horretan, Bilbon. “Ez da aukerarik egoten beste leku batean ostera ere egiteko, baina iaz berriro elkartu genituen, Arrigorriagara ekartzeko”. Bertokoak izan ziren bertsolariak, gainera: Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria.