Ibai Maruri Bilbao
Bermeoko alde zaharra inguratzen zuen hiribilduko harresiak —XIV. mendean eraiki zuten—. Talako Andra Mari elizan hasten zen: tenpluaren hormak ziren abiapuntua. Handik, Sanjuanportalerantz jarraitzen zuen; hura da zazpi ateetatik geratzen den bakarra. Arresi kaleari jarraituz, Nekazari kalearekin gurutzatzen den lekuan zegoen hurrengo ataria: Behiportale. Arresi kalea jarraituta, Santabarbaraportale zen hirugarrena. Erremedioko kalearen hasieran zegoen Erremedioportale edo kartzela zaharrarena. Bittor Uriarte Bermeoko historialariak azaldu duenez, sarrera nagusia zen, eta han zegoen hiribilduko kartzela. Gaur egungo Sanfrantziskoportalen zegoen Errementariportale. Azken ate biak, egun Lamerako parkea den inguruan: San Migelgo eskaileretan—Sanmigelportale— eta hego-ekialdeko muturrean —Errenteriaportale, burdinaren zerga ordaintzen zen lekua—. Ekialdean, itsas gaineko amildegiak egiten zuen harresi lana.
Oraintsu, alde zaharreko kale bateko obretan harresiaren aztarnak agertu ziren, eta erabaki zuten ezagutzera ematea. Zazpi ateak egondako lekuetan informazio panelak ipini dituzte, eta argibide liburuxka bat ere argitaratu dute. Uriartek hartu du parte haiek osatzeko prozesuan. “Hainbat mendetan eragin zuzena izan du hiribilduko eguneroko bizimoduan, eta ez dugu ahaztu behar, nahiz eta gaur egun haren aztarna gutxi geratzen zaizkigun”.
Hain zuzen ere, XIV. mendetik XIX.era bitartean izan du Bermeok harresia. “1334an, Gaztelugatxe setiatzen ari zenean, Gaztelako Alfontso XI.ak agindu zuen harresia eraikitzeko. Hark finantzatu zuen: bost urtean, 2.000 marabedi, urteko. Badakigu 1353an oraindik bukatzeko zegoela, On Tello Bizkaiko jaunak Bizkaiko jaun-andreek Bermeon zeukaten gotorlekuko harriak eman zituelako harresia bukatzeko. Handik gutxira amaitu zuten”, kontatu du abiapuntua Uriartek. Garai oparoa izan zen hura Bermeorentzat, artean Bizkaiko buru titulua zuelako; hau da, jaurerriko hiriburua izan zen 1602an Bilbo izendatu zuten arte.
Hainbat teoria daude gotorleku hori non egon zitekeen. Uste izan da Zarragoitin egon zitekeela, harresitik kanpo, baina azken indusketek baztertu egin dute hipotesia. Beste batzuen ustez, gaur egun Andra Mari eliza dagoen lekuan egon zen, hiribilduaren bihotzean. Uriartek beste teoria bat du: Santa Eufemia elizaren atzean, portu gainean dagoen Gaztelu izeneko penintsulan egon zitekeela, toponimiak berak hala adierazten duelako.
Bermeoko harresiak ohiko funtzioak betetzen zituen. Funtzio nagusia militarra zen; kanpoko erasoetatik babesten zuen; batez ere, bandoen arteko borroken sasoian. Zerga bilketarako ere funtsezkoa zela gogoratu du Uriartek: “Merkatariek harresiaren barruan egin behar izaten zituzten salerosketak, eta, horrela, errazagoa zen kontrolatzea eta zergapetzea”. Harresiz kanpoko suteetatik ere babesten zuen harresiak hiribildua, nahiz eta barruan ere pizten ziren. Legedien arteko muga ere bazen: “Harresiaren barruan bizi zirenak hiribilduko legeen arabera antolatzen ziren, eta kanpokoak, Bizkaiko foruaren arabera”.
Ateak eraisten
Uriarteren esanetan, XIX. mendera arte harresiak ez zuen mugatu hiribilduaren dinamika. Orduan hasi zen enbarazu egiten. Erremedio eta Sanfrantziskoportale Bilborako bide nagusiaren abiapuntuan zeuden, eta irteera zabalagoa behar zutelako eraitsi zituzten: San Migel eta Errenteria, porturako irteerak handitzeko. Santa Barbarakoa, kalea ilundu eta airea sartzea eragozten zuelako bota zuten.
Eraisten azkena Behiportale izan zen, XIX. mende bukaeran. “Baserri auzoetarako bidearen abiapuntua zen; ez zuen hainbeste enbarazu egiten”. Are gutxiago Sanjuanportalek, Gaztelugatxeko San Joan ermitara joateko bidearen hasiera zen eta. “Ez zen mugimendu handirik egongo, ez gurdiena, ez jendearena”. Uriarteren ustez, horrek salbatu du.
Badu berezitasun bat Sanjuanportalek: giza oinatz handi bat dauka lurrean. Tradizioaren arabera, San Joan bateatzaileak utzitakoa da: Bermeoko portuan lehorreratu ei zen, eta handik hiru pauso emanda ailegatu zen Gaztelugatxera. Bigarren oinatza, Itsasalde baserri inguruan dago, eta hirugarrena, Sanjuanoñatzeko galtzadan, Burgotik San Pelaiora jaisten den bidean.
Hori izan da ateen bilakaera. Harresia bera, ostera, etxe artean ezkutatuta dago oraindik, kanpotik zein barrutik, etxeak eraiki zizkioten eta. “Udalak errenta bat jasotzen zuen herriarena zen harresia etxeetako horma legez erabiltzeagatik”. Badira, beraz, etxean bertan XIV. mendeko harresia duten bermeotarrak.