“Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen”

“Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen”

Ibai Maruri Bilbao

1948ko irailaren 19an aireratu zen lehen hegazkina Bilboko aireportutik. Egun hartan inauguratu zen Sondikako terminala; 2000. urtean hartu zion lekukoa Loiukoak. “Abiadura handiko trena iristen ez den bitartean, Bilboko aireportua ezinbestekoa da, portua den legez. 75 urte hauetan aireportua hor izan ez bagenu, Bizkaiko ekonomia bestelakoa izango zen”, esan du Bilbao Airreko zuzendari Ines Zalbidek (Bilbo, 1967). Bilboko Merkataritza Ganberak eta erakunde publikoek elkarlanean eratutako erakundea da Bilbao Air, aireportua sustatzeko eta indartzeko.

2023a urte berezia da Loiuko aireportuarentzat, ezta? Eta ez bakarrik 75. urteurrenagatik; bidaiari eta hegaldi markak hausten ari da.

Ekainean, 600.000 bidaiariren langa gainditu genuen. Uztaila hilabete historikoa izan da Loiuko terminala ireki zenetik. Abuztuan, 665.000 bidaiari izan dira; 2022an baino %16 gehiago eta 2019an baino %17 gehiago. Hegaldiei dagokienez, nazionalak [Espainiako Estatukoak] %1,3 ugaritu dira. Nazioartekoetan izan da eztanda: %40-41 ugaritu dira. Hegaldien kopurua ere %12 handitu da, eta garrantzitsua da. Horrek esan nahi du aireportuak ondo funtzionatzen duela. Egongo dira hori zalantzan ipiniko duten erabiltzaileak, uda honetan arazoak izango zituztelako hegaldiekin edo maletekin. Beti dago zer hobetu, baina aireportua tentsionatuta egon da, eta oso ondo ibili da.

Zelan heldu dira emaitza horiek? Zer dago atzean?

Erakunde arteko lan indartsu baten fruitua dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren lidergopean hainbat lantalde dabiltza Bilbao Bizkaia Accion Group delakoan, konektibitate arloan lanean. Ez da azken orduko lana. Estrategia sendo, egituratu eta anbiziotsu bat dago.

Zer lortu nahi duzue?

Gure enpresei galdetzen diegu zer merkatutan sartu nahi duten, aireportuen arteko aire bideek laguntzen dieten. Sektorean espezializatutako azoketara joaten gara Bilbao Air, Eusko Jaurlaritza eta diputazioa. Nazioarteko estrategian Aenak ere parte hartzen du; aireportuko zuzendaria gure osoko bilkurako kidea da, eta hark azaltzen dizkigu sektorean dauden kezkak. Guk lobby lana egiten dugu. World Routes azoka mundu mailakoa da; urrian egingo da Istanbulen. Europa mailako azokara ere joaten gara. Profesionalentzat dira, eta han negoziatzen dira aire bideak. Leku batzuetarako lotura premiazkoagoa edo lortzeko errazagoa ikusten badugu, gehiago presionatzen dugu; beste batzuk luzera begira negoziatzen dira. Lehia handia dago. Gure ezaugarriak dituzten aireportuen artean, buruan gaude. Lortu dugu hainbat aireportu garrantzitsu gainditzea, Tenerife Norte, esaterako; Sevilla gainditzear gaude. Europa mailan, ardatz atlantikoan, Bilbo buruan dago.

Negoziatzeko, eskatu ez ezik, eskaini ere egin behar izaten da. Zuek zer eskaintzen duzue?

Gure lurraldea erakargarria dela erakusten diegu, baina ez hainbeste estetikoki: inbertitzeko lurralde ona dela erakusten diegu, emaitzak errentagarriak izango direlako. Pandemia aurreko egoerara itzuli gara, baina konpainia hauetako askok finantzak egokitzeko lanak egin dituzte. Askok zeukaten gihar ekonomikoa galdu dute; aurretik ez zeukatenak bidean desagertu dira. Egia da: gihar hori berreskuratzeko, haientzat Bizkaia ez da lekurik erakargarriena. Leku seguruen aldeko apustua egin dute: Mediterraneoa, aisialdia eta eguzkia bermatzen dutenak. Gurea gehiago da luzera begirako estrategia. Baina aitortu behar dut harrituta gaudela konpainiek gure aireportuaren inguruan duten interesagatik. Horregatik espero dugu urrian aire bide berriak lortzea azoketan.

Zertan da erakargarria Bizkaia aire konpainientzat?

Emaitzak dira lehentasuna, eta gaur egun interesgarriak gara haientzat. Lehen, ez ginen kinieletan agertu ere egiten. Garai batean, azoketan kosta egiten zitzaigun agenda bileraz betetzea; orain, dena betea izaten dugu, eta konpainia batzuekin biltzeko aukerarik gabe geratzen gara.

Zelakoak dira bidaiariak?

Aisialdiagatik edo negozioengatik bidaiatzen duten turistak bereizi behar dira. Ikusten ari gara aldaketa bat. Teknologia berriei esker, orain ez da hain beharrezkoa bidaiatzea negozioak egiteko, baina, harrigarria bada ere, negozio bidaietan hazten ari gara. Horiek dira lortu nahi ditugunak, Bizkaiko enpresei interesatzen zaizkienak direlako. Egia da lehentasuna aisialdiagatik datorren bidaiaria dela, baina itxaropentsu gaude besteen bilakaeragatik.

Zelan banatzen dira urtean?

Badago urtaroari oso lotuta dagoen bidaiari mota bat, eta badaude aire bideak udan baino eskaintzen ez direnak. Baina aisialdiari lotutako turismoa, oro har, urtean zehar hedatzen ari da; baita Bilbon ere. Lortu behar duguna da urtaroari lotutakoak urte osora hedatzea, eta baita leku estrategikoetarako maiztasuna hobetzea ere.

Bilbon gero eta ugariagoak dira ekitaldi handiak, kongresuak… Horrek lagunduko dizue, ezta?

Tourra izan genuen uztailean, baina izan ditugu bestelako ekitaldiak ere, ez soilik Bilbon, baita inguruetan ere, eta aireportu nagusia izan gara topaketa horietarako. Elkarlan akordio txikiak sortu ditugu, aire bideen egiturarako oso interesgarriak direnak. Horietako bat da Ponta Delgadako aireportuarekin [Azoreak, Portugal] sortu duguna, eta horrek lotzen gaitu AEBekin —New York eta Chicago— eta Kanadarekin, arrazoizko prezioekin. Beste aldetik, Europara ere asko hedatu gara; esaterako, Rigako aire bideak Finlandiarekin lotu gaitu. Halakoak oso interesgarriak dira gure enpresentzat. Orain, autogintza sektorearentzat interesgarriak diren aire bideak negoziatzen ari gara; ea urrian lotzen ditugun.

Haien beharrak aldatzen dira?

Enpresa jarduera oso aldakorra da munduan. Berbarako, AEBetako Gobernuak onartu dituen pizgarriei esker, enpresa asko Txinatik AEBetara joan dira, eta horrek eragin nabarmena du aire bideetan. Horregatik izan dugu Porta Delgadarekin elkarlan hori lortzeko premia.

Amerikarekin lotura zuzena izatea lortuko al da?

Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen. Horretarako gabiltza lanean.

Zein da oztopo nagusia?

Logistikoa. Bilboko aireportuak egokitze fisiko bat behar du, hegaldi horiek errentagarri egiten dituzten hegazkinak hemen lurreratu ahal izateko. Irudimentsuak izaten ahalegintzen ari gara, eta beste aukera batzuen aldeko apustua egiten. Negoziatzen ari gara.

Zenbat gehiago haz daiteke aireportua bera?

Aukera txiki bat badago. Azpiegiturak egokitu behar dira; baliabideak behar ditu. Garrantzitsuena da lortutakoa egonkortzea. Aurten hamazortzi aire bide berri izan ditugu udan, eta ez dago gure neurriko beste aireporturik horrelakorik lortu duenik.

Negozio bidaiak zein norabidetan izaten dira?

Balantzak orekatuta egon behar du: aire konpainiarentzako errentagarri izateko, hegazkinak beteta joan eta etorri behar du. Guk, noski, inbertsioak kanpotik hona etortzea nahi dugu: hori da Merkataritza Ganbararen helburua. Baina kanpoan ere lan handia egiten dugu, han eskaintza erakargarria egoteko, hemendik hara ere bidaiatu nahi izateko.

Aireportua handitzeko lanetan dabiltza. Nahikoa da?

Gure bileretan txantxetan esan ohi dugu mendia kendu beharko genukeela pista berri bat eraikitzeko. Baina hori ezin da. Egin behar duguna da daukaguna ondo kudeatu eta optimizatu: horrekin haziko gara. Lurraldeak ere lagundu behar du. Zuk aireportu handi bat eraikitzen baduzu, baina gero hiria ez bada gai bidaiari bolumen horri erantzuteko, alferrik zabiltza: zerbitzuak eta baliabideak behar dira. Aire bide berriak lortzeko orduan, erantzun hori egoten da erakundeen aldetik testuingurua sortzeko.

Metroa, noizko?

Ez dakit, baina laster espero dut. Ezinbestekoa da. Bizkaibus asko erabiltzen da aireportura joateko, baina trena ezinbestekoa da. Garraio publikoko eskaintza ona behar da. Aireportuan dagoen lekua ezin dugu erabili autoak aparkatzeko. Garraio publikoaren erabilera sustatu behar da —besteak beste, iraunkorragoa delako—, eta horretarako metroa behar dugu.

Aire bidezko garraioa auzitan dago, erregai fosilen kontsumoagatik. Eragina izango du?

Merkataritza Ganbarak iraunkortasun taldea sortu du, sektoreko enpresekin aldaketa horien eragina neurtzeko. Aireportua bera ere Jaurlaritzarekin lanean ari da aireportuak lurraldean duen inpaktua neurtzeko, eta deskarbonizazioaren eragina ere neurtzen da. Iraunkortasuna ez da traba, aukera bat baizik.

Zelakoa da inguruko aireportuekin duzuen harremana?

Interesatzen zaigu aireportu horiek ere ondo ibiltzea. Haien emaitza onak gure lurraldeko ekonomiarentzat onak dira. Are gehiago: aire bideak lortzeko azoka horietan inguruko aireportu txikiak ere ordezkatzen ditugu, eta haien izenean negoziatzen dugu. Guk dena ezin dugu eskaini, eta komeni zaigu haiek eskaintzea guk eman ezin dugun hori.