Naroa Torralba Rodriguez
Artibai eta Urko ibaiak elkartzen diren tokian dago Arretxinagako San Migel ermita, Markina-Xemeinen. Done Jakue bidea ere bertatik pasatzen da. Ermitaren ondoan daude, zehazki, Xemeingo elizateko udaletxe zaharra eta probalekua, arraste harri eta guzti.
Etimologiari dagokionez, Arretxinaga-k harriaren kokalekua esan nahi du. Arri, harria; etzin, etzan aditzetik eratorritakoa, eta aga, atzizki lokatiboa. Interpretazio horrek deskribatuko luke baselizak duen fenomeno geologikoa, hain deigarria dena. Izan ere, harriak duen adierazpen geologiko horri prozesu hidrotermala deitzen zaio minerologian, eta duela 40 milioi urte inguru gertatu zen.
Baselizaren barruan dauden arroka handiek egiten dute deigarri tenplua. Elkarri eusten diote, haien azpian kapera txiki moduko bat osatuta. Erdian, San Migel goiaingeruaren irudia dago. Harriok hor nork eta nola jarri zituen galdetzen dute bisitari askok, baina misterio handirik ez du, geologoak bat datozelako: naturaren gutizia bat da. 40 milioi urte baino gehiagokoa, eta ezin hobeto azaltzen du zer testuinguru geologikotakoa den.
Markina-Xemeingo ermitaren jatorria Goi Erdi Aroan garatu zen korronte espiritualarekin lotuta dago. Behe Erdi Aroan —1355ean, hain zuzen—, Markina hiribildua sortu zen, eta Xemeingo eliza bertan behera geratu zen, eliztarrak beste esparru erlijioso batera joaten zirelako; agian, Arretxinagara. 1451n, Xemeingo elizateak Markinako hiribilduarekin izan zuen jurisdikzioari buruzko auzian, baina, ermita aipatzen da.
Dena den, 1541ean, baselizaren sorrera aspaldikoa zela aipatu zuen hura zaintzen zuen fraideak. 1626ko abuztuaren 17an, ospe handia hartu zuen San Migelen aldareak, uste baitzuten Arretxinagako santutegiak antz handia zuela Apuliako (Italia) Gargano mendiarekin, eta Apuliak San Migel goiaingeruarekin bazuen zerikusirik.
Gaur, San Migel eguna
1734an, Xemeingo elizateak baseliza berreraikitzea erabaki zuen, aurri arriskuarengatik, eta 1741ean inauguratu zuten berrituta. 1893an, teilatu orokor bat egin zioten, eta, urtebete geroago, Jose Astarloa arkitektoak kontserbaziorako obren aurrekontua egin zuen; irudiak zaharberritzeari lehentasuna eman zion. Hala, 1895ean irudiak eta aldareak pintatu zituen Ramon Ubera herritarrak. Geroztik, birmoldaketa lanak eta mantentze lanak egin dituzte.
Irailak 29 ditu gaur, eta San Migel eguna da. Gauerdian, herriko Zerutxu dantza taldeak Mahai Ganekoa izeneko dantza dantzatuko du.
Diotenez, ezkondu nahi duenak historiaurreko haitzek osatutako arku horren azpitik hiru aldiz igaro beharko du, harririk ukitu gabe. Hala eginez gero, urtebetean ezkongai izango da. Hori kontatzen du, bederen, inguruan ezagun den kondairak. Azken finean, Arretxinagakoa ohiz kanpoko eraikin kristaua da, ikusgarria. Bizkaiko ermitarik bitxienetako bat da.
Erlijioaren menpe
Markina-Xemeingo harri ikusgarriei horiei egotzi zizkien botereen inguruan eraiki zuten San Migeli eskainitako ermita kristaua. Gaur egungo tenplua oinplano hexagonalekoa da, XVIII. mendekoa da, hasieran eraikitakoaren ondorena.
XIX. mendearen hasierako aipu batzuek mirarizko bertuteak egozten dizkiete harrioi; besteak beste, bada esan duenik harriak ukitu eta gaixotasunak sendatu izan zaizkiola. Tradizioak eta horiei lotutako errituak oso ohikoak dira Euskal Herriko ermitetan, eta horregatik eman nahi izan zitzaion izaera sakratua eraketa geologiko bitxi horri. Eta babesteko eraiki zioten tenplua.
Historian zehar erlijio kristauak mirariei garrantzia eman die, eta San Migelgoa da horren erakusle. Baina badago ermitara joaten denik paseoan besterik gabe, inguruetako parajeetara joateko bideak zeharkatzen baitu.