Ez dute itzalik galdu gura

Ez dute itzalik galdu gura

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Udalak esan du gaixorik daudelako ari direla botatzen Deustu auzoko zumarrak. Baina, hainbat bizilagunen arabera, arrazoia beste bat da: “Arbola horiek duten mantenu gastua aurreztu gura dute, mantenu txikiagoa behar duten espezie txikiagoak landatuz”, esan du Stop Tala Deusto plataformako Silvia Rodrigok.

Marta Fernandezekin batera, arbola mozketa sare sozialetan salatzen hasi zen. Lehen mozketak iazko abenduan egin zituen udalak, Agirre Lehendakariaren etorbidean, Done Boskoren biribilgunearen inguruan. 28-30 arbola bota zituzten. “Herritarrok pentsatu genuen txarto egina zegoela, baina ez zutela gehiago zuhaitzik botako, eta horretan utzi genuen auzia”. Baina, aurten, ekainean, Deustuko udaltegiaren inguruko zumarrak botatzen hasi zen udala. “Han egiten dut lan, eta haserretu egin nintzen. Bideoen eta argazkien bidez sare sozialetan salatu nuen gertatzen ari zena. Change.org atarian ere sinadura bilketa abiatu nuen”. Dagoeneko 3.000 lagunen babesa lortu dute Internetez, eta baita Berdeak Equo, Ekologistak Martxan, Fridays for future, Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal erakundeena ere. Harrezkero elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte, plataformak deituta. Gero eta herritar gehiago batzen zaizkie. Orain, eguenero egiten dute protesta.

Atzo, gainera, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren eskutik, udalaren iraileko osoko bilkurara eroan zuten auzia. Besteak beste, udal gobernuari eskatu diote mozketak bertan behera utz ditzala. Izan ere, 128 zumarretatik 75-76 bota dituzte dagoeneko; gainontzekoak salbatzea da plataformakoen lehen helburua, premiazkoena, eta berehala lortu nahi dute. Horrez gainera, moztu dituzten zumarren ordez espezie autoktonoak landatzea nahi du plataformak. Izan ere, Bilboko Udalak astigar hirukoitzak landatu gura ditu hutsik geratu diren lekuetan. “Txinako eta Japoniako espezie bat da. Gehienez, sei edo zortzi metroko garaiera hartzen du. Ostera, zumarrek 30 metro izan ditzakete. Esan digute astigar hauek oso ondo egokitzen direla hemengo klimara”.

Udalak dio gaixorik daudelako bota dituela: hori esan die elkartekoei udal agintariekin izandako bilera informaletan —oraindik ez dute bilerarik lortu—, eta hala esan diote Bizkaiko Hitza-ri ere. Udal teknikariek egindako txosten bat erabili dute erabaki hori argudiatzeko. Rodrigoren esanetan, txostenak ez du esaten zumarrak gaixo daudenik. “Nik irakurri dut, eta hori ez da egia: txostenak dioena da datozen urteetan gaixotu daitezkeela”.

Inguruan dauden 128 zumarretatik bost aukeratu zituzten azterlanerako, Stop Tala Deusto plataformako kidearen arabera. “Bost zuhaitz haietatik bakar bat ere ez zegoen gaixo aztertu zutenean. Bakarra zegoen egoera txarrean, eta izan zen alboan hondakinen edukiontzi bat zuelako, su eman ziotelako, eta zuhaitza ere kaltetu zuelako suak”. Hark dioenez, mozketetan ikusi ahal izan dute zumarren enborrak “oso osasuntsu” daudela.

Zuhaitzen lege babesa

Arbolak babestuko dituen araudi bat ere eskatu dute, ziurtatzeko horrelakorik ez dela beste inon gertatuko. Eredu moduan, Madrilgo erkidegoak egindako legea ipini dute. Rodrigok ohartarazi du Bilbon arazoa ez dela soilik Deustukoa, Agirre Lehendakariaren etorbidekoa, hiri osokoa baizik. “Ikusten ari gara azken urteetan hirian zehar botatzen ari direla zuhaitz handiak, eta haien ordez txikiagoak landatzen dituztela. Udalaren helburu bakarra da mantenuan dirua aurreztea. Ipintzen dituzte gutxiago hazten diren espezieak, han uzten dituzte, eta, hilabete batzuetara handik pasatzean, ikusten duzu sikatu egin direla, inork ez dituelako mantendu”.

Rodrigok zehaztu du asmoa ez dela hainbeste tokiko arbola espezieak babestea, baizik eta dagoeneko handiak diren eta urte asko dituzten arbolak mantenduko direla bermatzea. Uste dute dagoeneko bota diren zuhaitzen ordez tokiko espezieak ipini behar direla, baina dagoeneko landatuta dauden arbola urtetsuak ere zaindu nahi dituzte, hiriari egiten dioten mesedeagatik.

Arbola handi horiek egiten duten itzala nabarmendu du, batez ere, Rodrigok. Klima aldaketak eragingo dituen beroaldiei aurre egiteko ezinbestekoak direla deritzo. Ostera, udalak landatzen dituen espezieek itzal txikiagoa egiten dute, eta kaleak eta etxebizitzak gutxiago babesten dituzte eguzkiaren irradiaziotik.