‘Auscultare’

Irudiaren gizartean bizi gara. Garrantzi handiagoa ematen diogu maisulan baten aurrean selfie bat egiteari, margoaz gozatzeari baino. Duela bi urte izan nintzen azkenengoz Parisko Louvre museoan, eta, bertako koadroek baino gehiago, jendeak harritu ninduen. Sakelako telefonoen prozesioak hartua zuen Gioconda-ren ingurunea. Margolanera hurbildu, autoargazkia egin eta hurrengoari txanda utzi. Delacroixek berak bere maisulanari izena aldatzeko modukoa: Sakelakoa, herriaren gidari. Pantailen nagusitasuna, baina, hirien egitura ere aldatzen ari da. Orain gutxi jakin dugu Sabadellen (Herrialde Katalanak) semaforo berriak instalatu dituztela lurrean, pantailei so dabiltzanen arreta eskuratu eta istripuak ekiditeko.

Pantailen garaipenaz idatzi du Iñigo Martinez Peña irakasle eta filosofoak bere azken liburuan. Ezaguna egingo zaizue. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea da; BERRIA egunkarikoa, esaterako. Aurreko astean Deustuko Berbaizu Euskara Elkarteak antolatzen duen Irakurlearen Txokora joan zen, bere liburuaz berba egiteko. Liburuak oso egitura polita du, begiradaren ertz guztietatik gaia jorratu nahian edo: goitik behera, behetik gora, barrura begira… Estatu askok baino botere handiagoa duten enpresa teknologikoez aritu ginen han bildutakoak, kapitalismo teknologikoaz eta baita hainbeste goraipatu dugun trantsizio digitalak dakarren kostu ekologikoaz ere.

Irudia arimaren ispilua bada, Googlek lapurtutako arimen erresuma sortu du. Arbasoen moduan, jainko berriari gure arimen ofrenda egin diogu eta gure burua guk baino hobeto ezagutzen duela dirudi. Irudiez soilik osatutako oroimena, baina, hankamotz dabil. Bizitza irudia ez ezik, usaimena eta ukimena ere badelako. Begiradaren totalitarismoaren kontrako mezua zabaldu zuen Iñigok Deustuko topaketan, arretaz entzuteko beharra aldarrikatuz. Hori da, hain zuzen ere, latinezko Auscultare berbaren esanahia: arretaz entzun.

Azken aste hauetan bi ezagunek aitortu didate Instagram kontua kendu dutela. Sare sozialetan bereziki aktiboak izan dira orain arte, baina akabo. Argazkiak igo eta besteen iritziaren zain, epaiaren zain zirela sentitzen zuten, eta ezin izan diote presioari aurre egin. Gure bizitzaren erakusleiho perfektua dirudi Instagramek: Denak pozik, denak zoriontsu. Errealitatea, ordea, bestelakoa da, sare soziala frustrazioen iturri bilakatu baita. Arazoaren jakitun, Kanadako Gobernuak duela lau urte publikazioen atsegin dut edo like mezuak zenbatzea debekatu zuen. Hilabete batzuetara, Instagramek neurria mundu osora zabaldu zuen. Zerua satelitez beteta eta lurra semaforoz josita dugun honetan, esanguratsua da horrelako neurriak hartu behar izatea. Alternatiba, aldiz, askoz sinpleagoa: albokoari arretaz entzutea.

Txikitatik izan dut gogoetak kantekin lotzeko ohitura, musika ere arretaz entzuteko bidea delako. Berri Txarrak taldeak maisuki laburtu zuten pantailen garaipena kanta baten letran: “Dirudizun bezain zoriontsua izan zaitezen opa dizut”.