Mikel Garcia Martikorena
Euskara geroz eta esparru gehiagotan egotea da Arratiako Errota fundazioaren eusGara zerbitzuaren egitekoa. Eremu sozioekonomikoan jartzen du arretagunea zerbitzuak, inguruko enpresetan euskararen erabilera sustatuz. Gaur zortzi Zeanuriko Zulaibar Lanbide Ikastegian Arratiako beste bederatzi enpresak zerbitzuarekin bat egiteko hitzarmena sinatu eta haien eragin eremuan euskara hauspotzeko konpromisoa hartu zuten. Horrela, jada 29 enpresa dira eusGararekin hitzarmena sinatu dutenak. Horri esker, Arratiako 2.000 langiletik gorak ziurtaturik dute lanean euskaraz egiteko aukera.
Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen ditu bere ekintzak aurrera eramateko. Izan ere, eusGarak bere komunitatearen parte diren enpresei doako hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie, egunerokotasunean euskararen erabilera ziurta dezaten: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru laguntzen kudeaketa eta trebakuntza saioak, besteak beste.
EusGara proiektuaren garrantzia azpimarratu du Isaac Amezaga Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak: “Euskara babestu, jagon eta balioetsi behar dugu hizkuntza babesteko”. Horregatik, “oso garrantzitsua” dela iruditzen zaio gizarteko eremu “guztietan” euskararen alde egiten duten eragileak izatea, hori baita “benetako gizarte elebiduna” lortzeko bidea: “Funtsezkoa da Arratiako eskualde euskaldunean eragileak egotea. Gainera, Errota izatea proiektuaren kudeatzailea ezin egokiagoa da, inork baino hobeto ezagutzen baitu eskualdeko sare sozioekonomikoa”.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, euskara sustatzeko nahia enpresengandik etortzea balioetsi du Zeanurin egindako agerraldian. Dobaranek esan du “erraza” izango litzatekeela euskararen aldeko dekretu bat egin eta “kaxoian gordeta” gelditzea. “EusGararekin hitzarmena sinatzeak, ordea, enpresek euskararen balio erantsia ikusten dutela erakusten du”, gaineratu du sailburuordeak.
Bide naturala
Euskararen aldeko hautuak egiteak, enpresen “lehiakortasunerako aldagaia” izateaz gain, “enpatia eta errespetua” erakusten duela uste du Dobaranek: “Euskaraz egiteak kalitatea erakusten du, gure izaeran oinarritutako enpresa dela baieztatuta”. Gune euskaldunetan hornitzaileak, langileak eta bezeroak “zaintzeko” era da. Izan ere, azken urteetan enpresa mundura salto egin duten gazteak eleaniztunak dira, eta, Dobaranen iritziz, “drama” bat da enpresan euskaraz egiteko aukerarik ez izatea, “batez ere, hezkuntza euskalduntzeko egin den esfortzua kontuan izanik”.
Hezkuntzaren eta lan munduaren arteko euskarazko ibilbide “naturala” izan du hizpide Euskara foru zuzendari nagusiak ere: “Pena da heziketa osoa euskaraz egitea eta lan mundura salto egiteko orduan jarraipen naturalik ez egotea”. Baina Amezagak Zeanurin azaldu du lan mundua sare “zabal eta konplexua” dela; hortaz, euskara enpresa guztietan txertatzea “zaila” izan daitekeela. Hala ere, baieztatu du egunerokotasuneko erronka gehienei erantzuteko balio duen hizkuntza dela enpresa gehienentzat. Beraz, Arratiako zein lurralde osoko enpresak euskararen aldeko hitzarmenak sinatzera gonbidatu ditu.
Harago doa Dobaran, eta enpresetan euskaraz egiteko “beharraz” mintzatu da: “Azken egunotan Europako Batasunean euskara egiteko aldarria dugu, baina gure enpresetan euskaraz lan egiteko aukera izatea nahitaezkoa da euskararen bizirautea ziurtatzeko”.
Zaintzak euskaldundu
Gazteak garrantzitsuak dira eusGararen proiektuan, baita nagusiak ere. Euskal Herriko enpresa sarearen errealitatea kontuan hartuta, zerbitzua darabilten guztiak ez dira industriaren eremukoak; zerbitzueen arloko hainbat enpresa daude. Aurtengo kide berriek garrantzi berezia dute eusGarako ordezkarientzat. Izan ere, Arratiako zaintzaren sektore osoak bat egin baitu euskararen erabilera areagotzeko konpromisoarekin: Arratia, Piedade Ondo eta Jandoniz egoitzak.
Hiru egoitza horietako zuzendaritzek hiru konpromiso hartu dituzte eusGararekin bat egiteko hitzarmena sinatzeaz batera: ikasle euskaldunen praktikak euskaraz izateko bidea zabaltzea, erabiltzaileen zein familien hizkuntza hautuak kontuan hartzea eta langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea.