M. Garcia Martikorena
Gazteen artean STI sexu transmisio bidezko infekzioen gorakadak auzitan jarri du gaur egungo nerabeek jasotzen duten sexu heziketa. Eskoletan sexologia tailerrak eskaintzen dituzte, baina horiek ez dira nahikoa Arrate San Nikolas sexologoarentzat (Mungia, 1998). Albora-Bide sexologian berezitutako Bilboko psikologia zentroarekin elkarlanean ibili ohi da; sexu heziketa edota autostimu tailerretan, besteak beste. San Nikolasek uste du sexu heziketa “norberaren burua eta besteena ulertzeko tresna” izan behar dela.
STI sexu transmisio bidezko infekzioek gora egin dute. Batez ere, kezkagarria da 15-24 urte artekoen kasua, lautik bat haiena baita. Zure ustez, zer dago horren atzean?
Hainbat arrazoi daude nerabeak eta gazteak sexu transmisiozko infekzioekiko bereziki zaurgarriak direla baieztatzeko. Hasteko, adin horretan hasten gara norberaren sexualitatea garatzen eta lehen harreman sexualak izaten. Harreman horietan —azken urteetan lehen baino gehiago— ez dute preserbatiborik erabiltzen, gizartean kondoiarekin gutxiago gozatzen den ideia barneratuta dagoelako. Bigarrenik, jai giroan izaten dituzte harremanak, bikote ugarirekin. Harreman horiek alkoholaren zein beste drogen eraginpean gertatzen dira, eta arriskutsu bilakatzen dira. Azkenik, teknologia berriak daude. Sare sozialen ondorioz, sexu harremanak izateko bikoteak topatzeko aukera erraztu egin da. Horri, pornografia kontsumoa gehitu behar zaio.
STIak jorratzen dira gazteekin?
Erdizka lantzen dira. Sexu heziketa tailerretan STIek garrantzia dute, baina hiruzpalau gaixotasunetan jartzen da arreta; hiesean, adibidez. Horiek baino arruntagoak diren beste infekzio batzuk daude; giza papilomaren birusa edo herpes genitala, esaterako. Egunero munduan milioi bat pertsona inguruk hartzen du STIren bat, eta gehienak asintomatikoak dira. Horien inguruko informaziorik ez diete gazteei helarazten.
Gazteek nola ulertzen dute sexua?
Gazteei sexu hitza aipatzean, burura etortzen zaien lehen ideia penetrazioa da. Pornografiarekin oso lotuta dago hori. Pornografiak sexuaren inguruan eratzen duen irudia oso kaltegarria da, gazteek eredutzat hartzen baitute. Gainera, harreman zisheteroak dira. Horrek guztiak eragiten du sexua identitatea berrestearekin, autoestimua hobetzearekin eta nagusiago sentitzearekin lotzea. Sexua helduen munduarekin lotzen dute, eta haren bila hasten dira, benetan sexu harremanen atzean zer dagoen ondo ulertu gabe.
Nolakoa izan beharko litzateke sexu hezkuntza osasuntsu bat?
Sexu heziketa nerabeen eta gazteen errealitatera moldatu behar da. Egon badago, baina urte askoan ez da aldatu; gauza bera edo antzekoa eskaintzen da. Gizartearen aldaketei egokitu beharra dago. Zoritxarrez, ez zaie kalitatezko sexu hezkuntza bat eskaintzen, ez direlako sexualitatearen alderdi psikologikoak, fisikoak, sozialak eta emozionalak lantzen. Ondorioz, haiek bakarrik egin behar diete aurre presio sozialei eta itxaropen faltsuei.
Zer tresna irakatsi beharko lirateke erronka horiei aurre egiteko?
Hasteko, konturatu behar gara tresna horiek ezin direla soilik eskolatik etorri, denok lagundu behar dugu sexu hezkuntzan. Irakasleek sexu heziketan oinarri bat izan behar dute, baina funtsezkoa da familian sexu harremanen inguruan hitz egitea. Komunikazioa tresna oso garrantzitsua da honetan, gazteek dituzten beldurrak lasaitasunez azaldu ahal izateko. Harremanen inguruko elkarrizketa sakona zabaldu behar dugu gaur egun oraindik ditugun tabuak ezabatzeko. Pornografiari dagokionez, esaterako, sexologook konturatu gara oso eskasa dela gazteek harekin ikasten dutena. Bestelako tresnak eskaini behar zaizkie, errealitatetik askoz gertuago dauden tresnak.
Hezkuntzan nola jorratzen dira harreman sexualak?
Eskoletan sexu heziketa irakasten da, baina beti lotu izan da heterosexualitatearekin. Programak ez dira integralak, ezta inklusiboak ere. Ez dituzte identitate eta orientazio guztiak aintzat hartzen. Informatu baino gehiago, desinformatu egin dezakete. Horretaz gain, erlijio sinesmenek eta politika kontserbadoreek eragin dute sexu formakuntza ez egotea ondo ikusia. Edukian zein ikuspegian, ideia oso mugatuak plazaratzen dizkiete gazteei.
Jendeak ba al daki zer arrisku dauden babesik gabeko sexu harremanak izateagatik?
Badakite gaixotasunak egon daitezkeela, baina egia da gehiengoak soilik penetrazioan pentsatzen duela. Gainera, bikotekidearekin urte luzez harreman bat izan dutenek preserbatiboa erabiltzeari uzten diote askotan, eta hori oso arriskutsua izan daiteke. Posible izan daiteke STIrik ez dugula pentsatzea eta asintomatikoak izatea. Bestalde, konfiantzazko eremu batean gaudela uste dezakegu, eta benetan ez izatea horrela. Sexu harreman bat dugun bakoitzean preserbatiboa erabiltzea da egokiena, antisorgailurik eraginkorrena delako.