A. Igartua Aristondo
Getxoko Komiki Azokak Ana Mirallesen (Madril, 1959) berrogei urte pasatxoko ibilbidea omenduko du gaur. “Asebetegarria da komikiaren munduak ni aitortzea; zentzua ematen dio lanari”.
Noiz piztu zitzaizun komikiaren inguruko interesa?
Zaila da data bat jartzea. Gurasoek komikiak irakurtzen zituzten, eta, agian, irakurtzen ere ez nuen jakingo nik bat hartu nuenean. Arte Ederren gradua egin nuen pinturan pentsatzen, eta bukatzean, aukerak ikusita, komikira jo nuen.
Aurretik iruditzen zitzaizun ofizioa izan zitekeela?
Zerbait asko gustatzen zaizunean, hasieran ez duzu uste horrekin dirua irabaziko duzunik. Nire garaian, ez zegoen komiki eskolarik, eta profesional askori galdetu behar izan nien nola funtzionatzen zuen mundu hark.
Gidoilariekin lan egin duzu sarritan. Zer tarte daukazu sorkuntzarako?
Gidoilariaren arabera, askatasun handiagoa daukazu. Nik Emilio Ruizekin izan dut askatasunik handiena, sorkuntzan eta kontzeptuan parte hartzeko aukera. Ideia gidoilariaren kontua da, baina nik berregiteko eta interpretatzeko tartea daukat.
Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?
Oso gustuko dut existitzen ez diren gauzak berregitea; garai baten inguruan dokumentatzea eta transmititzea… Geure burua ikertzeko modu bat ere bada. Esan izan dute alde historikoa, erotikoa eta lerro argia uztartzen ditudala. Hori badago, eta gauza gehiago ere egongo dira.
Emakume asko pintatu izan dituzu. Islatzeko moduaren inguruko kezka daukazu?
Bai, noski. Gidoia ez bazait egokia iruditzen, gidoilariarekin gatazka zuzena eduki beharrean —behin egin nuen, eta ez zen ondo atera—, saiatzen naiz marrazkiarekin beste zerbait transmititzen, lengoaia paralelo bat sortzen. Nik beti marraztu izan ditut andre indartsuak; batzuetan, pertsonaien jarrera eta gorputz lengoaia ez datoz bat gidoiarekin.