Udako azkeneko olatua, kulturaz eta aisialdiz leporaino

Udako azkeneko olatua, kulturaz eta aisialdiz leporaino

Naroa Torralba Rodriguez

Uda amaitzear dela hasiko da aurtengo Sopela Kosta Fest. Hamargarren urtez segidan, natura, kirola eta musika batuko dituzten hainbat jarduera izango dira Sopelan. Hiru egun izango ditu jaialdiak, gaur hasi eta domekara bitarte; besteak beste, burdin hesia eta eraztun berdea ezagutzeko ibilbide geoturistikoak egin ahalko dira, hainbat tailer izango dira eskuragarri gazteenentzat, baita surf txapelketak eta beste zenbait kirol ikastaro ere. Stay Homas, O’Funkillo, Olaia Inziarte, Ezpalak, Ibil Bedi, Cecilia Payne, Pasadena, Rudiger eta Lorelei Green musika taldeen doako kontzertuak ere egongo dira, Udaletxeko plazan.

Jaialdiaren izenak dioen legez, nabarmentzekoa da itsasaldeak inguruari egiten dion ekarpena, eta, horren jakitun, surfa eta irristatze kirolak izango dira ardatzetako bat, Arriatara eta Atxabiribil hondartzetan. Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko beteranoen txapelketa antolatu dituzte, esaterako. Horrekin batera, III. Waveski irekia eta VI. Kayaksurf Kopa egingo dituzte, Barinatxeko hondartzan. Lehorrerako ere izango da eskaintzarik: skate txapelketa, haurrentzako sorospen tailerra eta Peñatxuri surf eskolak antolatutako surf egokituko ikastaroa.

Aitziber Onaindia Sopelako Kultura zinegotziaren hitzetan, “uda agurtzeko azken traka” izango da Kosta Fest: “Gezurra badirudi ere, jada hamargarren edizioa ospatuko dugu aurten. Herrian egin du lekua. Uda agurtzeko aukera da, eta edonori irekia dagoen egitaraua osatzen aritu gara udala eta herriko zenbait elkarteren artean”. Jarduera batzuetarako izen ematea joan den asteazkenean amaitu zen arren, doakoak izango diren emankizun asko egongo direla nabarmendu du Onaindiak, eta herritarrei agertzeko deia egin die.

Ibilaldiak historian zehar

Bihar, osteratxo baten bidez, historia ezagutzea gogoko dutenentzako eguna izango da: bisita gidatua egingo dute Sopela eta Berangoko Burdin Hesiaren hondarretara. Hain zuzen, Urkoko urmaeletatik abiatuko da ibilaldia, 09:30ean. 36ko gerran eraikitako defentsak ikusteaz gain, zenbaitentzat ezkutuan dauden Uribe Kostako leku “zirraragarriak” ikusteko parada egongo da.

11:00etatik 12:30era, Meteoritoaren Arrastoa bide geoturistiko gidatua egin ahalko dute 6 urtetik gorako lagunek. Sopelako labarretako pasealekuaren ondoan, Arriatera eta Atxabiribil hondartzen artean ibiliko dira. Duela 66 milioi urte, sedimentu geruza mehe bat pilatu zen han, meteoritoen talken eraginez.

Eraztun Berdea elkarteak, halaber, inguruari izena ematen dion zirkuituaren ezaugarriak eta kokapena ezagutzeko ibilaldia egingo du. Urkotik, Abarotik eta Munarritik igaroko da txangoa, eta, ondare historikoaz batera, kulturala eta arkeologikoa ere ezagutu ahalko dira, eta zenbait tokitako berroneratzea eta biodibertsitatea ikusiko dituzte.

Onaindiak aipatu du Kurtzio kultur etxean bi emanaldi izango direla bata bestearen segidan: “Surflarientzako sorospenak liburuaren aurkezpena egingo du Jon Ander Etxebarriak. Ondoren, George Greenough-en ikuskizun esperimental bat izango da: Echoes izena daramaten bost film labur ikusteko aukera egongo da”.

UMEENTZAKO_TAILERRAK

Surf eta irristatze kirolak ikusteaz gainera, jaialdiak duen alderdi “onenetako” batez mintzatu da zinegotzia: taldeen inplikazioaz. “Uste dut herriari ekarpen handia egiten diola bertako hainbeste elkarteren inplikazioak. Tokiko surf, irristaketa eta parapente eskolek %20ko beherapena eskainiko dute beren klase eta ikastaroetan asteburuan. Gainera, doako skate eta surf ikastaroak izango dira. Baita itsaslasterrei, itsasoko igeriketari, salbamendu teknikei, taldeko erreskateei, surfaren erreskateari, eguraldiaren iragarpenei eta abarri buruzko tailerrak ere”.

Kontzertuak doan

Musika eskaintzak sona handia hartu du azken urteetan. “Doako kontzertuak izango dira Udaletxeko plazan, gaur eta bihar, 20:00etatik 02:00ak arte. Gaur arratsaldean, Pasadena taldeak hasiko ditu kontzertuak. Ondoren, Cecilia Payne, Olaia Inziarte eta O’Funkillo arituko dira. Bihar, Lorelei Green hasiko da, arratsaldean. Rudiger taldeak segituko du, Ibil Bedik ondotik, eta Ezpalak eta Stay Homas taldeek amaituko dute egitaraua”.

Sopela Kosta Fest jaialdiaren programazioa osatzeko, bestelako hainbat jarduera antolatu dituzte. Adibidez, Herriko III. Argazki Lehiaketa antolatu du Sopela Photo elkarteak. Hiri kirolak probatu edota ikusiz gozatzeko tartea ere izango da, Kalistenia Parkour Slackline tailerrekin. Hondartzan hareazko eskulturak egiteko saio bat ere egongo da, eta baita Tai Ji eta ekialdeko beste zenbait praktika egiteko tartea ere. Gazteenek sormen tailerrak izango dituzte, eta nerabeek, scape room bat. Kale antzerkia ere egongo da larunbatean, Agurea, urpekaria eta itsasoa antzezlanarekin.

Denentzako toki segurua izan dadin lan egin dutela aipatu du Aitziber Onaindia Kultura zinegotziak: “Zabalpen mezuetan argi utzi nahi izan dugu ekintzen lekuak egokituta eta babestua egongo direla irisgarritasuna bermatzeko edozeini; eta esan gabe doa denentzako gune askea denez ez dela inolako erasorik onartuko, eta egongo balitz erantzuna izango dutela”.

kale antzerkia sopela kosta fest