Oinezkoen(tzako) hiri bat

Oinezkoen(tzako) hiri bat

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko Moyua plazatik Zabalburu plazara zazpiehun bat metro daude, eta bederatzi minutuan hel daiteke puntu batetik bestera, oinez; luzeagoa da ibilbidea Basurtuko ospitaletik Errekalde auzoko plazara, baina, hala ere, 22 minutuan egin daiteke; eta ordu erdi baino ez da behar Txurdinagako Europa parketik Abusuko Ibaieder parkera ailegatzeko. “Batzuetan, uste dugu gure hiriko toki esanguratsuak urrun daudela, eta hobe dela, motoz edo garraio publikoz joatea, eta ez oinez”, Ana Montalban Navas arkitekto eta Ciudades que Caminan (Oinez Dabiltzan Hiriak) erakundeko koordinatzaile teknikoaren esanetan. “Baina tokiak guk uste baino gertuago daude”. Oso agerikoa da hori Metrominutuetan: metroaren lineen mapen antzekoak dira, eta hiriko distantziak erakusten dituzte, horiek oinez zeharkatzeko behar den denborarekin batera. Bizkaian, Basaurik urratu zuen bidea, 2021ean; asteazkenean, Bilbokoa aurkeztu zuten.

Funtsean, publizitate tresna bat da Metrominutua, hiritarrak kontzientziatu eta oinez egitera animatzeko baliabidea, Montalbanek azaldu duenez —Ciudades que Caminan izan da Bilbokoan parte hartu duten eragileetako bat—. Zentro bat ezartzen da, eta, horrez gain, beste 24 puntu identifikatzen dira; Bilbokoaren kasuan, Moyua jo dute erdigunetzat, eta, puntu gehienak hirigunean dauden arren, auzoak ere aipatzen dira: kasu baterako, Artxanda, Errekalde, Abusu, Deustu eta Txurdinaga. Alabaina, zerk baldintzatzen ditu denbora eta distantzia horiek? Bilbori dagokionez, zer-nolako hiria da oinezkoentzat?

Dentsitatea: hamabost minutuko hiria

Montalbanen berbetan, Metrominutuaren oinarrian hamabost minutuko hiria-ren kontzeptua dago; alegia, hiriak aukera eman behar du eguneroko beharrak asetzeko ordu laurden bat baino gutxiago iraungo duten lekualdaketetan, eta, handia bada, garraio publikoak bide eman behar luke zerbitzuok denbora tarte horretan bete ahal izateko. Hainbat gako daude distantziok luzatzen dituztenak. Batetik, hiria sakabanatuta badago, autoa erabiltzea saihetsezina bihurtzen da, ez baitago dentsitate nahikorik garraio publikoa ipintzeko. Bestetik, joan den mendetik hirigintzan indartsuen dagoen paradigmari jarraituz, hirietan zonifikazioa aplikatzen da; hau da, zerbitzu bakoitzari —bizitza, lana, aisialdia, merkataritza…— gune jakin bat esleitzen zaio. Hori horrela, etengabe lekualdatzen ibili beharra dago.

Aldiz, hamabost minutuko hiriak dentsitatea du jomuga, baita erabileren —eta, hortaz, erabiltzaileen— aniztasuna ere. “Zerbitzuak auzoan baditugu, auzotik atera beharrik gabe molda gaitezke”, laburbildu du Montalbanek. Bilbori dagokionez, nahiz eta hiriak 300.000 biztanle baino gehiago eduki, konpaktua da, oro har, eta askotariko zerbitzuak uztartzen dira auzoetan, arkitektoaren arabera.

mikrominutu-Bilbo

Kalitatezko esparru publikoa

Hiriaren diseinuak ere badu eragina oinezkoengan. Montalbanek nabarmendu duenez, esparru publikoaren ardatza pertsonek izan behar dute, eta kontuan eduki behar da haren funtzioa ez dela soilik lekualdaketa, bestelako ekintzetarako ere balio behar duela: besteak beste, egoteko, sozializatzeko, jolasteko, terrazarik ez dutenek airea edo eguzkia hartzeko, edota etxegabeentzako. “Mugikortasuna, edozein izanda ere, ezin da egon esparru publikoaren gainetik, nahiz eta mugikortasun jasangarriagoa izan —auto elektrikoa, adibidez—”.

Aniztasun hori erdiesteko, “jendeak esparru publikoa erabili nahi izateko eta oinez ibili nahi izateko, kaleak erosoa eta atsegina izan behar du”. Adierazle “funtsezko” bat aipatu du arkitektoak: Espainiako Estatuan, “esparru publikoaren %70-75 autoei eskainita dago, hala zirkulazioan daudenei nola aparkatutakoei. Gainerako %25-30, beste funtzio guztiei”. Hiriek orekatuago egon beharko luketela uste du. “Banaketa anbiziotsuagoa izan liteke: %40 autoentzat, eta %60 gainontzeko funtzioentzat”.

Bilbon, kale batzuk eta ikastetxe batzuen ondoko kaminoak oinezkoentzat egiteko lanen ondorioz, esparru publikoaren kalitateak gora egin du azken urteetan, Montalbanen iritziz. Hala ere, badago zer hobetua; adibidez, kale batzuetan trafikoa mugatu daiteke. “1960ko azterketek balio dute gaur egunerako: hiri batek funtzionatzeko behar duen trafikoa haren kaleen %20an egon liteke. Bizikidetzako kaleak egon litezke, non trafikoa ez den ezabatuko, baizik eta mugatuko: adibidez, kargara eta deskargara, bizilagunetara…”.

Abiadura mantsoagoa, kale seguruagoak

Kaleak seguruagoak izateak ere laguntzen du oinezkoak ugaritzen. Bilbon, hiri osoan abiadura orduko 30 kilometrora mugatu izana nabarmendu du Montalbanek. “Trafikoa lasaiago doa; horrek bizitzak salbatzen ditu”. Gako bera aipatu du Xabier Sueskun Bilbon Oinez elkarteko kideak ere. “Trafikoa mantsotzen bada, jendea lasaiago ibiliko da, ez baitu hainbeste arrisku ikusiko. Eta, istripuak gertatzekotan, larritasuna asko apalduko da”.

Abiadura mugatzeak auto gutxiago egotea ere ekarri ohi du, Montalbanek azpimarratu duenez. “Beharrezkoa ez den trafikoa desagerrarazten du; eta, ezin badira hain azkar joan, batzuek nahiago dute ez erabili”. Ondorioz, kutsadura akustikoak ere behera egiten du, eta kaleak atseginagoak bilakatzen dira ibiltzeko, Sueskunen irudiko. “Zaratak estresa sortzen du”.

Autoek lehentasuna: semaforo gehiegi

Bilbon ibiltzen diren oinezkoentzako oztopo nagusiaz galdetuta, argi dauka Sueskunek: semaforoak. Distantziak nabarmen luzatzen dituzte, elkartekidearen irudiko. “Semaforo asko daude, eta ia ez dago oinezkoentzako pasabiderik edo zebra biderik. Gainera, itxaroteko bideak oso luzeak dira askotan”. Adibide bat jarri du: Areatzatik geltoki intermodalera, 20-25 semaforo egon litezke bidean, eta bakoitzean bizpahiru minutuz egon beharra dago zain. “Semaforoetako denborak laburtu beharko lirateke, eta zebra bideak egin, kotxeek itxaron dezaten. Leku batzuetan, nahiz eta galtzada oso laburra izan, semaforoa dago”.

Badaude adibide positiboak ere, dena den. “Semaforo oso on bat dago Plaza Biribilaren eta Abandoko geltokiaren artean: denbora asko uzten du oinezkoentzat, eta autoei minutu eskas bat ematen die. Oso atsegina da handik pasatzea; nabaritzen da ezberdintasuna”. Halakoek oinez ibiltzea erraztuko lukete, Sueskunen ustez.

Oztoporik gabeko kalea: oinezkoen sarea

Kaleak jarraitutasuna izan behar du, eta lotuta egon behar dute hiriguneak eta auzoek, oztoporik gabeko ibilbideetan. Hala uste du Sueskunek, eta hala uste dute, orobat, Bilbon oinezkoentzako sarea bultzatzen ari diren eragileek ere. Oinezkoentzako gero eta kale gehiago dago, bai, baina, puntu batzuetan, zati horiek ez daude elkarri konektatuta; hortaz, moztu egiten da bidea. Zerk eraginda? Besteak beste, eragileen azterketaren arabera, terrazen gehiegizko kopuruak; mugikortasun modu berriek espaloiak erabiltzeak —patinete elektrikoek, kasurako—; hiriko altzarien gabeziak —hala nola bankuak eta komun publikoak—…

Eta, era berean, baita espaloi estuek ere. Sueskunek azaldu duenez, San Ignazio auzotik Zazpikaleetara badago bidegorri bat eta oinezkoentzako bide bat, autorik eta semafororik gabe, esate baterako; eta, Atxuriko goiko partetik Abusura, badago oinezkoentzako bide bat, Los Caños pasealekua. Ordea, bi bideok ez daude lotuta. “Justu Atxuritik Zazpikaleetara, errepide bat dago, bederatzi metro zabal dena; espaloiek 1,25 metroko zabalera dute. Botila lepo bat da: jendea ezin da ibili”.

Halakoak konpontzeko gura dute oinezkoentzako sarean, oztoporik gabeko ibilbideak bermatzeko, dagoeneko dauden kaleak aprobetxatuta, eta esku hartze gutxi batzuk planteatuta. Proposamenak ondu dituzte, eta Bilboko Udalari aurkezteko asmoa dute urte bukaeran edo datorren urteko urtarrilean.