Markak

Non pasa den pertsona bat bizirik, han marka bat ageri da”. Bernardo Atxagaren hitzak dira Markak izeneko dokumentalean jasotakoak, Atxagaren izen bereko liburuan oinarritutakoa. Gernikako bonbardaketaren harira egindakoa da, Atxaga beraren, orduko lekukoen eta hura bizi zutenen loben testigantzekin. Tartean ikuskizun bat ere egin zuten, eta erabat liluratuta eta hunkituta atera nintzen bertatik. Memoriaren inguruko ariketa bat da, eta Gernikako bonbardaketak herrian eta ondorengoengan utzitako marken inguruko hausnarketa indibidual eta kolektiboa da.

Haren ostean, behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari bonbardaketa hark (eta inguruko herrietan gertatutakoak) zein eratako markak eta ondorioak utziko zituen gugan, gure amuma eta aititengan. Izan ere, herri oso bat suntsitu ostean, ankerkeriaz eta defendatzeko inongo aukerarik gabe, mundua ikusteko, bizitzeko, ulertzeko moduetan erabat eragingo zuen. Gainera, orduan gertatutakoaren inguruko kontakizuna manipulatu egin da, eta etxe gehienetan ez da izan elkarrizketarako gaia. Hainbat eragileren memoria ariketa kontzientearen ondorioz, gaur, zorionez, gertatutakoaren berri argiagoa dugu, bai orokorrean zer gertatu zen, baita norbanakoek zelan bizi izan zuten.

Egunotan berriro etorri zaizkit gogora orduan entzundakoak eta sentitutakoak, Urdaibain jarri nahi duten Guggenheimaren harira. Orduan ez bezala, egun, jakin badakigu (gutxi gorabehera bada ere) gure herriko agintariek zer egin gura duten; baina nik neuk, behintzat, ez dakit zer-nolako markak utziko dituen, eta apustu egingo nuke ideia hori bultzatzen dutenak ere epe laburrerako ikuspegiarekin ari direla, eskualdean ditugun beharrak aztertu barik eta aintzat hartu barik eskualdean bizi garen 40.000 biztanleok zer gura dugun.

Gertakizun biak ez dira konparagarriak bere horretan, baina iruditzen zait bonbardaketak utzi zituen marketatik eta ondorengo isiltasunetik badugula zer ikasi. 1937an gertatutakoa ezin dugu aldatu. Baina Guggenheim berriak eta hark dakarren guztia oraindik gauzatu gabe dago. Eskualde eta herri gisa zer-nolako etorkizuna gura dugu? Zelan irudikatzen dugu ondorengoei utzi gura diegun eremua, zein bizitzeko modu, zer-nolako harremana inguruarekin?

Gurean beldur gara etor daitekeen turismo —eta negozio— ereduak ez ote duen zanpatuko eta suntsituko ingurua, ez ote garen sartuko argazki-kameren klik-aren gurpilean, sare sozialetako leku ederren madarikazioan. Eta gure birloben birlobek ez ote duten memoria ariketa bat egin behar izango Urdaibai izan zenaz.

Oraindik badugu aukera, gure birloben birloben lekuan jarri eta gutxieneko adostasunarekin, informazio argiarekin eta epe luzeko ikuspegiarekin markak aurreikusteko. Gure etxean marka hori utzi nahi dugu eta gure etorkizunaren gainean erabaki.