Liburu “alternatiboen” azoka

Liburu “alternatiboen” azoka

Iraia Vieira Gil

Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azokak lekua eman nahi die askotariko kolektibo eta liburu denda alternatiboei, eta ezagutzera eman nahi ditu”. Labur azaldu du Amaia Nikolas Sare Antifaxistako kideak Portugaleteko azokaren helburu nagusia. “Gune ezberdin bat” sortzeko beharra izan dute. “Guretzako tokirik ez zegoen, adibidez, Durangoko Azokan”. Gai politikoak lantzen dituzten “material alternatiboak” eskaini nahi dizkiete irakurleei, eta horretarako aukera izango dute aurten ere Portugaleteko Merkatuan. Zehazki, gaur emango diote hasiera azokari, 17:00etan, eta igandera arte iraungo du. Bihar, 11:00etatik 20:30era egongo da zabalik; eta etzi, 11:00etatik 15:00etara.

Bosgarren azoka izango da, eta inoiz baino berrikuntza gehiago izango ditu aurten. “Zuzeneko musika egongo da, orain arte baino euskarazko liburu gehiago eskainiko ditugu, eta keinu hizkuntzaz egingo duten liburu aurkezpen bat ere izango dugu”, aurreratu du Nikolasek. Aurreko azoketan bezala, politikarekin edota memoria historikoarekin lotura zuzena duten edukiak eskuratu ahal izango ditu irakurleak.

Azokarako sarrera doakoa izango da, eta erosi ahalko dituzten material askok “ohiko liburu dendetan baino prezio merkeagoak” izango dituzte. “Gure helburua inoiz ez da izan dirua irabaztea; irakurleei beste irakurketa batzuk badirela baino ez diegu erakutsi nahi”, azpimarratu du Nikolasek. Horren harira, oroitarazi du lehen eskukoak izango direla bertan salduko dituzten liburu eta objektu gehienak. “Liburu denda alternatiboei” ikusgaitasuna ematea da, hain zuzen, azoka antifaxistaren beste helburuetako bat.

Sare Antifaxista da Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azokaren antolatzaile nagusia, baina elkarlanean aritu da beste “kolektibo autogestionatu” batzuekin. Zenbait adibide aipatzearren: DDT Banaketak eta Katakrak Liburuak; CNT Ateneo Lagun (FAL) sindikatua; Mujeres Libres, Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen Sarea eta Argitan talde feministak; Sastraka gaztetxea; eta Ezkerraldea Antifaxista, Herri Ekimena eta Espetxeen Aurkako Elkartasuna mugimenduak. “Elkarlana ezinbestekoa da horrelako ekintzak gauzatzeko, eta hori transmititu nahi dugu”, aitortu du Nikolasek.

Euskaraz aurkezpenak

Lau liburu aurkeztuko dituzte guztira, eta, lehen aldiz, euskaraz egingo dituzte aurkezpen gehienak. Salbuespen batekin: Leoelim izeneko autorearen El Chico De La Calle liburua (2020) gazteleraz eta keinu hizkuntzaz aurkeztuko dute. Ostiralean egingo dute liburu horren solasaldia, irekiera ekitaldia amaitu eta ordubete geroago.

Mi Jugoslavia: Tan Incomprendida izango da aurkeztuko duten hurrengo liburua (2020). Koldo Tellitu Mejia Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia da liburuaren egilea, eta Jugoslavia zenak izan zuen nazioarteko garrantzia ekarri nahi du gogora idazlanak. Larunbatean izango da aurkezpena, 12:00etan.

Tellituren liburua aurkeztu ostean, 13:00etan, solasaldi itxura hartuko duen aurkezpen bikoitza egongo da Portugaleteko azokan: Euskal Herriko Bilgune Feministaren Araka Ditzagun Gure Bazterrak (2022) eta Ibai Atutxa Ordeñanaren Barbaroak eta Zibilizatuak (2022) liburuak izango dituzte hizpide.

Araka Ditzagun Gure Bazterrak lanari dagokionez, “Mendebaldeko herritarrek duten botere posizioaren” inguruan hausnartzeko bidea ireki nahi diote irakurleari. Barbaroak eta Zibilizatuak lanak, berriz, “Euskal Herriko iruditeria basatia” aztertuko du. “Praktika marxisten, transfeministen eta dekolonialen pentsamoldeak” bere egingo ditu Atutxaren obrak, eta “euskarak eta euskaldunek bizitako zapalkuntzaren” inguruan pentsarazi nahi diote irakurleari.

“Musika konprometitua”

Zuzeneko musikaz ere gozatu ahal izango dute azokara joaten direnek. Nikolas Sare Antifaxistako kideak azaldu duenez, musikariak aukeratzeko bi irizpide hartu dituzte kontuan: “Azoka Ezkerraldean antolatu dugunez, Ezkerraldeko taldeak gonbidatu ditugu, Ezkerraldearekin eta Euskal Herriarekin konprometituta daudenak”. Haien bila hasi zirenean, hamaika musikari aurkitu zituzten. Talde batek piztu zien arreta bereziki: Txakiarlak-ek: “Euskarazko folk irlandarra jotzen dute”. Taldeak “berehala” onartu zuten azoka antifaxistan jotzeko proposamena.

Ez dira, ordea, zuzeneko musika joko duten bakarrak izango. “Hain komertzialak ez diren talde txikiak ere gonbidatu ditugu azokara”. Ikusgaitasuna eman nahi diete horrelako taldeei, eta musika arloko alternatibotasuna ere sustatu. Soinu Beltzak, DJ Jai eta Jazz Oi dira musikari gonbidatuak. Soinu Beltzak taldeak musika beltza egiten du; DJ Jaik soinu dantzagarriak jartzen ditu, eta Jazz Oik swing melodiak ditu inspirazio iturri. Kontzientzia politikoa sustatzeko “musika borrokalaria” eta “erritmo konprometituak” jotzen dituzte guztiek.