“Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu”

“Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu”

Iraia Vieira Gil

Eustaten arabera, azken urteotan gero eta etxegabe gehiago daude, eta instituzioek eskaintzen dituzten baliabideak ez dira guztien beharrak asetzeko nahikoak. Barakaldon, zehazki, ehun etxegabe inguru bizi dira; Goiztiri elkarteak 2011n ireki zuen Eguneko Arreta Zentroak, ordea, 80 baino ezin ditu artatu. Elkartearen Gaueko Harrera Zerbitzuak are leku gutxiago ditu: guztira, 30. Herriarekin “lotura estua” dutenekin eta laguntza behar duten emakumeekin “diskriminazio positiboa” egiten duten arren, espazio, langile eta finantzaketa falta dutela salatu du Tania Diez Orol (Barakaldo, 1982) Goiztiri elkarteko Etxegabeen arloko teknikari eta hezitzaileak.

Zergatik jarri zenuten martxan Barakaldoko Eguneko Arreta Zentroa?

Eskaintzen genituen zerbitzuen bitartez konturatu ginelako etxegabeen kolektiboa oso zaurgarria dela eta artatzen ez genituela. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak kontsultatu eta Barakaldoko Udalaren onarpena jaso ostean, Eguneko Arreta Zentroa ireki genuen. Astelehenetik ostiralera zegoen hasieran zabalik, oso ordu gutxitan. 2018an lokala aldatu, eta erabaki genuen zentroa urte osoan irekitzea.

Zein laguntza mota eskaintzen diezue etxegabeei?

Lehen mailako arreta zentroa da, eta gizarte hezkuntza da gure lan metodoa. Hezitzaile eta integratzaileek harremanak sortzen dituzte etxegabeekin, eta, haiei entzuteaz gain, gizarte langilearenera edo medikuarenera laguntzen dituzte. Haien artean konfiantza sortzea da garrantzitsuena; horrela, errrazago onartzen dute eskaintzen diegun laguntza.

Zenbat denbora geratzen dira Eguneko Arreta Zentroan?

Larrialdi bati erantzuna emateko zentroa da, baina inbutu itxura hartzen du askotan: hona sartu eta hemen geratzen dira denbora luzez, bestelako baliabiderik ez dutelako. Errolda da gakoa: lanerako, formakuntzarako edota legeztatzeko ateak irekitzen dizkie. Barakaldoko Udalak, hain zuzen, errolda soziala ematen die hiru hilabetez herrian lo egin badute.

Laguntza bila doazen etxegabeen profil zehatzik duzue?

Europako Ethos tipologia erabiltzen dugu guk etxegabeen profilak zehazteko. Askotarikoak dira: bankuetan, kutxa automatikoetan edo ostatuetan lo egiten dutenak; dirua dutenean, logela bat ordaintzen dutenak; etxean askotariko indarkeriak jasan dituzten emakumeak; beste familia batzuekin etxe bakarra partekatzen dituzten familiak; 18 eta 30 urte bitarteko migratzaileak. Ezin ahaztu arazo kronikoak dituztenak: elbarriak, gaixoak, drogak kontsumitzen dituztenak…

Beste elkarte batzuekin ere elkarlanean ari zarete.

Sareak sortu nahi ditugu, pertsona berdinak artatzen ditugulako. Barakaldoko elkarteekin hilero egiten ditugu bilerak; Osasun Mentaleko eta Adikzioetako Zentroarekin eta Caritasen jantoki sozialarekin, esaterako. BesteBi elkarteko kideak gara. Etxegabe bati erasotzen diotenean, edo etxegabe bat hiltzen denean, protestak egiten dituzte. Irailaren 7an izan zen azkena, kutxa automatiko batean lo egiten zuen emakume baten heriotza salatzeko.

Indarkeria handia dago kalean?

Bai, eta emakumeen aurka, batez ere. Sexu indarkeria jasaten dute, eta, kalean babesa jasotzearen truke, erasotzen dieten gizonekin izaten dituzte harremanak; bertako gainerako gizonak baino hobeak direla sinetsarazten diete. Emakume etxegabeak direnez, gainera, misoginiaz beteriko aporofobia delituak jasaten dituzte.

Emakumeentzako ostatu berezia zenuten zuek, baina finantzaketa faltagatik itxi zenuten.

Zaila da emakumeak espazio mistoetan laguntza eskatzea, gune maskulinizatuak direlako. Haietako askok indarkeria jasan dute hona etorri aurretik, eta ez dira gizonen konpainian eroso sentitzen. Eguneko Arreta Zentroan haientzako bainugela prestatu dugu; lehorgailua edota ilea lisatzeko plantxak lasai erabil ditzaten, adibidez. Ez da nahikoa. Emakumeentzako soilik ziren sei ohe zituen ostatuak, eta bertan lan egiten zuten langile eta hezitzaileak ere emakumeak ziren. Arreta berezia jaso behar dute.

Pertsonalizazioaren aldekoak zarete zuek?

Etxegabeentzako espazio heteregeneo gehiago behar ditugu. Akordio politikoak, gainera, ezinbestekoak dira konponbide interinstituzionalak bideratzeko. Arlo sozialak bakarrik ezin du etxegabeen egoera aldatu. Eskaintzen ditugun zerbitzuak dibertsifikatu behar ditugu, eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitu behar dugu.

Zergatik?

Ezerezean geratzen diren pertsona asko daudelako. Gaixotasun mental larriak dituzten etxegabeak daude, eta guk ezin ditugu lagundu, agresiboak direlako. Batzuetan, Gurutzetako ospitaleko psikiatria zerbitzura eramaten dituzte, eta izugarri hobetzen dira. Osakidetzak, aldiz, ez ditu erroldan sartu nahi, eta gizarte zerbitzuak ez dira haietaz arduratu nahi. Kalera itzuli behar dute orduan, eta hil egiten dira gorputza nekatu zaielako.

Heriotza ohikoa da kalean bizi direnen artean?

Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu. Etxegabe asko hiltzen uzten dira, bizitzari aurre egin ezin diotelako. Kalea da horren arrazoia, baina gizarteak ez die bestelako konponbiderik ematen. Kalea utzi duten pertsonak ezagutzen ditugu, eta bizi izan zituzten egoerekin amesgaiztoak dituzte oraindik. Beldur-ikara diete kaleei, bortxaketei, erasoei, aurkituak izateari. Pertsona horiek laguntza psikologikoa behar izango dute bizitza osoan.

Zenbat denbora iraun dezake behar bezalako baliabideak lortu eta kalea uzteko prozesuak?

Kasuaren arabera. Batzuetan, Harrera eta halako proiektuek laguntza ematen digute, eta migratzaile gazteei etxebiziza bat eskaintzen diete hilabete gutxitan. Beste batzuetan, aldundiak bazterkeria, dependentzia edota desgaitasun ebaluazioak egin behar dizkie etxegabeei; halakoetan, bi urte igaro daitezke zeozer lortu arte. Ebaluazioak iraun bitartean eta toki espezializatuetara bidaltzen dituzten arte hemen geratzen dira gehienak. Inbutuan.

Zer sentiarazten dizue lagundu duzuen norbaitek kalea utzi ahal izan duela jakiteak?

Oso pozgarria da. Askotan eskerrak ematen dizkigute, eta guk haiei ematen dizkiegu. Jasan duten guztiagatik, kalean indartsu jarraitzeagatik eta amore ez emateagatik. Haiena da meritua. Guk bulego batean egiten dugu lan, eta, gero, etxera goaz.

Edonori gertatu ahal zaion arazoa dela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Etxebizitza izatea merkatuko kontua da; ordaindu ahal duenak etxebizitza du, eta ordaindu ezin duenak kalean egiten du lo. Guztiei gertatu ahal zaigu prestaziorik gabe geratzea edo langabezian egotea. Gaiaren inguruko informazioa eskaini behar diegu herritarrei hori guztia jakin dezaten, eta Hezkuntza, Osasun eta Etxebizitza sailak ere inplikatu behar ditugu. Intersekzionalitatea ezinbestekoa da konponbide bat aurkitu ahal izateko.