Mikel Garcia Martikorena
Urriko lehen ostegunean hasiko da Kantakatilu egitasmoa. Zornotzako Udaleko Euskara zerbitzuak bultzatutako egitasmoak euskararen erabilera hauspotzea du xede. Izan ere, Jon Artabe Euskara zinegotziak azaldu duenez, euskaldunak diren zornotzarren kopurua “geroz eta handiagoa” den arren, kalean “ez da islatzen”: “Egungo euskara maila altuagoa bada ere, jendeak ez du egunerokoan erabiltzen”. Hortaz, euskara erabiltzeko eta ikasteko gune “informalak” sortu behar direla uste du zinegotziak. Zelaieta zentroko auditoriumean sortu nahi dute gune horietako bat, euskal kanta tradizionalak abesteko.
Kantakatiluko saioa hilean behin egingo dute, lehen ostegunean. Asteko eguna ez dute ausaz hautatu, herriko pintxo-potearekin batera egitea erabaki baitute kantuan ibili ostean euskaraz mintzatzeko tartea luzatzeko. Zornotzako musika eskolak dinamizatuko du, eta saio bakoitzak 50 minutu inguru iraungo du. 19:00etan hasiko dira.
Kantakatilun abesti zerrenda bat proposatuko zaie partaideei. Saio bakoitzean kanta horien hitzak eta jatorria aztertu, izan ditzaketen galderak egin, guztien artean erantzuna bilatu, eta, azkenik, abestu egingo dituzte. Artabek dio euskal abesti tradizionalak landuko dituztela, eta horrek normalean jorratzen ez diren beste esparru batzuk lantzeko modua emango duela: “Gure kantu tradizional asko bizkaieraz daude idatzita; beraz, euskalkien inguruan ikasteko aukera ematen digute, mintzapraktiketan normalean egiten ez den zerbait”.
Euskara ikasi eta saretu
Kantuez zein euskal kulturaz ikasteaz gain, Kantakatiluk beste xede batzuk dituela adierazi du zinegotziak. Alde batetik, euskara ikasten ari direnek euskaraz berba egiteko aukera izatea. “Euskaltegira joan zaitezke eta maila altua lortu, baina euskaraz egiteko aukerarik izan gabe, ikasitako hori guztia galdu egiten da”, dio Artabek. Euskaltegian ikasitakoa erabiltzeko “momentu sozialen beharra” antzeman du udalak; beraz, euskaldunekin batzeko “arrazoi bat” sortu dutela esan du Euskara zinegotziak.
Bestetik, eta euskaldunak euskaldunekin egoteko beharraren hariari tiraka, egitasmoak Zornotzan “euskaldunak saretzea” du helburu: “Euskaldunak eta euskara ikasten dabiltzanak bere gain hartzen dituen sarea ehuntzea dugu helburu”. Artabek dio sarea izateko zentzu bat behar duela denboran irauteko, eta Zornotzan “euskaraz mintzatzeko euskal kantak abestea” da arrazoia: “Abestia tresna garrantzitsua izan daiteke euskara ikasteko zein jendea batzeko. Saretzeko gune bat eskaini nahi diegu euskaldunei”.
Ohiturak aldatu
Zornotzako Udalaren datuen arabera, herritarren %56 dira euskaldunak. Hala ere, etxeko hizkuntza gaztelania da %59ren kasuan. Datuok kontuan hartuta, neurriak hartzea erabaki zuen udalak, “euskal hiztunen ohituretan eragiteko”. Xede horrekin jarri zituzten martxan Kantakatilu bezalako beste hainbat egitasmo: hitanoaren inguruko programak eta Berbaldia, besteak beste. Horrelako egitasmoek euskaldunen arteko “interakzioak areagotuko” dituztela uste dute. “Euskal gaitasuna nagusi duten eta erdal gaitasuna nagusi duten hiztunen arteko euskarazko hartu-emanei esker erabilera areagotu daiteke”, dio udalak.
Hau da, euskararen erabilera bultzatzeko “ikasketetatik haratago joan” behar dela. Artabek azaldu du horrelako aukerak izatea eskertzen dutela bizilagunek: “Zornotzarrek gogoko dute euskara praktikatzeko eta ikasteko aukerak izatea”. Jendeak egitasmoetan “gogoz” parte hartzea garrantzitsua da, zinegotziaren ustez, horrek “erraztuko” baitu erabilera sustatzea; hori da egun Euskara zerbitzuak duen “erronkarik handienetarikoa”. “Aisialdia euskaratu behar dugu. Tabernetan, lagunekin eta familiarekin euskaraz egiteko gai izan behar dugu”.
“Euskara ez da soilik jakin behar; erabili egin behar da”, ondorioztatu du Artabek. Hori dela eta, hautetsiak zornotzarrak animatu ditu Kantakatilun izena ematera, udalaren webgunean sartuta edo 946 30 00 02 telefono zenbakira deituta.