Ibai Maruri Bilbao
Maiatzeko foru hauteskundeen ondoren, ekainaren 22an osatu ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak. Osoko bilkura hartan izendatu zuten Ana Otadui (EAJ) presidente, eta hautatu zituzten harekin batera erakundea gidatuko duen Mahaian egongo diren gainontzeko lau kideak ere. “Batzar Nagusiak Bizkaiko parlamentua dira; hau da, lurralde historikoko herritarren ordezkaritza eta partaidetza organo gorena”, azaldu du Otaduik. “Badugu arauak egiteko ahalmena, eta foru arauak onartzen ditugu gure eskumenekoak diren gaietan; esaterako, herri lanetan, gizarte ekintzan, fiskalitatean, mugikortasunean, nekazaritzan, eta abarretan. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera kontrolatu eta bultzatzen dute Batzar Nagusiek osoko batzarretan eta batzordeetan”.
Uztailaren 5eko osoko bilkuran, Bizkaiko ahaldun nagusia aukeratu zuten: Elixabete Etxanobe (EAJ). Uztailean osatu zituzten talde parlamentarioak eta batzordeak, eta, udako oporraldia igarota, datozen egunetan ekingo diote bete-betean aro garaikideko XII. legealdiari. Besteak beste, foru diputatuak banan-banan igaroko dira dagokien batzordean agintaldiko lan ildoak aurkeztera. “Orduan jakingo dugu legealdi hau nondik nora joango den”, esan du Otaduik. Hilaren 27an egingo dute lehen osoko bilkura, Gernika-Lumon.
Batzar Nagusiek bizkaitarren egunerokoan eragin zuzena duten gaiak arautzen dituzte, baina Otaduik aitortu du erakundeen artean ezezagunenetakoak direla: “Legegileok zailtasun gehiago ditugu gure jarduera jendaurrera zabaltzeko. Ez da hala gertatzen gobernuekin, haien erabakiak berehalakoak eta begien bistakoak direlako”. 2015ean izendatu zuten lehen aldiz presidente Otadui; beraz, hirugarren agintaldia du. Dioenez, lehenengoz kargua hartu zuenetik erronka izan du Batzar Nagusiak ezagutzera ematea: ikastetxeak eta bestelako taldeak Gernika-Lumoko Batzar Etxera eroan ditu funtzionamendua ezagutarazteko, bisita gidatuak eskaintzen hasi dira eta erakusketa ibiltariak ere antolatu dituzte. Aurtengo udan, berbarako, %11 handitu da Gernikako egoitza bisitatu dutenen kopurua; 14.285 lagun izan dira.
Hala ere, badakite oraindik ezezagunak direla Batzar Nagusiak, eta datozen urteetan hori aldatzen jarraitzea izango dute erronka, Otaduiren arabera: “Parlamentu historiko eta bizi-biziaren parte gara, eta herritar guztiei helarazi nahi diegu zer lan egiten duen gure erakundeak. Ezaguna ez denari nekez aitortu ahal zaio duen balioa”. Horrez gainera, bigarren erronka bat ere ipini dio presidenteak erakundeari legealdi berrirako: genero berdintasuna: “Lanean jarraituko dugu emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren alde, gure II. Berdintasun Planarekin”.
Bi mila ekinaldi, lau urtean
Gutxi ezagutzen den arren, asko da egiten dena. Amaitu berri den agintaldiaren balantzea egin dute, eta lau urteotan ia bi mila ekinaldi parlamentario erregistratu zituzten. Gainera, 452 bilkura parlamentario egin ziren, osoko batzarrak eta batzordeak kontuan hartuta; horietan, 31 foru arau eta 36 dekretu egin ziren. Era berean, foru gobernuak ere 147 ekinaldi parlamentario bultzatu ditu. Izurriak baldintzatu die lana. “Parlamentuak ez zuen jarduna eten: pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta kalteak arintzeko arauak eta neurriak onartu ziren”.
Foru arauak aipatu ditu presidenteak. Ostera, Eusko Legebiltzarrak, esaterako, legeak onartzen ditu. “Foru arauen bidez lurralde historikoak bere eskumen esklusiboko gai guztiak arautzen ditu. Eusko Legebiltzarrak edo beste edozein parlamentuk onartzen dituen legeen balio bera dute”. Otaduiren esanetan, bizkaitarren bizimoduari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen dituzte: errepide sarea, Bizkaibuseko lineak, adinekoei eman beharreko arreta, enplegua eta ekintzailetza bultzatzeko programa eta plan estrategikoak… “Batzar Nagusietan erabakitzen da zer zerga ordainduko ditugun zerbitzu publikoei eta ongizate sistemari eusteko. Gure eskumena da urtero Bizkaiko aurrekontua onartzea. Adibidez, aurreko agintaldian, familiei eta enpresei lagundu ahal izan diegu, PFEZn eta BEZn aldaketak eginez, zatiketak eta luzamenduak onartuz, Bizkaiko zenbait errepidetan salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunei kanona ezartzeari buruzko araua, Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala… Usansolo Galdakaotik bereizteko erabakia ere hartu zuten Batzar Nagusiek. Eukaliptoen landaketaren moratoria onartzeko foru araua ere onartu genuen. Batzarretan sortzen diren eztabaidak herritarren kezken eta arduren isla dira”.
Batzar Nagusietako urteko eztabaida garrantzitsuenetako aurrekontuei dagokiena izaten da. Izan ere, foru arau horretan definitzen dituzte urte osorako proiektu eta egitasmoak. Lehenengo, foru aldundiak onartzen du arau proiektua gobernu kontseiluan, eta ondoren eroaten du Batzar Nagusietara, haien onespena jasotzeko. Baina diputazioak ez ezik, batzarkide taldeek eta herritarrek aurkez ditzakete arau ekinbideak. Foru arauak onartzeko prozesuan, lehenengo, Mahaiak aztertu, argitaratzeko agindu eta dagokion batzordeari bidaltzen dizkio, berak eztabaidatu eta irizpena eman dezan. Azalpen agerraldien ondoren, batzarkide taldeek zuzenketak aurkezteko aukera dute, osotasunari edo artikuluei, eta horiek berriro aztertzen dira batzordean. Era berean, arauaren testua herritarren esku jartzen dute Batzar Nagusien webgunean, eta alegazioak egiteko aukera izaten dute. Batzordean aztertutako zuzenketak jasotzen dituen irizpena osoko batzarrean eztabaidatu eta bozkatzen da. Prozesuak hainbat hilabete irauten du.
Bizkaitarrek erakundearen webgunean aurkez ditzaketen alegazioak ez dira parlamentuko jardueran parte hartzeko duten modu bakarra. 2015etik, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordea dute. Presidenteak “oso garrantzitsu” deritzo. Herritarrek, banaka edo taldean, eskaera, kexu, iradokizun edo erreklamazioak aurkez ditzakete, foru erakundeen eskumenen eremuko gaiei buruz.
Horrez gain, Batzar Nagusien egitekoa da foru aldundiaren jarduna kontrolatzea. Otaduik esan du araudiak hainbat tresna eskaintzen dizkiela horretarako: “Osoko batzarrean, batzarkide taldeek galderak edo itaunak aurkez ditzakete, agerraldi eskaerak, ahozko galderak edota idatzizko galdera eta informazio eskaerak bultzatu ditzakete”.