Bilbo Bio?

Azkeneko bolada honetan ohikoa da instituzio ezberdinetako politikariak balizko ekimen ekologistak aurkezten ikustea, berde koloreko gorbataren alboan, Agenda 2030eko sinboloaren pina distiratsu erakusten dutela. Baina arlo ezberdinetako erabaki politikoak hartzerako orduan, zein indar hartzen du ekologismoak?

Bilbo mailan, urbanismoari dagokionez, argi dago zementuak landarediak baino botere handiagoa duela. Azkeneko proiektu urbanistikoak besterik ez dira aztertu behar. Deustuko auzoan, adibidez, Agirre lehendakariaren etorbideko berritzapen lanak aitzakia moduan jarrita, 140 zumar moztea erabaki du udal gobernuak. Handik gertu, Ballets Olaeta kalea eta Zarandoa etorbidea lotzen duen pasealeku berria, berdegune eta zuhaitzik gabe eraiki zen orain dela gutxi, eta bero egiten duen egunetan hutsik egoten da.

Gauzak horrela, urbanismo eta paisaian adituak diren profesionalek gomendatzen duten zuhaitzen %30tik %9 besterik ez dira bermatzen Bilboko hirian, horrek dakartzan ondorioekin. Gogoratu beharra dago zuhaitzek, CO2a finkatzeaz gain, tenperatura erregulatu eta itzala eskaintzen dutela, beroaren babesleku naturala direlako. Osasun Sailaren datu ofizialen arabera, 2023ko udako azken bero boladak Bizkaian 24 heriotza ekarri zituela kontuan hartuta, zuhaitzen mozketa edota proiektu urbanistiko berrien diseinuan zuhaitzak kontuan ez hartzea, gure osasunerako erabaki arriskutsua dela baieztatu dezakegu.

Baina ez da lehenengo aldia hiritarrentzat osasungarriak ez diren erabakiak normaltzat hartzen direna. Gogoratu beharra dago, Bilboko Zorrotzako, San Ignazioko, Deustuko, Deustuko Erriberako eta Arangoitiko eta Barakaldoko Burtzeñako auzotarrek, besteak beste, SADER enpresaren gas toxikoak arnastu behar dituztela. Urtero kutsagarriak diren 100.000 tona hondakin kudeatzen dituen enpresa hori, Zorrotzako zerbait etxeetatik 500 metro eskasera dago, eta aurretik aipatu bezala, fabrikak izurtzen duen aire kutsagarri eta kirastsua ibaiaz bestalde dauden auzoetaraino heltzen da. 2015. urtean, udal gobernuak enpresa hirigunetik ateratzeko negoziazioak egiteko konpromisoa hartu zuen, baina zortzi urte igaro diren arren, auzotarrek kutsadura horren ondorioak pairatzen eta salatzen jarraitzen dute. Bitartean, Sondikako, Erandioko eta Bilboko auzoetako kutsadura handituko duen Artxandako zabortegiaren proiektua martxan jarri dute hiru udalek, auzo elkarteek egindako alegazioak eta salaketak bertan behera utziz.

Badirudi gorbata berdeak eta Agenda 2030eko pin koloretsuak postureoa besterik ez direla, zementuaren grisak indar handiagoa baitu gure gobernuentzat. Zorionez, auzotarrek kaleak bizitza duinaren aldeko oihuez betetzen dituzte, etorkizunean aldarrikapenek sustraien erara hiri berri bat loratzeko.