Lau hamarkadatan ehundutako amarauna

Lau hamarkadatan ehundutako amarauna

Amaia Igartua Aristondo

Mugarri bat izan zen, baita bide orri bat ere. Xabier Amuriza bitan gailendu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian —1980an eta 1982an—, eta oinarri berri batzuk ekarri zituen diziplinara, Joserra Bilbao Santutxuko (Bilbo) bertso eskolako kidearen irudiko: bertsolaritza ikas zitekeen, eta ez zen nahitaez landa giroan edo lagun eta familia artean jaso beharreko zerbait; bertsotan euskara batuan egin zitekeen, nahiz eta, ohiz, bertsolariek beren euskalkietara jotzen zuten; taularatu zitezkeen hala gizonak nola emakumeak; eta hiritarren kontua ere bazen. Santutxuko bertso eskola sortu berria zuten orduko hartan, eta Amurizaren garaipena hauspoa izan zen haientzat, “asmoen gauzatze bat”, Bilbaok dioenez. Izan zen, orobat, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ernamuina: molde berriak akuilatuta, eskolak ugaritu egin ziren, eta batu 1983an, Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartean. Izenak izen, berrogei urte bete ditu aurten elkarteak; bihar ospatuko dute urteurrena, kantuan eta bertsolarien hainbat belaunaldi batuta, Iurretan.

Aurreko urteetan, Jose Ramon Etxebarriaren zuzendaritzapean, gau eskoletan irakasleak zirenentzako klaseak jasotzen zituzten Bilbon, Euskaltzaindiako tituluak ateratzekoak, euskal literaturaren ingurukoak… Eta 1980an, bertsolaritza aztertzen hasi ziren. Berehala etorri zen Amurizaren txapela, eta adierazpenak. “Elkarrizketetan esaten zuen posible zela bertsolaritza eskoletan irakastea, eta berak bazituela ideia batzuk”, gogoratu du Bilbaok.

Bertsolariaren hitzaldi eta ikastaroetatik edan zuten, eta Amurizak lan egin zuen bertso eskolak indartzen eta sustatzen. “Oso-oso eskuzabal portatu zen; lehen momentutik eman zizkigun berak gero argitaratuko zuen bertso hiztegiaren oinarri guztiak”. Urte horietan, bertso eskola andana bat sortu ziren: Durangon, Amurrion (Araba), Eibarren (Gipuzkoa)… Eta gehitu egin ziren egitekoak. “Bilbon beste lan batzuekin hasi ginen: adibidez, Bilboko jaietan egunero bertso saioak antolatzen hasi ginen; hau da, zortzi saioko ziklo bat”.

Horretarako, legezko izaera behar zuten, pertsona juridiko bat sortu, hala nola kontratuak egiteko eta diru laguntzat hartzeko. Elkarte bat eratzea erabaki zuten. Ez zitzaien erraza izan, Bilbaoren arabera, Bizkaiko orduko gobernadore zibila zen Julian Sancristobalen “euskararen aurkako” jarrera tarteko. Elkartea gaztelaniazko izenarekin erregistratu behar izan zuten. Bederatzi lagunek sinatu zuten fundazio gutuna: Bilbaok berak, Jose Ramon Etxebarriak eta Koldo Tapiak, Santutxuko bertso eskolako kideek; Mungiako Karlos Ibarzabalek; Algortako Josune Iriondok, Iñigo Bilbaok eta Trino Azkoitiak; Durangoko Kristina Mardarasek; eta Eibarko (Gipuzkoa) Begoña Azpirik. Bilbao izan zen elkartearen aurreneko lehendakaria.

Bizkaiko bertso elkartea

Bertsolaritzaren hedapena

Legeztatzeak bide eman zien talde gisa joateko baimenak eskatzera, finantzaketa lortzera… Eta antolaketa ere erraztu zien. “Ahalduntze inportantea izan zen”, Bilbaoren iritziz. “Mundu disperso bati nolabaiteko bizkarrezurra jartzea izan zen”. Hasierako urteetako jomuga, hain justu: bertsolariak batzea, sare bat taxutzea. “Bertsogintza apenas zegoen antolatuta”, oroitu du Joseba Etxebarria elkarteko kideak; sortu eta urte gutxira batu zen. “Komunikabideen aldetik, ez zegoen orain dagoen zabalkunderik; beraz, antolatzen ziren bertso saioak jaietan, ohiturazkoak, edo tabernekin lotuta egiten zirenak. Baina bertsolariek ez zuten elkartzeko ohiturarik; ez zegoen haien arteko loturarik”.

Halaber, eskualdeak lotzeko premia ere antzeman zuten, gorabeheratsua baitzen egoera. Etxebarriak azaldu duenez, euskal hiztunak zeuden eskualdeetan, bazegoen bertsolaritza tradizioa, batik bat, barnealdean: Durango eta Gernika-Lumo inguruan, kasurako. Baina euskara urriagoa zen tokietan —besteak beste, Bilbon, Ezkerraldean, Karrantzan…—, txikia zen bertsogintzaren presentzia.

Eremu erdaldunetara laster heldu zen bertsoa, ordea, eskualde denetan zer edo zer sortzen ahalegindu baitziren elkartekoak. Hala jaio zen ALBE Algortako Bertso Eskola, esaterako, Etxebarriak nabarmendu duenez. “Uribe Kostan ez zegoen bertsolaritza tradiziorik; bertsolari batzuk bazeuden, baina ez ziren ibiltzen plazarik plaza. Hala ere, ALBE indartsu sortu zen hasieratik”.

Are gehiago hedatu zen sarea: 1985era arte, Euskaltzaindiak antolatu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, baina horri uko egin, eta bertsolarien esku utzi zuen; 1986ko bertsolariek antolatu zuten, eta, 1987an, Euskal Herriko Bertsolari Elkartea sortu zuten —1995ean hartu zuen egungo izena: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea—; lurraldekako elkarteak antolatzen hasi ziren. “Lehenengo urteetan, Bizkaikoak Arabarekin hartu-eman handia zuen, elkarrekin antolatzen zuten txapelketa. Gero, Arabak elkartea sortu, eta bakoitza bere txapelketa antolatzen hasi zen”, esan du Etxebarriak. Indarra bildu zuten. “Hasieran, lokalik ere ez geneukan; Zornotzan biltzen ginen batzarrak-eta egiteko”. Eta, urteekin, beste xede batzuk pilatu zituzten. “Lanik handiena ekarri diguna zera da: umeak zelan erakarri bertsogintzara. Orduko irudia zen bertsoa zaharren kontu bat zela. Baina umeak bertsozaletzeko premia ikusten genuen, bertsolaritzaren etorkizuna bermatu gura bazen”. Hezkuntza arautuan sartu zen bertsolaritza, 1985etik aurrera: ikastoletan, hasieran; eta gainerako ikastetxeetan, hurrena. “Bide horretan, bertsolariak sortu dira, baina baita bertsozaleak ere, eta horiek ere beharrezkoak dira”.

Santutxuko bertso eskola

Plazarako jauzia

Hamarkadak igarota, hasierako ildoak sendotu dira, eta ugaritu jomugak. Etxebarriaren hitzetan, gaur egun eskualde guztietan daude bertso eskolak, eta hauspo handia du ikastetxeetan egiten den lanak. Elkarteko egungo lehendakari Belate Olabarria ere “pozik” dago emaitzekin: “Uste dut etorkizuna badagoela”.

Lana ez da bukatu, ordea. Hezkuntza arautua amaitutakoan bertsotan jarrai dezatela ere bada garrantzitsua; buruhaustea da oraindik, eta aurrera begirako lana. “Ikastetxetik bertso eskolarako saltoa ziurtatu behar dugu”, dio Olabarriak. “Klase orduetan egiten dute, baina, bat-bateko taldeetara joan behar dutenean (ikas orduetatik kanpo), batzuek utzi egiten dute bertsolaritza mundua [Hezkuntza arautuaren eta bertso eskolen arteko zubiak dira bat-bateko taldeak]. Bertso eskolak indartu nahi ditugu”.

Emakumeak ere aitatu ditu Olabarriak; orain dela zortzi-hamar urte batu zen elkartera, 2017tik da hura presidente, eta hori izan da azken urteetako ildoetako bat: andreak plazetara bultzatzea. Kasu horretan ere, jauzia da kontua, ez kopurua. “Ikusten genuen ikastetxeetan maila ona erakusten dutela, bat-bateko taldeetan ere neskak badaudela, baina atzerantz egiten dutela bertso saioetara eta txapelketetara joaterako orduan”. 15-16 urterekin egiten dute topo koskarekin. “Ordura arte, ez dute inolako problemarik izaten”. Bertso eskoletako gazteei laguntza eman diete saioak eta bestelako ekintzak antolatzeko, hala nola Plazara proiektuaren bidez. “Jende aurrean kantatzeko beste aukera bat zuten. Apurka-apurka, ikusi dugu gero eta neska gehiagok ematen dutela izena txapelketetan; hori izaten da erakusleiho nagusia, eta bertigo handien eman dezakeena”.page1image147127824

Argazkiak

1. Batera. Hasieran, Arabak eta Bizkaiak batera antolatzen zuten Bertsolari Txapelketa. Irudian, 1987ko txapelketako saioetako bat. / Argia

2. Txapelketa. Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkarteko sortzaileetako batzuk daude (esaterako, Joserra Bilbao, erdian, kartela heltzen). 1987ko Araba-Bizkaia Bertsolari Txapelketako Durangoko saioa iragartzen du kartelak. / Xenpelar Dokumentazio Zentroa

3. Santutxuko bertso eskola. 1980ko urteetako irudi bat / enpelar Dokumentazio Zentroa