Itsaspeko ekosistema eta haren zaindaria

Itsaspeko ekosistema eta haren zaindaria

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko basilikatik kanpo, Begoñako Amaren hiru irudi daude: Bilboko Zazpikaleetan, Gorbeiako gurutzearen oinetan eta Bermeoko itsaspean. Azkena 1963ko irailaren 15ean ipini zuten CEVAS urpekaritza elkartekoek, Gaztelugatxe eta Akatz artean. Urtero jaia antolatzen dute egun horren bueltarako. Etzi egingo dute aurtengoa, 60. urteurrenekoa.

Itsas mailatik zortzi metro sakon dago, 1,2 metro da garai, eta tona bateko pisua du brontzezko eskulturak. Sarri hartzen ditu urpekarien bisitak, eta arrantzaleak harrapaketa ona eskatzera joaten zaizkio. Ur azalean buia batek iragartzen du kokalekua. Gaztelugatxeko biotopo babestua du bizileku Ama Birjinaren irudiak. Paisaia aldetik, “sekulako altxorra” da, Alberto Santolaria de Castro itsas biologo eta urpekariaren esanetan. Baina biologia ikuspegitik oso aberatsa den arren, ez dauka Bizkaiko golkoko gainontzeko kostaldearekin ezberdintzen duen ezaugarririk: “Inguru honen balioa ez da zer daukan, zelan gordeta daukan baizik; hori da garrantzitsua”.

Kostalde harkaiztsua eta dinamismo handikoa da. Santolariaren arabera, horrek erabat baldintzatzen du biologia. Marea zonaren azpiko eremuan alga belardiak daude, 12-15 metro bitarteko sakoneraraino. “Hemengo algak, gehienez, 50 zentimetro luze dira; ez dago laminario askorik: Saccorhiza polyschides bakan batzuk eta beste espezieren batzuk topatu ditzakezu”. Beraz, Gaztelugatxe inguruko itsaspean alga mota bi dira nagusi: Gelidium eta Cystoseira.

Belardiok lurrazaleko basoekin alderatu ditu Santolariak. “600 metro garai bitarteko haritzak ditugu. Gizakiak suntsitu ez balitu, dena litzateke hariztia. Hortik gora, pagoak dira nagusi, hobeto egokitzen direlako, eta pagadiak sortzen dituzte. Hariztian eta pagadian beste espezie batzuk ere badaude, baina, batean eta bestean, espezie nagusiak, egitura osatzen duena, habitata sortzen duena, haritza eta pagoa dira, hurrenez hurren”. Itsaspean berdin gertatzen da: “Gelidium eta Cystoseira belardiak daude, espezie iraunkorrak direlako; hau da, urtebete baino gehiago bizi dira”. Haiek sortutako egituretan bizi dira gainontzeko espezieak.

AKATZ

Santolariak ohartarazi du klima aldaketaren ondorioz egituren oinarri diren bi espezie horiek larri dabiltzala, eta haien inguruan sortutako bioaniztasun guztia ere arriskuan dagoela. Nabaritu dute belardiok dentsitatea galdu dutela. “Uraren tenperatura igotzearen eta argi gehiago egotearen ondorio da”. Aurten, lehenengoz, batez beste, 23 gradutan egon da ura abuztuan; hau da, ohi baino gradu bat beroago. “Pentsa daiteke ez dela asko, baina ez da egun bakar bateko kontua; batezbestekoa igo da, eta horrek ondorio larriak izan ditzake”. Horrez gainera, zenbat eta euri gutxiago egin, are okerrago: Izan ere, ibai emaritsuek algentzako jakiak eroaten dituzte itsasora, eta ur arreagoa egoten da, eguzkiaren irradiziotik babestuz; gainera, zenbat eta egun eguzkitsu gehiago, irradiazio handiagoa.

Paisaia aldaketak

Gelidium-ak alga gorri eta malguak dira. Malgutasun horri esker egokitzen dira olatuen mugimenduetara. Horregatik, ur azalekoagokoetan egoten dira. Cystoseira-k, ostera, horixkak dira, Gelidium-ek baino hogei bat zentimetro gehiago dituzte, eta zurrunagoak dira; Gaztelugatxe inguruan, hamabi metroko sakoneratik 15-16-17 metroko sakoneraraino topatu daitezke. “Oso ederra da urpekarientzat: bat-batean aldatu egiten da paisaia; mendian gora zoazela harizti batetik pagadi batera igarotzea bezala da”. Espezie batzuk Gelidium belardietan bizi ohi dira, eta beste batzuk, Cystoseira-k osatutakoetan. Beraz, bioaniztasun handia dago Gaztelugatxe inguruan. Olatuek indar txikiagoa duten lekuetan, Cystoseira ur azalekoagoetan ere agertzen da, biak bizi daitezkeen inguruetan, Cystoseira nagusitzen delako.

Gelidium

Klima aldaketa ez ezik, gizakiaren esku hartzea ere mehatxua da. Horregatik eman zioten inguru horri 1998an biotopo babestu izendapena —2023tik, Natura Monumentu—. Hainbat jarduera debekatuta daude. Santolariak eremua handituko luke, gutxienez, Matxitxako eta Bermeo artean dagoen Arriboleta aldea ere sartuta. “Han aniztasun geologiko handiagoa dago, eta, ondorioz, bioaniztasun handiagoa ere bai”.

Lehorrean, kaio hankahoriak eta ubarroi mottodunak ugariak dira; belatz handien koloniak ere badaude. Artadiak eta txilardiak dira nagusi inguruan. Matxitxakoko haitzetan, basolibondoak eta Armeria euskadiensis espeziaren populazio handiak daude.