Felisa

Ez dakit inoiz pasatu zaizuen. Toki batean zaudela, zerbait deigarria ikusi eta hura bisitatzeko gogoa izan. Horixe bera pasatu izan zait Unbetik igarotzerakoan. Andra Mariaren Etxea seinalatzen duen kartela ikusi eta kuriositatea piztu. Ia berrogei urte behar izan ditut hara hurbiltzeko. Aurreko astean joan nintzen. Etxe txiki bat ikusi nuen, kanpoko aldean hainbat txorrota dituen putzu moduko bat, eta harrizko bidexka bat. Antza denez, Unbeko Ama Birjina handik ibilitakoa.

Ez naiz ni halako kontuetan oso jaioa, egia esan. Inoiz, Pirinioetarako bidean, Lourdestik pasatu izan naiz, eta hango santutegia bisitatu izan dut. Historialari ezagun bati entzun nion behin honelako agerraldien atzean negozioa eta arrazoi politikoak daudela. Lourdesen kasuan, esaterako, aita santuak Ama Birjina Sortzez Garbiaren dogma onartu eta gutxira agertu zitzaien hango artzainei, dogmak piztu zuen polemikarekin bukatu nahian edo. Negozioa dela ere ezin da ukatu. Gaur egun Frantziako jomuga turistikoetako bat da, duda barik. Portugalen ere, antzeko adibidea dago: Fatiman 1917an agertu zitzaien Ama Birjina bertako artzain batzuei, Portugalek Eliza Katolikoaren eta estatuaren arteko banaketa ekarriko zuen errepublika ezarri eta sei urtera. Bi kasuetan, politika tarteko, eta bi kasuetan, alfabetatu gabekoei.

1941ean agertu zitzaion Felisa Sistiaga plentziarrari Unben. Hura ere, eskolaratu gabea. Francok 36ko gerra irabazi, nazionalkatolizismoa ezarri, eta berehala agertu zitzaion Andra Maria. Antzekotasunak antzekotasun, Unbekoak badu liluratu nauen zerbait. Ama Birjinari euskaraz zuzendu zitzaion Felisa, eta honek erantzun ez. Ez omen zuen Andra Mariak euskararekiko jarrera atseginik. Izan ere, 28 urte behar izan zituen Felisari berriro agertzeko. 1969an berriro agertu, eta Felisak, berriz ere, euskaraz egin zion. Orduan, bai: Ama Birjinak erantzun zion, baina gaztelera hutsez.

Nago gauzak ez direla, gaur egun, hainbeste aldatu, hizkuntzaren aldetik. Iazko Aste Nagusian Bilboko Udaltzaingoak konpartsakide bati isuna jarri zion euskaraz aritzeagatik. Duela pare bat urte Ertzaintzaren komisaldegira joan nintzen salaketa bat jartzera. Euskaraz egiteko eskatu eta euskaldunik ez zegoenez, ordubete inguru itxaron behar nuela erantzun zidaten. Ama Birjinak ez zuen Felisa zigortu, baina 28 urte itxaron behar izan zuen artatzeko eta, gainera, erdaraz.

Ez naiz ni arituko Unbeko Andra Mariaren zilegitasunaz. Ez naiz horretan aditua. Eliza Katolikoak, hori bai, ez du agerraldia ofizialki onartu. Felisaren zalea naiz ni, ordea. Oso fana. Euskaraz egin zion lehen berba, nori eta Ama Birjinari. 28 urte behar izan zituen Andra Mariak berriro agertzeko; euskara ikasteko denbora nahikoa, baina erdaraz egin zion. Felisa, aldiz, ahobizi aritu zen, argi eta garbi. Gure lehen ahobizia, zalantza barik.