Ibai Maruri Bilbao
Plentziako San Antolin jaiak martitzenean hasi ziren. Usadioari jarraituz, txupinazoaren ostean, plentziarrak kalejiran igo ziren Agirreko Andra Mariaren baselizara. Plentziako herrigunetik gertu dagoen arren, tenplua Gorlizko lurretan dago. Herriko udal agirietan ageri denez, gutxienez, XVIII. mende hasieratik dute plentziarrek tradizio hori: prozesioan igotzen ziren, han zegoen santuaren irudiari errezo egitera, eta gero prozesioan jaisten zuten Plentziara, jaiak ospatzera. Ohitura horrek 1940ko hamarkadara arte iraun zuen. Gaur egun, San Antolin barik, Antolintxu izeneko jaietako pertsonaia igotzen dute. Azken urteetan, Madalentxu ere igotzen da.
Usadio hori azaltzen duten hainbat hipotesi daude. Elezahar baten arabera, plentziarrek eta gorliztarrek lursail batzuk jokatu zituzten mus partida batean. Plentziarrek galdu zuten, eta, lursailarekin batera, baita ermita eta barruan zegoen hiribilduko zaindariaren irudia ere. Akordioa egin zuten: San Antolin jaietarako, Plentziara eroaten utziko zieten gorliztarrek plentziarrei, zahagi bete ardoren truke. Beste bertsio baten arabera, plentziarrak ardo barik geratu ziren jaietan, eta gorliztarrei erosi zizkieten zahagi batzuk, santuaren irudiaren truke. Irudiak metro erdi baino gutxiago du, erromatar arropak ditu, eta diakonoz jantzita dago; eskuan palma adar bat du. Gaur egun, Plentziako parrokian dago.
Gorlizko ermitan, ostera, Edurtzetako edo Agirreko Andra Mariaren irudia dago. 1,60 metro da garai, eta egur polikromatuz egina dago: Ama Birjina eserita dago, Jesus umea ezkerreko belaunaren gainean eseria duela. Biak mantu zuriz jantzita daude, eta koroa bana dute buruan. Garai batean, erretaulan zegoen. Kristo gurutziltzatuaren irudia ere badago, korupean. Abuztuaren 5aren bueltan ospatzen dituzte gorliztarrek Andra Mariaren omenezko jaiak auzoan.
Butroeko leinuarena
Ermita Gorlizko eraikinik zaharrenetakoa da, XI. mendekoa. Lehen baseliza hura Butroeko leinu etxeko lehen monasterio eliza izan zen. Garai hartan, prozesioak egiten ziren tenpluei ematen zitzaien monasterio izena, eta ez fraideak edo mojak bizi zirenei. Gatikako Butroeko dorretxea utzi, eta Plentzian bizi izan ziren XV. eta XVI. mendeetan; hiribilduan zuten dorretxetik portua kontrolatzen zuten. Ermita inguruan ere dorretxea zegoen, baina ez dago argi butroetarrena zen. Tenpluaren funtzio nagusia erlijiosoa zen. XI. mendera arte, bataiarria izan zuen: han kristautu ziren inguruko herritarrak. Izan ere, Agirreko baseliza Bizkaiko zaharrenetarikoa da. Gorlizko, Plentziako, Gatikako eta Laukizko parrokia izan zen, udalerri hauek haien elizak eraiki zituzten arte.
Beste funtzio bat ere bazuen: inguruko lursailak itsasargi modura erabiltzen zituzten: elizaren ondoan Gorlizko badiatik ikus zitekeen su handi bat pizten zuten, eta hari esker joaten ziren itsasontziak Plentziako porturaino. Itsasotik salbu itzultzeagatik eskerrak emateko, marinelek ex-voto-ak uzten zizkioten Ama Birjinari, kostaldeko beste hainbat tenplutan egin izan duten legez: batez ere, itsasontzien maketa txikiak izaten ziren, eta, XX. mendearen bukaera arte, sabaitik eskegita egoten ziren haietako asko.
Izan ere, gaurko ermitak ez du zerikusirik XI. mendekoarekin: XIX. mendean berreraiki zuten, eta XX.ean, erabat zaharberritu. Eraikinaren oinplanoa laukizuzena da: 8,15 metro da zabal, eta 16,30 metro luze. Hormak ageriko harlangaitzezkoak dira. Eraikinak bi uretako teilatua du. Garaiera txikiagoa du atariaren aldean eta ebanjelioaren aldean dauden elizpeak. Kanpai horma ere harlanduzkoa da, eta bi kanpairentzako lekua du. Eraikinak dinteldun ateak ditu iparraldean eta mendebaldean; hegoaldean, bi leiho dinteldun; eta mendebaldeko hormaren erdigunean, kanpai-hormaren azpian, zirkulu formako leiho bat zoladura terrazoz egina du. Hormigoizko korua du, burdinazko balaustradarekin. Kanpoko aldetik, Plentzia eta Gorlizko badia osoa ikusten dira.