Ezkaratzetik kalera

Gure etxean ezkaratzean elkartu ohi gara betidanik. Umetan, etxe askotan ikusten nuen bazela ezkaratzaz, sukaldeaz gain, jangela eder bat, aulkiz inguratuta egurrezko mahai sendo bategaz, loreontzi eder bat erdian. Oturuntza berezietarako gordetako lekua.

Gurean, aldiz, ez dut horrelakorik ezagutu, ezkaratzaren bueltan ibili izan gara etxekook beti: gertakizun handiak eta txikiak ospatzen, eskolako liburuak forratzen, azken berrien inguruan berba egiten… Eta horixe izan nahi du zutabe honek: ezkaratzean, egunerokoan, sortzen diren inguruko gogoetak, pozak eta haserreak, iritziak eta eztabaidak elkarbanatzeko txokoa.

Baina gure herrietako etxe berrietan, ezkaratzak gero eta txikiagoak dira, eta kalea dugu bilgune. Herriko plaza, etxe ondoko eserlekuak, urruntxoago dagoen jolaslekua… Baina, hara non, guztiontzako gune izan beharko luketen horiek gero eta pribatuagoak dira: umeak ezin dira pilotan olgatu edo bizikletan ibili; ezin gara eseri herriko bankuan tabernako mahaiak daudelako edo arbolak kendu dituztenetik eguzki galdatan dagoelako. Kalea ez da gurea, ordainpeko bihurtzen ari da.

Pozarren hartu genuen oinezkook herriko hainbat kaletatik autoak kendu zirenean, goiko plazan birgaitze-lanak hasi zituztenean; txakurraren putza! Lau eserlekurekin inguratuta mahai karratuz bete zaigu herria; ziraunaren modura, sigi-saga, saihestu behar ditugu traba guztiak, eta, gainera, gurpil-aulki edo orgatxo batekin bagoaz, sarri, pasatzeko baimena eskatu.

2020ko izurritearen ostean, leku itxietan elkartzeari utzi egin behar izan genion osasun egoera zela eta; horren aurrean, hainbat udalek ostalaritzako mahai gehiago jartzeko baimena eman zuten, malgu jokatu zuten ordura arteko ordenantza edo udal arauekaz. Era berean, azken urteetan, gure kostaldeko herrietan, behinik behin, turismoa handitu egin da, eta beste herrialde batzuetan ikusi dugun ereduari jarraituz, kaleko mahaiak zabaldu egin dira. Beste alderdi batzuk ere izango dira (tartean, gure kontsumo eredua), baina esango nuke bi faktore horiek bultzatu dutela oker handirik gabe, espazio publikoaren pribatizazioa herriko kaleetan.

Eta ez nago terrazen kontra, ez; gustuko dut kalean kafe bat hartzea, lagunekin garagardo baten bueltan oporraldiak kontatzea. Baina espaloiak, pasabideek, plazek, azken finean, herriak berak, oinezkoentzako espazioa izan behar du, publikoak, eta, elkarbizitzarako neurri egokiak hartu, herritar ororen beharrak babesteko.

Herri agintarien aldetik, pribatuaren aldeko gero eta apustu handiagoa dugu gizartearen alor guztietan (osasungintza, hezkuntza, zaintza…) eta ia konturatu gabe irentsi egin dugu amua. Etxeko ezkaratzean protesta egiten dugu, baina kalea ere hartu beharko dugu, publikoak, herriak, guztiona izaten jarrai dezan.