Ibai Maruri Bilbao
Ez du balio handirik. Porlanezko eraikin txiki bat da, hegal haitzean sartuta, kanoi ganga baten modukoa. Hiru metro da luze, eta 2,25 metro zabal. Ama Birjinaren irudi txiki bat du aldarean. Sarrera hesi batek zarratzen du. Egiriñaoko Edurtzetako Andre Mariaren ermita da, Gorbeian, Zeanuriko lurretan. Itsas mailatik 1.120 metrora dago; beraz, Bizkaian dauden tenpluen artean garaien dagoena da. Besteak beste, horrek egiten du berezi. Hamarkada luzez Gorbeiara ardiekin joaten ziren artzainen topaleku zen: maiatzetik irailera, han entzuten zuten meza domeka eta jaiegunetan. Gogo jardunak ere egiten zituzten han inguruan, hara igotzen ziren fraideek gidatuta. Duela 40 bat urtetik hona, San Ignazio egunez baino ez da egiten meza, eta ermita txikia denez, handik gertuko landan egin ohi dute. Ondoren, barauskarria izaten dute —ardo zuria eta galletak—, Zeanuriko Udalak eskainita.
Jon Urutxurtuk Zeanuriko etnografia eta historia berreskuratu eta zabaldu du hainbat argitalpenetan. Besteak beste, Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola liburua argitaratu zuen iaz, Gorbeiako aterpetxe horren mendeurrenaren harira. Eleuterio Goikoetxea Zeanurikoa zen, EAJko kidea, eta herriko alkate ere izan zen 1931tik 1936ko gerrara arte. Urutxurtuk kontatu duenez, Goikoetxeak eraiki zuen ermita, bere lurretan. “Oso fededuna zen. Semeetako bat jesuita zuen, eta beste bat, abadea. Aterpetxea inauguratu zuenean, besteak beste, Jesusen Bihotza tronuratzeko ekitaldia egin zuen, eta bere lagun Antxon Bandresek [Bilboko Club Deportivoko kidea] kritikatu egin zuen El Liberal egunkarian argitaratutako artikulu batean: esan zion ez zela komeni alpinismoa erlijioarekin nahastea”.
Mendeurrena
1922ko uztailaren 9an inauguratu zuten Eleuterio Goikoetxearen aterpetxea, Eleuterioren txabola izenez ezagunagoa dena. Urutxurtuk dio sasoi berekoa dela ermita ere; beraz, hark ere iaz bete zuen mendea. Esan izan diote Andra Mari egunean inauguratu zela ermita, baina ezin izan du baieztatu: “Garai hartako egunkarietan ez dut horren berritik topatu”.
Eulogio Gorostiaga Zeanuriko idazleak 1924an idatzi zuenez, Egiriñaoko ermita honek aurretik zegoen beste baten lekukoa hartu zuen. Arrabako landan zegoen tuberkulosiaren aurkako sendategiarena izan zen hura. Neurriek erakusten dutenez, Goikoetxeak egindakoa oso txikia da; abadea ozta-ozta kabitzen da barruan. Horregatik, 1931n handiago bat eraikitzeko proiektua diseinatu zuten, baina ezerezean geratu zen. Goikoetxea hil ondoren, haren alargun Guillerma Uriartek eta alaba Begoñe Goikoetxeak aterpetxea saldu zuten; ermita Zeanuriko Andre Mariaren parrokiari eman zioten dohaintzan.