Itzuli da bluesaren festa

Itzuli da bluesaren festa

Amaia Igartua Aristondo

Espektatibarik gabe abiatu zuten Bilboko Blues Festival iaz, lehen aldiz, jaialdiak berreskuratzen ari zirenean, ekitaldi handietan kasik desagertuta dagoen musika genero bati lekua egiteko. “Ez geneukan inolako obligaziorik, ez baitzegoen aurreko erreferentziarik, baina, hala ere, urduri geunden”, gogoratu du Carlos Malles festibaleko zuzendariak. Harrera paregabea izan zen, ordea. Horrek hauspoa eman dio jaialdiari, baina baita presioa eragin ere, zuzendariak onartu duenez. “Aurtengoak, gutxienez, iazkoak bezain ona izan behar du. Ardura hori dugu”. Gaurtik etzi arte egingo dute bigarren aldia, eta nazioarteko eta tokiko blues artistak entzun ahal izango dira Bilbon, aire zabalean eta doan.

Programatzeko urte gaitza izan da, Mallesek esan duenez. “Ez dakigu ziur, baina uste dugu bizitzaren garestitzeak asko eragin duela. Bira asko bertan behera utzi dituzte, hegazkin billetearen edo bestelako gastuen prezioak handiegiak izateagatik”. Hala ere, proposamen “orekatua eta askotarikoa” taxutu dute, blues puristagoa ageri da, baina baita bestelako moldeak ere, Mallesek aletu duenez. “Chicagokoa, AEBetako hegoaldekoa, west coast bluesa… Saiatu gara denetatik islatzen”. Eta, aurten, adibidez, rythm and bluesa edukiko dute The Original Blues Brothers Bandenekin; soula, Anthony Paule Soul Orchestrarekin; hamazortzi kideko talde bat… “Egitaraua askotarikoa da, baina sendoa. Eta, oro har, musikariek zuzeneko oso indartsua daukate”.

Erretratu bat da, gutxi-asko, genero musikalak eta harekin lotutako bestelako doinuek zer eskaintzen duten erakusteko. Izan ere, jaialdia pedagogikoa ere bada, antolatzailearen berbei erreparatuta. “Helburu nagusia da estilo musikal hori ezagutaraztea”. Ez ditu zale asko, dioenez. “Bistan da bluesa gutxiengo baten musika dela, erabat; nire ustez, ez delako ezagutzen, batez ere. Gehiengoak ez du kontsumitzen: oso jende gutxik erosten ditu blues diskoak”. Eta aurreiritziek ere uxatzen dituzte entzule potentzialak: “Uste da musika geldoa dela. Baina kontzertuetara eta jaialdietara etortzen direnak harritu egiten dira, dibertigarria baita, festa moduko bat”.

Ghalia Volt

Pedagogia egiten dute entzule guztiekin, eta baita haurrekin ere, espezifikoki. Oraingoan ere, kontzertu pedagogiko bat antolatu dute propio: gaur izango da, 11:00etan, Guggenheim museoko auditoriumean. “Ekintzarik asebetegarriena da”, Mallesen irudiko. “Ederra da umeak bluesarekin ikasten eta gozatzen ikustea. Harrobia sortzeko modurik onena da, umetatik estiloa estima dezaten”. Guggenheimen Top Arte programaren bidez antolatu dute: Diablues eta Bluezifer musikariak eta Nagore Sanz kontrabaxu jotzailea egongo dira, eta Oihan Vega izango da aurkezlea.

Aire zabalean ere izango da tokiko musikariak entzuteko abagunea. The Big Flyers Bilboko taldeak joko du gaur, Areatzako agertokian, 19:00etan. Zuzeneko dantzagarria dute: blues, swing, rythm and blues eta rock-and-roll doinuak uztartzen dituzte; oro har, 1940-1950eko hamarkadetako musikari diote begirunea.

Urrutiko doinuak

Bizkaiko doinuetatik nazioartekoetara. Bigarren Blues Festival saria AEBetako musikari ezagun bati emango diote aurten: Rick Estrin harmonika jotzaile, abeslari eta konpositoreari (San Frantzisko, 1949). “Ibilbide oso bati ematen zaio saria, eta Estrin legenda bat da jada. Beti izan du arrakasta: aurrena, Little Charlie & The Nightcats taldearekin, eta, ondoren, Rick Estrin & The Nightcatsekin. Blues oso mugitua eta dibertigarria da harena”. Bost Blues Music sari irabazi ditu, eta estilo horretako hainbat artista ospetsurekin egin du behar, hala nola Koko Taylorrekin, John Hammondekin eta Robert Crayrekin. Bihar joko du, The Nightcatsekin batera, 20:45ean, Areatzako agertokian.

Indigo Blues

Beste bi kontzertu egongo dira gaur Areatzako agertokian. 20:30ean, Vasti Jackson abeslariak eta The Mississippi Trinityk joko dute. Hainbat molde jorratzen dituzte haiek ere: bluesa, soula, jazza, gospela eta munduko beste musika estilo batzuk biltzen dituzte ikuskizunetan. Anthony Paule Soul Orchestra eta Terrie Odabi & Theo Huff musikariek itxiko dute eguna, 21:15ean hasita.

Eguerditik hasiko da musika bihar Bilbon, Areatzako kioskoan. Bartzelonako Indigo Blues emakume musikarien seikotearekin abiatuko da eguna, 12:30ean, eta Tia Carroll AEBetako abeslariak hartuko die lekukoa, 14:00etan. Ibilbide oparoa dauka Carrollek: 1980ko urteetan hasi zen haren musika ibilbidea, eta, ordutik, hainbat sari eta aitortza jaso ditu. Bihar arratsalderako, kontzertuak Areatzako agertokira lekualdatuko dituzte.

Vasti Jackson

Etzi, dantzak jarraituko du. Areatzako kioskoan, boogie-woogie ikastaroa emango dute. Swingaren antzeko mugimenduak ditu boogie-woogieak, oso bizia da, eta dibertigarria. Iaz egin zuten, eta, harrera ikusita, aurten ere egitea erabaki dute. Dinamikoa izango da, orobat, Granujas a Todo Ritmo taldearen ikuskizun ibiltaria. Zazpikaleetan ibiliko dira, 12:00etan hasita, The Blues Brothers filmeko protagonista Jake eta Elwood Blues anaien txotxongilo erraldoiekin, eta blues abesti klasikoekin osatutako errepertorio batekin, ikus-entzuleak dantzarazteko.

Bette Smith

 

Argazkietan, ordenean:

1. Shakura S’Aida. Bilboko Blues Festivalen egongo da. Bihar joko du, Areatzako agertokian.
2. Ghalia Volt. Emanaldi bat egin- go du etzi, Areatzako agertokian.
3. Indigo Blues. Taldearen kon- tzertu bat, iazko azaroan, Bellvit- geko (Hospitalet, Bartzelona) an- dreen blues jaialdian. Bihar joko dute, Areatzako kioskoan.
4. Vasti Jackson. Musikari sona- tuak The Mississippi Trinityrekin batera joko du gaur, Areatzako agertokian.
5. Bette Smith. Blues Festivalen parte izango da, halaber. Etzi en- tzun ahalko da, Areatzako agerto- kian.