Agurraren lezioa

Badaude baratzeak borborka, lekak, piperrak, kalabazinak, luzokerrak, eguraldiak eraso egiten ez dien tomateak, porruak txingarretan eta tipula gorri gazteak entsaladan. Badaude denak aho sabaian eztanda egiteko zain. Noizero amarengandik, bestetik, izekorengandik jasotzen ditugu Txikerrretxean. Baita Kolitzapetik antolatzen diren merkatuetatik inguruko azken baserritarrei ere. Noizero dena garesti omen da; baina zer erraz saltzen diren gero ahuakateak, modernitoen jana, edozertarako ona dena, hausnartu gabe ekoizpen horren atzetik dagoen uraren espekulazioa. Urre berdea, oraindik bertako soroetara heldu ez dena, baina ate joka daude. Bertan izango ditugu, kiwiak eta ostrukak heldu ziren bezala. Jamaika ikusteko jaioak gara.

Dena den, inguratzen gaituzten ostruka gehienak ez zaizkigu antipodetatik etorri. Badaudela ezin da ukatu. Hala ere, bertakoen ezaugarri nagusia ez da burua lur azpian sartzea, beti beste aldera begiratzea baizik. Tortikolisa ez du eragiten makurtzeak, kaskezurra biratzeak baizik. Taktika horrekin topatzen dituzte zuzterbako saldo baten txalo merkeak, norabide finko horretan jartzen dute begira, eta GPS koordenatuak iradokitzen dituzte, hain fidel gurtzen dituzten horientzat. Espezie hori ez da Enkarterriko endemismoa, baina badu atal berezia. Ganorabako halakoak!

Idatzitako gidoia apurtu behar da noizean behin. Intsumisioa Kolitzapetik hedatu zen, Alonsotegitik, Sodupetik, Zallatik, Karrantzatik bederen, Euskal Herrian bereziki garatzen ari zen mugimendua izan zenaren garaipena, harrotasunaren eta apaltasunaren artean konta dezakegu barnetik bizi genuenok. Horregatik, uztailaren 27an antolatu dugu afaria, San Pantaleon, 34 años de insumision lelopean. Berriro ospatu dugu 1989ko gau hartan Soietxeko kuartelera joan beharrean, aita jaio zen auzoko jai horretan egin nuen gaupasa hura gogoratuz. Urteetan zintzilikarioa zein eranskina prestatzen nuen, ezagunen artean paparrean eramateko. Agian, badaude kontraesanak: ez dugu nahi genuen guztia lortu, gastu militarrak igo dira etengabe, eta ez dugu lortu gizartearen beharretara bideratzea, baina alaitasun puntu bat behar dugu lerro berriak idazteko.

Kurtsoa ixtera doa, amaieran gaude. Irailean itzuliko naizen ala ez jakin gabe bidaltzen dizuet agurra. Plazer bat izan da leiho honetatik zuengana agertzea. Ohorea izan da Kolitzapetik hedatzen dena beste leku askotara barreiatzea, paperez zein pantailaz, euskarria edozein delarik. Argitaratu diren 70.000 karaktere uztartzeko ziurgabetasunak eman didan lanak ondo zabaldu du nire curriculuma. Oraindik ere erosten dudan paperezko egunkarian, ohi bezala, bilatu gabe etorri zitzaidan.

Ez ikusi, ez ikasi idatzi zuen Abadiak bere jauregi paregabean. Nik hutsunea nabarituko dudan arren, esan dezaket asko ikasi dudala, akatsez akats izan bada ere. Arranguraren bat bota gabe, agurra ere bada lezioa.