Ibai Maruri Bilbao
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondorioz, Itxas Argia elkarteak aldatu egin du Getxoko Aixerrotako Nazioarteko Paellen Lehiaketaren eguna: aspaldiko ohitura berreskuratuta, domekan barik Santiago egunez egingo da 68. aldia, datorren martitzenean. Kuadrillaz beteko dira Bizkaiko haize errota bakarraren bueltako belardiak eta inguruko basoa, Bronx deiturikoa. Hori ez da izango aurtengo lehiaketak ekarriko duen berrikuntza bakarra. Izan ere, baso hori legez babestuta dago, baina urtero izugarria da han elkartzen direnek ingurumenari egiten dioten kaltea. Horregatik, Getxoko Udalak neurriak hartzea erabaki du; besteak beste, basoaren zati handi bat hesitzea, eraikitzen diren etxolak solairu bakarrekoak izan beharko dira, eta haien oinarriak hormigoizkoak izatea debekatu du. Hala ere, bizilagunei “gutxi” iruditu zaie, Auzotarrok elkarteko Iñigo Elortegiren arabera: “Arazoari konponbidea emateko bost pauso eman behar badira, udala bakarra ematera ausartu da. Bada zerbait, baina ez da inondik ere nahikoa”.
Guztira, 15.000 eta 20.000 lagun elkartzen dira Aixerrotan. Horietatik gehienak Itxas Argia elkarteak lehiaketa antolatzen duen eremuan egoten dira. “Han ez dago arazorik: jaia bukatzen denerako dena garbitzen hasten dira, eta araudi bat dago bete beharrekoa. Arazoa handik kanpo daukagu, Bronx aldean”, zehaztu du Elortegik. Izan ere, gune horretan 6.000 eta 7.000 lagun elkartzen dira, eta, Auzotarrok elkarteko kidearen arabera, “arau gabeko jaia” egiten dute.
Duela sei urte hasi zen udala lehiaketa eremutik kanpoko inguru horretan segurtasuna eta garbitasuna handitzeko neurriak hartzen. Aurten, gehiago sakontzea erabaki du. Besteak beste, pinudiaren eta txilardien gunerako sarbideak hesolen eta zinten bidez zarratu dituzte dagoeneko. Hala ere, Elortegik salatu duenez, ez dute baso osoa zarratu; beraz, gazte kuadrillek hesitu gabe geratu den lekuan eraikiko dituzte etxolak, eta han egingo dute jaia. Gainera, “alferrekoa” iritzi dio etxolak eraikitzeko porlana erabiltzeko debekuari: “Orain, hormigoia erabili beharrean, poliestilenoa erabiltzen hasi dira, eta hormigoia besteko kaltegarria da ingurumenerako, edo gehiago”.
Arbolak moztuta
Era berean, zuhaitzak iltzeekin, sokekin eta bestelakoekin ez kaltetzeko eskatzen duten kartelak ipini dituzte inguruan. Elortegik kontatu duenez, azken urteetan basoko arbolen %30 inguru moztu egin dituzte lehiaketaren aitzakian basoan parranda egiten duten kuadrillek, haietan txabolak eraikitzeko. “Bizpahiru solairutako etxolak ikusi izan ditugu. Hamabi orduko parranda egiteko, ingurumenean sekulako triskantza egiten dute”.
Sega lanak ere egin dituzte udalak aginduta, gune ofizialaren ondoko eremu horretan, larrialdi zerbitzuak eta garbiketa zerbitzuetako kamioiak sartu ahal izateko. Elortegik ohartarazi du moztu diren sastrakak ere babestutako basoaren parte direla.
Auzotarrok elkarteko kidearen esanetan, lehiaketa eremutik kanpo egiten den jaiaren izaeran dago arazoa: “Bronxek ez du legerik. Lehiaketaren aitzakian parrandara joaten direnek edozer egiten dute. Udalak hori mugatu behar du. Baina ez da ausartzen, badakielako txarto hartuko diotela”.
Udalak argiak ipiniko ditu gauez indarkeria matxistari aurre egite aldera. Elortegik ez du uste konponbidea denik: “Argi gehiagorekin, jai handiagoa”. Horrez gain, aurten gune moreak ere egongo dira, udalak jarrita.