Ibai Maruri Bilbao
Urduñak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, geure arazoei geuk ipini behar diegu konponbidea, bestela ez du inork egingo”, ohartarazi du Jon Sierra Ortiz Urduñako Orduener energia komunitateko kideak. Energia ekoizpenaren eta kontsumoaren, klima larrialdiaren eta mugikortasun iraunkorraren arloan dituzten arazoei konponbidea eman nahi diete. Oraingoz, 25 bazkide dira, eta lehenengo bailarak duen egoera sozioekonomikoa eta naturala zein den aztertuko dute, ondoren proiektuak sortzeko. Kooperatiba bihurtzea dute helburu.
Sierraren esanetan, herritar talde batek horrelako proiektu bat bultzatzeko “une egokia” dela ikusi du. “Erakundeetatik gobernantza eredu berriak sustatzen ari dira. Energia sortzeko teknologia berriak sortzen ari dira. Eta Europako Batasuneko eta [Espainiako] Estatuko legediek horrelako proiektuak babesten eta sustatzen dituzte”. Aukerez gain, premiak ere ikusi dituzte, hiru arlotan: ingurumenean, gizartean eta ekonomian. Sierraren esanetan, hiru arlo horiei lotuta egon ohi dira energia komunitateak.
Gizarte arloan ikusi dute Urduñan pobrezia energetikoa dagoela. “Langabezia tasa txikia dugu, baina populazio zaharkitua dugulako da hori. Barne produktu gordina Bizkaikoaren batez bestekotik behera dago Urduñan, baita kontsumoa ere. Gizarte laguntzak jasotzen dituzten herritar asko ditugu. Gure etxeek gabezia handiak dituzte; batez ere, alde zaharrekoek. Isolamendu txarra dute, eta neguan erraz hozten dira. Adinekoek udan ere arazoak izaten dituzte beroarekin”, esan du, azterketa bat eginez.
Ingurumenaren arloan, energia aurreztea lehenetsi gura dute. Sierraren arabera, eurenaren antzeko energia komunitateak, gehienetan, energia sortzea izaten dute helburu. Orduenerrekoek ez dute baztertzen, baina ezer baino lehen kontsumitzen duten energia kopurua gutxitu nahi dute. “Gure arteko gehienek ez dugu energia merkatua ezagutzen, ez ditugu argindarraren eta gasaren fakturak ulertzen. Informazioa falta zaigu, eta horri buruzko prestakuntza eskaini nahi dugu, energia aurrezten laguntzeko”. Haren arabera, egokiena litzateke bakoitzak zenbat energia behar duen aztertu, eta horren araberako potentzia kontratatu. “Askotan behar duguna baino potentzia handiagoa dugu eskatuta, eta diru asko ordaintzen diegu argindar konpainiei”. Egiaz behar den energia gutxitzeko neurriak har daitezkeela ere ohartarazi du, etxeak isolatuta, tresna elektriko efizienteak erosita eta era horretako neurriak hartuta. Dena den, beharko balitz, ez dute baztertzen kooperatiba sortzean autokontsumorako argindarra ekoiztea.
Urduñako Udalak asmoa du baimentzeko udal eraikinetako teilatuetan eguzki planak jartzea, autokontsumoko kooperatibei laguntzeko. Baina Sierrak uste du une honetan plaken eztanda bat dagoela, eta iruditzen zaio beste alternatiba batzuk ere badaudela. Horregatik, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera Urduñako baliabide naturalak —basoak, ura, haizea…— aztertzen ari dira, energia sortzeko aukerarik iraunkorrenak zeintzuk izan daitezkeen ezagutzeko.
Irailetik aurrera, lanean
Lehen pausoak ekainean eman zituzten, eta azterketa fasean daude. Dena den, badituzte proiektu batzuk buruan oporren bueltan martxan jartzeko. Esaterako, bulego bat irekiko dute urduñarrei energiaren eta diru laguntzen inguruko informazioa emateko. Kontzientzia sortzeko berbaldi eta programak sustatuko dituzte; besteak beste, herriko ikastetxeetan. Mugikortasunari lotuta, arazo nagusia Usansoloko (Galdakao) ospitalera joateko garraio publiko zerbitzua dute: “Zuzenean doan arren, bi ordu luze behar ditu iristeko”.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: Orduener@gmail.com