Boluntario kualifikatuak

Boluntario kualifikatuak

Ibai Maruri Bilbao

Auzoetako eta herrietako ermitak, historikoki, auzolanean konpondu eta mantendu izan dira. Lan horri esker, asko ondo iritsi dira gaur egunera. Baina beste batzuk desagertu egin dira edo hondatuta daude. Hori gertatu da Zeanuriko ermitekin ere. Landa inguruko ondare erlijioso aberatsa du herriak. Guztira, hamazortzi dituztela esan du Angel Larrea Zeanuriko Otzerinmendi auzo kofradiako kideak. Hurrengo belaunaldiei ere aberastasun hori utzi ahal izateko, konpontzeko premia dutenak zaharberritzeko proiektu bat probatzen hasi dira. Boluntariotza bidez egingo dute, baina hainbat eragile eta erakunde pribaturen arteko elkarlana izango da. “Auzolana ondo dago, baina batzuetan jende kualifikatua ere behar izaten da. Frantzian, esate baterako, horrela egiten dute aspalditik haien ondare materiala jagoteko, eta eredu arrakastatsua da”.

Zeanuriko Rotaetxe familiako kide batzuen ekimenez sortu da proiektua, eta Larrea ipini dute gidari. Sendi horretakoek Nafarroako Unibertsitatera ere jo dute laguntza eske: Arkitektura Eskola Teknikora. “Hango irakasleak eta ikasleak Zeanurin izan genituen ekaineko azken astean, gure ermitak begiratzen, neurtzen eta planoak egiten”. Guztira, hamabost ikasle etorri ziren Iruñetik, Arkitektura graduko lehen, bigarren eta hirugarren mailetakoak. Nolabaiteko trukea izan da: unibertsitateko ikasleek praktikak egiteko aukera izan dute, unibertsitatean teoriaren bidez ikasitakoa, bertatik bertara erabiltzeko. Aldi berean, Zeanuriko proiektua bultzatu dutenek haien ermiten egoera arkitektonikoa modu kualifikatuan ezagutu dute.

Laurekin hasi dira

Hasteko, lau ermita aukeratu dituzte. Horietako bi Bilboko Elizbarrutiaren jabetzakoak dira: Zeanuriko plazan dagoen San Isidro eta Andra Mari parrokia ondoan dagoen Pietatea. Bi horietan lan egiteko, berriz, elizbarrutiaren eta unibertsitatearen arteko akordio bat egin dela azaldu du Larreak. Aukeratutako beste bi ermitak auzo kofradia birenak dira:Altzustako kofradiako San Migel eta Otzerinmendiko San Justo.

Larreak kontatu duenez, ermita guztiak erabiltzen dira, San Migel izan ezik. “Hamarkadak daramatza zarratuta. Arazoak ditu aspalditik”. Baina laurek behar dituzte konponketak: “Ohola sitsak jan duela, teilatuan itoginak daudela, hormak hondatuak dituztela…”. Orain, egoera zein den badakitenez, udako oporren bueltan proiektuaren bigarren faseari ekin gura diote: ermitak zaharberritzen hasiko dira irailean. “Nork ordainduko ditu lanak? Gondra Barandiaran fundazioak”. Bizkaian ondarea berreskuratzeko proiektuak finantzatzen ditu fundazio horrek, besteak beste.

Bizkaiko Arkitektoen Elkargoaren eta Zeanuriko Udalaren laguntza ere izan dute. Esaterako, Nafarroako Unibertsitateko ikasleentzako lokala utzi die udalak. “Goizetan, ermitetan ibiltzen ziren neurketak eta azterketak egiten; arratsaldeetan, ostera, ordenagailuko lana egiteko tokia behar izaten zuten”.

Zeanuriko San Isidro ermita

Hedatzeko eredua

Larreak uste du auzolana baliagarria izan dela askotan, baina ez beti. Adibidez, haren arabera, ez da erraza horrelako obra batek eskatzen duen inbertsio ekonomikoari aurre egin ahal izatea. Bestelako zailtasun batzuk ere topatu dizkio eredu horri: “Oso euskalduna da, oso ondo dago, baina gaur egun kontuan hartu behar dugu landa inguruan demografia zein den. Biztanleriaren zahartze prozesua hor dago, eta auzoetan partaidetza lortzea arazo handi bihurtu da”.

Esan duenez, “gizartearen sekularizazioak” ere izan du eraginik eraikin hauen egoeran: “‘Auzoko ermita konpondu? Ni ez naiz kristaua’, erantzuten dizute. Aurreiritzi asko daude. Gure ondare erlijiosoa dira, baina baita kulturala, etnografikoa eta antropologikoa ere. Zer egingo dugu? Hondatzen utzi?”. Jende askok ermitak estima handitan dituela azpimarratu du. Gainera, auzo kofradientzako elementu garrantzitsuak dira haien auzoetan daudenak, kofradiak ermiten inguruan sortu direlako, haien jabetzakoak direlako, eta haien bueltan ospatzen dituztelako auzoko jaiak. Zeanurin zazpi auzo kofradia daude, eta bakoitzak bere ermita dauka. “XVI. mendetik ditugu, eta gizaldiz gizaldi jaso dugun ondarea dira”.

Probak emaitza onak emanez gero, beste ermitetara hedatuko dute. Gainera, Otzerinmendiko kofradiako kideak dio eredua izan daitekeela Bizkaiko gainerako herrietarako. Baita ermita ez diren bestelako ondarea babesteko ere.