Ibai Maruri Bilbao
EAEko Arartekoak Bilboko Epaltzaren Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako etxebizitzetako bizilagunen eskaera babestu du: Bilboko Udalari eskatu dio Aste Nagusian gauero egin ohi den su festa lekuz aldatu dezala. Izan ere, iazko jaietako azken zapatuan sutea piztu zen bi eraikin horietako teilatuetan, eta, bizilagunen arabera, su festak eragin zuen. Bizilagunek lehenago ere egina zioten eskaera hori udalari, baina, salatu dutenez, ez dute erantzunik jaso. Orain, udalak Arartekoari erantzun dio aztertuko duela eskaera. Bizkaiko Hitza ahalegindu da udalak zer egingo duen jakiten, baina ez du erantzunik jaso.
Bizilagunek azaldu dutenez, Arartekoari emandako erantzunean udalak esan du bi aukera aztertzen ari dela: piroteknia jaurtitzen den eremuaren lekua aldatu edo “segurtasun baldintzak hobetu”, “herritarren beharrei erantzun eraginkor eta efizientea emateko”. Hala ere, udalak Arartekoari azpimarratu dio erabaki hori “udaleko hainbat arlok” hartu behar dutela. Arartekoak “bukatutzat” jo du bere eginkizuna auzian, eta horrek bizilagunen ezinegona eragin du, udalak ez duelako “ezer zehaztu”. Beraz, Aste Nagusia hasteko hilabete pasatxo falta denean, bizilagunek oraindik ez dakite aurten nondik eta zelan botako diren suak.
Mallona inguruan egoten da ipinita Bilboko zerua koloreztatzen duen piroteknia, Etxebarria parkearen eta Zazpikaleen artean. Bizilagunen arabera, sarritan topatu dituzte hondarrak haien etxeetan, eta noiz edo noiz sua ere ikusi izan duten teilatuan. Baina iaz arte ez dute halako ezbeharrik izan. Abuztuaren 27an izan zen sutea. Eraikineko bizilagun batek 112 zenbakira deitu zuen 23:06an, teilatuan garrak agertu zirela ohartarazteko. Ordurako, argindarra joana zen eraikinean. Bizilagunak bere etxeko fusibleak aztertu zituen, eta kalera atera zen begiratzera ea beste eraikinetan argirik zuten. Orduan ikusi zituen garrak. Sutearen ondorioz, kale horretako 8., 9. eta 10. zenbakietako bizilagunak etxetik atera zituzten, eta handik gertu zeuden hainbat txosnatan jaiaz gozatzen zebiltzan herritarrak ere aterarazi zituzten. 03:00 aldera itzali zuten sutea.
Lehen une hartan sutera joan ziren suhiltzaileek idatzitako partean su festa aipatu zen sua piztu izanaren erantzule nagusi. “Suzirietako batek bi zatitan tiro egin zuen modu horizontalean”, zioen lehen idatzi hark. “Teilatua ondo zegoen, ez zegoen obrarik, eta su festa izan eta berehala gertatu da. Horrek pentsarazten du sutearen jatorria, ziur aski, suteengatik izan zela”, han ibilitako suhiltzaileen arabera. Dena den, biharamunean Juan Mari Aburto alkateak ukatu egin zuen. Udalak eskatuta, Bilboko udal suhiltzaileek ikerketa bat egin zuten. Urrian jakin ziren emaitzak, eta zioen “argindar kutxa batean” sortu zela sua; “zirkuitu labur batek eragin zuen”.
Argindar kutxa erabilgarri ez
Bizilagunen esanetan, “urteak dira” argindar kutxa hori erabilgarri ez dagoena. Gainera, sutea piztu zen etxebizitza “oso-osorik zaharberritu” zuten 2018an, “teilatu eta guzti”, Bilboko Udalak gainbegiratutako obra batean. Bosna solairu dituzte Epaltzaren Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako eraikinek. 9. zenbakiko azken solairuak izan zuen kalterik gehien. Sutetik hamar hilabete igaro diren honetan, familia bi oraindik ere ezin izan dira euren etxeetara itzuli, eta beste bik konpontze lanetan jarraitzen dute.