Olatz Silva Rodrigo
Duela 40 urte inguru aurkikuntza “garrantzitsua” egin zuen Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologia Elkarteko presidenteak. Barrikan, Meñakotz hondartzaren gainean, material “esanguratsuz” sortutako “estraktu bat” aurkitu zuen. “Silex materiala zen; harri ezpalak eta puntak aurkitu nituen”, gogoratu du. Iaz, Barrikako Zabaletxe 22 aztarnategia ikertzen hasi ziren. Eta, duela gutxi, indusketa lanen bigarren kanpaina amaitu dute. Ondorioztatu dutenez, 40.000 urte inguru dituen silex tailer bat dago bertan.
Edestiaurre EHUrekin batera ari da ikerketa lanak egiten. “Silex tailer bat in situ aurkitu dugu”, azaldu du Libanok. “Bertan sortzen zituzten tresnak eta tresnen arrastoak topatu ditugu lurrean, mugitu gabe”. Besteak beste, Barrikako flyscheko silexez egindako puntak, xaflak eta gubilak bildu dituzte. Libanoren arabera, aurkikuntza “oso garrantzitsua” da. Zergatik? Chatelperron garaikoak direlako. “Garai horretako oso datu gutxi ditugu, aztarnategiak oso urriak direlako”.
Neandertalen eta Homo sapiens-en trantsizioa izan zen Chatelperron aldia: “Neandertalak duela 150.000 urtetatik daude Europan; Homo sapiens-ak, Afrikatik etorri ziren, eta duela 40.000 urte inguru Europara sartu ziren, Pirinioetatik, gure eskualdera”. Talka horretan, “teknologia berezi bat” sortu zuten: “Tresnen teknologia, erreminta litikoak egiteko”. Garai horretako “izarra” Chatelperron punta da. “Europan, horrelako ehun bat pieza daude, eta horien laurdena Barrikan dago”. Bigarren kanpaina amaitu berritan, Zabaletxe 22 aztarnategian horrelako hamabi pieza aurkitu dituzte. “Horregatik da hain garrantzitsua”.
Garai hartako erreminta guztiak silex materialarekin eginda zeuden. Izan ere, euren lehengaia zen. “Hori gabe, ez ziren bizirik ateratzen”. Barrikan aurkitutako silex tailerrean, ehizarako tresnak egiten zituzten. Chatelperron puntak xabalinetan jartzen zituzten, lantza gisa erabiltzeko. “Ehiztari-biltzaileak ziren; ez ziren inon finkatzen, ehizaren arabera mugitzen ziren”. Eguraldi ona egiten zuenean, Uribe Kostan egoten ziren. “Itsasoko, ibaietako eta basoetako baliabideak zituzten”. Eguraldiak okerrera egiten zuenean, ordea, Durango aldera mugitzen ziren, baita Arabara, Asturiasera (Espainia) eta Frantziara ere. “Barrikako materiala beste toki batzuetara eramaten zuten; silex material berezia toki horietan agertu da”.
Bi asteko indusketa lana
Indusketa kanpaina bat prozesu “luzea” da, Libanoren arabera. Bi aste egon dira aztarnategian lanean. Eta bi asteko indusketa lan horrek, lau hilabeteko ikerketa lana esan nahi du. Orain arte, zortzi metro koadroko zundaketa egin dute. Indusketa taldean hamar pertsona inguru aritu dira. “33 zentimetroren aldea duen lauki bat hartu du ikerlari bakoitzak, eta 2,5 zentimetro jaitsi garen bakoitzean, material guztia atera eta argazkiak atera ditugu”. 1,30 metroraino jaitsi dira.
Lortutako material guztia ikertu behar dute orain. “Lehenengo, bahetu behar da; eta, gero, uretan jarri”. Sareta txikiak erabiltzen dituzte, materialik txikiena bertan gera dadin. “Ateratzen den guztia garrantzitsua da ikerketarentzat”. Besteak beste, materialik txikienekin jakin dezakete garai hartan errekuntza guneak ote zeuden, inguruan zein landare mota zeuden eta, silexaz gain, zer egur mota erabiltzen zuten.
Nahiz eta azken indusketa lanak amaitu, duela gutxi Australiako bi arkeologo Zabaletxe 22n egon dira. “Beste datatze bat egingo dute: aztertutako sedimentuen laurdenak hartuko dituzte, eta, prozesu kimikoen bitartez, aztertuko dute zenbat erradioaktibitate galdu duten, azken argi izpia jaso zutenetik”. Datazio prozesu horren bidez, 40.000 urtetik 300.000 urte arteko antzinatasuna azter daiteke. Harrien morfologiaren ikerketaz gain, beste modu bat da tresnen eta tailerraren data zehazteko. “Horrela, gure lanari fidagarritasun handiagoa eman diezaiokegu”.
Hurrengo urteei begira
Ikerketa hasi besterik ez da egin. “Hurrengo bost edo sei urteetan, kanpainak egiten jarraituko dugu”, azpimarratu du Libanok. Datorren urtean, gainera, babesteko karpa handiago bat jarri nahi dute. “Aurten, berotegi antzeko bat jarri dugu, euria egin duenean, lan egin ahal izateko”. Helburua da datorren urtean karpa hori “egonkorragoa” izatea. Izan ere, dibulgaziorako tokia ere izan dadin nahi dute. “Neguan, Uribe Kostan dauden ikastetxeei prozesua azaldu nahiko genieke”. Oraingoz, aurkitutako materiala ikertzen jarraituko dute, eta beste toki batzuetan indusketa kanpainak egiten. Besteak beste, Larrabetzuko Burdin Hesian hasiko dira lanean laster.