Ihesaldiaren lekukotasunak

Ihesaldiaren lekukotasunak

Amaia Igartua Aristondo

Eremu bakartu bat da, oihanaren erdian kokatuta, landarediak irentsitako gune bat. Ozeano Barearen aldamenean dago, Panamako mugatik gertu. Bahia Solanora (Kolonbia) heltzeko, airea da bide bakarra, edo, merkantzien kasuan, itsasoa. Ez dago errepiderik. Eta, hain justu, ezaugarri horiek ezin erakargarriago bilakatu dute narkotrafikoarentzat eta hori kontrolatzen duten talde armatuentzat, eta ezin madarikatuago hango herritarrentzat, ohikoa baita mehatxua, eta indarkeria izaten baita, tarteka: 2020an, taldeok pare bat gizarteko lider indigena hil zituzten, eta herritarrek ospa egin zuten handik, izututa. Argazki bilduma batean bildu dituzte istorioa eta protagonistetako hainbat, eta Sestaoko musika eskolako erakusketa aretoan ikusi ahalko da, asteazkenera arte.

Zabalketa gobernuz kanpoko erakundeak antolatu du erakusketa —Getxon du egoitza nagusia—. Ezaguna dute Kolonbia, hogei bat urte baitaramatzate han beharrean —erakundeak 32 urte ditu guztira—. Ekialdeko Antiokian hasi zuten ibilbidea, barnealdeko gune batean, menditsua, non gatazka armatua ere oso presente dagoen; bertoko mikroenpresei lagundu zieten, nagusiki. Handik, Panamarako norabidean mugitu dira, poliki-poliki, Choco probintziara heltzeraino; han, haiek ere Bahia Solano begiz jo zuten, baita bakartze egoeragatik ere, Susana Mateo Zabalketako kidearen berbetan.

“Kolonbiako departamenturik txirotuenetakoa da”, nabarmendu du Mateok, eta biztanleak “oso zaurgarriak dira”. Populazioaren %80 afrokolonbiarrak dira, eta %15, indigenak; hortaz, “haien ohiturak eta hizkuntzak mehatxatuak daude”. Gainera, abagune profesional urriko eremua da, eta askorentzat narkotrafikora lotzea da aukera nagusia, hura delako negoziorik gailena. “Kolonbian, narkotrafikoaren ibilbideek oso ondo funtzionatzen dute; oso enpresa oparoa da. Eta Barea ibilbide bereziki ona da”, esan du Mateok.

Laguntza humanitarioa

Zabalketaren helbururik behinena zen bestelako alternatibak sustatzea —batik bat, gazteentzat—, Mateok azpimarratu duenez. Orain dela hamabi bat urte heldu ziren hara, garapen sozioekonomikoan laguntzeko printzipioz, baina gatazkak hauspoa hartu zuen hurrengo urteetan. Egoera gaiztotuz joan zen, mehatxuak ugaritu egin ziren, eta taldeak adingabeak errekrutatzen hasi ziren. “Gatazketan aro ezberdinak daude, baina ikusten genuen tentsioa ohi baino handiagoa zela. Gero eta gehiago hurbiltzen ari ziren gu geunden guneetara”. Mugarri bat jazo zen 2020an: Juana Perea lider soziala hil zuten; mehatxatua zuten talde armatuek, baina ez zuten uste hura hiltzera atrebituko zirenik, Mateoren esanetan.

Handik gutxira hil zuten beste lider bat, Tapi Rito, adingabeen errekrutatzearen aurka agertu zelako, besteak beste. Bigarren krimen horren ondoren, mila indigena inguruk ospa egin zuten beren etxeetatik, eta hirigunerantz jo zuten. Erakundeak jabetu ziren estrategia aldatu beharra zutela, momentu hartan laguntza humanitarioa baitzen premiazkoena, garapenaren gainetik.

Eskolan hartu zituzten iheslariak, baina haiek ez zuten hirian errotu nahi, baizik eta haien jatorrira itzuli. Zabalketak eta gainerako erakundeek laguntza eman zieten etxeratzeko, eta Zabalketakoak han geratu ziren haiekin, babesa emateko, mehatxua ez baitzen erabat desagertu. Laguntza humanitarioa eman ondoren, garapena izan zuten jomuga ostera ere, eta horretan dabiltza orain: berriki, 220 zeramikazko filtro instalatu dituzte inguru hartan, eta aztertzen ari dira nola doazen. Izan ere, Bahia Solanoko landa guneko biztanleak ibaien ertzetan bizi dira, eta han egiten dute dena, ez baitute saneamendurik. Hala, tratatu gabeko urari lotutakoak dituzte gaixotasun gehienak.