Deabruak Lekeitioko kaleetan

Deabruak Lekeitioko kaleetan

Amaia Igartua Aristondo

Deabruarekin tratua egindakoen artean, Lekeitioko lagun bat ere badago. Urteetan, herriko abadeak elizan bahituta eduki du Mingorri, azal iluneko eta mihi gorriko izakia; orain, Lumentza mendiko kobazuloan bizi da, eta deabruak proposamen bat du berarentzat. Arropa ilun mardulekin, adar gorriekin, eta sugar bizi ikusgarriez inguratuta, kalez kale doa segizioa, perkusioaren eta dantzen bitartez helarazten Mingorriren istorioa. Hamar urte bete zituen iaz Lekittoko Deabruak konpainiak, eta, mugarria ospatzeko, Mingorri kalejira ekoitzi zuten Zozongo perkusio taldearekin batera. Izakia jatorrira itzuliko da asteburu honetan: gaur hasiko da Lekeitioko Kaleka jaialdia, eta bihar antzeztuko dute kalejira, udaletxetik hasita, 23:30etik aurrera. Guztira, 11 ikuskizun eskainiko dira kaleko arteen jaialdiaren 33. aldian, etzira arte.

Hamar urteko ibilbide bat da Lekittoko Deabruena, beste konpainia askoren pausuekin bat egiten duena, Ibon Noya Egurrola Kalekako komunikazio arduradunaren hitzei erreparatuta. Izan ere, Euskal Herrian indarra biltzen ari dira kaleko arteak. “Uste dugu azken urteetan asko igo dela bai konpainien kopurua, baita haien lanen kalitatea ere”. Deialdi zabal bat egiten dute proposamenak jasotzeko, eta aurten 407 lan helarazi dizkiete. Nazioarteko jaialdi bat denez, leku askotatik bidaltzen dizkiete ekoizpenak, baina, komunikazio arduradunaren esanetan, bertokoak “nabarmendu” egin dira oraingoan.

Aniztasuna da euskal konpainien beste ezaugarri behinena, Noya Egurrolaren irudiko, eta Kalekako egitarauan islatzen da oparotasun hori, mota askotariko ikuskizunak programatu baitituzte. “Publikoa oso desberdina da, gustu desberdinak dituzte, eta hori kontutan hartzen dugu egitaraua egitean, ez baita erraza hainbeste proposamenen artean gutxi batzuk aukeratzea”. Denetarik edukitzen ahalegintzen direla esan du: familientzako lanak, hainbat generotakoak, batzuk publiko zabalarentzako aproposak, bestetzuk ikusle jakin batzuentzat…

Deabruez gain, Bizkaiko beste konpainia bat egongo da jaialdian: Cia Trotamundos zirku taldeak Finito-Infinit@ ikuskizuna eskainiko du gaur, udaletxearen aurrean. Eguneroko monotoniaz dihardu lanak, eta horren pitzaduretan murgilduko dira artistak, joerak apurtzeko.

Bi horiez gain, Euskal Herriko beste bi konpainia ariko dira Lekeitioko kaleetan: Haatik eta Trapu Zaharra Gipuzkoako taldeak. Haatikek Ur antzeztuko du gaur, baliabide naturalen ustiaketa hizpide duen proposamena. Ibaia estali, mendia zulatu, gailurra moztu eta etxea eraitsi: prozesu horiek gorputz mugimendu bilakatuko dituzte. Politikaz mintzo da, aldiz, Trapu Zaharraren Mesede bat egitearren: aurre kanpainan irabazletzat jo dutenean, beldur eszenikoa agertu zaio politikariari, eta ikusleen laguntzarekin ahaleginduko da konponbidea topatzen.

Ur

Mugaz haragoko artistak

Nazioartera ere begira dago Kaleka, dena den. Aurten, esate baterako, Portugalgo PIA konpainiaren O2 pieza programatu dute. Ikuskizun hori nabarmendu du Noya Egurrolak, besteak beste, konpainia “handi” bat baita PIA. Oxigeno bila dabiltza protagonistak, bizitza bila. Etorkizun “hauskor eta zalantzazko” batean, modernizazioak oztopatutako mundu bat sortu da, bai baitaude oraindik egokitzeko gai diren gorputz batzuk; bakan horien memorietan bermatzen da mundu zaurgarria.

Espainiakoa da Baychimo Teatro konpainia, eta haren Versos que anidan (Habia egiten duten bertsoak) ezohiko emankizun bat da, Kalekako komunikazio arduradunaren arabera. “Ikuskizuna baino gehiago, espazio eszeniko bat sortzen du. Instalazio bat da, non poesia landuko den. Interesgarria da halako proposamenak ere edukitzea, egon daitezela eremu batzuk ikuslea bertara joateko, erlaxatzeko, gauza ezberdinak ikusteko…”. Sei orduz bisitatu ahalko da bihar, 17:00etatik 23:00etara, Abaroa parkean.

Poesiatik, komunera. Hor kokatzen baitu bere obra, WC, Espainiako David Cebrian antzezleak. 48 urterekin lortzen du protagonistak bere bizitzako ametsa betetzea: etxebizitza bat erostea, eta independizatzea. Txikia da etxea, eta gizona komunetik ariko zaizkie ikusleei, hori baita, aldi berean, etxeko lekurik onena eta txarrena.