Mikel Garcia Martikorena
Ezkontza soineko zuriek tolesgabetasuna, araztasuna esan nahi izan dute mende luzez. Emakumea adjektibo horien barruan egon behar zen ezkongai izan ahal izateko. Ezaugarri horiek ez bazituen betetzen, “ganoragabea” zela esan ohi zen. Antzina, Bilboko Askao kaleko 9. zenbakian, San Nikolas elizaren alboan, horrelako soinekoak egiten zituen denda bat zegoen. Gaur zortzitik, ostera, guztiz aldaturik dago, “ganorabako” horien arnasgune bihurtu baita. Edo, gutxienez, hori da haren arduradunen xedea.
Izan ere, joan den asteko ostiralean zabaldu zuten La Sinsorga gune feminista. Hamazortzi hilabetez obretan egon ostean, lortu dute eraikina birmoldatu eta haien helburuetarako erabilgarri uztea. Irantzu Varela eta Andrea Momoitio dira gunearen zuzendariak. Varelak azaldu duenez, helburua izan da haiek “lasai” joango liratekeen gune bat eratzea: “Homosexualekiko eta feministekiko geroz eta arrotzagoa den munduan, libre eta seguru sentitzeko espazio bat sortu nahi izan dugu”.
Eraikinak beste hainbat pisu dituen arren —goialdeko terraza, esaterako—, lau solairuk osatzen dute La Sinsorga, bakoitza bere izaera eta xede propioarekin. Eraikinean sartu eta aurreneko gunea taberna da. Bertan, edatekoa zein plater beganoak egongo dira, Sustraiak taldearekin lortutako akordioa dela medio. Hori, baina, ez da guneak hartuko duen kolektibo bakarraren ekarpena. Izan ere, bigarren gunean emakumeek edo emakumez osatutako kolektiboek egindako produktuen denda bat dago. Han, Miss Comadres edo Fosforito Suave kolektiboen produktuak egongo dira salgai.
Bigarren solairuan, Loreen gunea sortu dute Varelak eta Momoitiok. 50 pertsona inguru biltzeko gunea erraztu dute, hitzaldiak, bakarrizketak edota tailerrak egin ahal izateko. Zuzendariek adierazi dutenez, haien xedea da irailetik aurrera “agenda kultural eta feminista sendo eta iraunkorra” eratzea. Hala ere, jadanik aurreneko ekitaldia egin dute; La Sinsorga ireki eta biharamunean, Zinegoak jaialdiko proiekzioa eta solasaldia egin zituzten, Queer (Un)Belongings filmaren inguruan.
Ganbara bat ere badago. Oraindik erabilgarri ez dagoen gunea da, lanak “guztiz amaitu” eta Bilboko Udalaren baimenak falta zaizkielako, baina Momoitiok esan du “gutxi barru” zabaltzeko ahaleginetan dabiltzala. Ganbara sinsorgentzako —hau da, La Sinsorga guneko bazkide izango direnentzako— leku bihurtu nahi dute, “bilerak eta bestelakoak” egiteko.
Ehunka ‘sinsorga’
Zabaldu aurretik, ia hirurehun bazkide zituen guneak, eta haiei “bereziki eskerturik” daudela esan dute Varelak eta Momoitiok. Eraikinean berrikuntza lanak egin ahal izateko baliabide ekonomiko “handiak” behar izan dituzte, eta horiek lortu ahal izateko kanpaina bat abiarazi zutela dio Momoitiok: “Ez genuen crowfunding normal bat egin nahi obrak egiteko, eta guk uste genuen erarik onena bazkideak biltzen hastea zela. Hasiera-hasieratik erantzuna paregabea izan da; are gehiago, asko kuota aurreratzen joan dira guk baliabide ekonomiko horiek eskura izateko”.
Momoitiok adierazi du aurreneko egunetan bazkideak eta “gertuko” jendea espero zutela soilik, eta “ezustean” harrapatu dituela “hainbeste” jende inguratu izanak. Ostiralean “bete-betean” egon zen gunea, eta zenbait edari eta janari amaitu egin zitzaizkien. Momoitioren esanetan, “gunera emakumeak soilik sar daitezke?”, galdetzen zuten askok. Zuzendariak argitu du “nahi duena” joan daitekeela. Varelak gaineratu du ongi etorriak ez diren bakarrak “faxistak, matxistak eta homofoboak” direla.
Biek kontatu dutenez, irekieran hasieratik egon zen jendea, eta ez da gutxi, 08:00etan zabaldu baitzituzten ateak. Hori izango da zabaltzeko ordua egunero. Itxiera, berriz, egunaren araberakoa izango da: igandetik asteazkenera 23:00 arte egongo da zabalik, ostegun eta ostiraletan gauerdira arte, eta larunbatetan, 01:00etan itxiko dute. Ordutegi horiei esker, taberna gosariak, bazkariak zein afariak emateko gai izango da. Varelak, baina, tabernan bestelako ekintzak egiteko aldarria egin du: “Gustatuko litzaidake La Sinsorga, kafe bat hartu eta liburu bat lasai eta seguru irakurtzeko gunea bihurtzea”.
Irudiaren garrantzia
La Sinsorgara sartu bezain laster arreta pizten duen aurreneko gauza estilismoa da, garai viktoriarrak gogoratzen baitituzte hango hormek eta apaingarriek; armiarma lanparak, esaterako. Hori, ordea, ez dute ausaz hautatu. Varelak argitu du ezkontza soinekoen dendak zuen irudia mantendu nahi izan dutela, “beste zentzu bat” eman ahal izateko. Ildo horretatik jarraikiz, bost diseinatzaile emakumeri soineko zuriak hartu eta birdiseinatzeko eskatu diete. Gune osoan daude horiek sakabanatuta, ezkontzaren esanahi hori apurtu eta bertaratzen direnek “harrotasunez ganorabakoak” direla esan ahal izateko.
Paretetako irudi “elegantearekin” apurtzen duen bakarra komuna da: oihan bat dute margotuta hormetan. Estilismo apurketa horrek garrantzi berezia du zuzendarientzat, eta logotipora eraman dute. Baina, La Sinsorgaren logoaz gain, beste ilustrazio bat ikus daiteke gunean zein informazio edo produktuetan —ardo botila berezietan, adibidez—: bi emakume dira, bata meatzariz jantzita eta bestea sardina saltzaile modura. Momoitiok eta Varelak jakinarazi dutenez, beraiek dira bi pertsonaia horiek, hurrenez hurren, Meatzaldekoa eta Santurtzikoa direlako.