Ibai Maruri Bilbao
Bizkaiko ermitarik zaharrenetakoa da, Mungiako Zumetxagako San Migelekin eta Bakioko San Pelaiorekin batera. Baina, Teresa Campos arkeologoaren arabera, Arrigorriagako San Pedro Abrisketakoaren jatorria zein den zehazteko oraindik asko ikertu behar da: “Ez da sekula egin azterketa zientifikorik”. XI. eta XII. mendeen artean eraiki zutela uste dute, baina baditu lehenagoko elementuak ere, Asturiasko aurrerromaniko estilokoak; beraz, baliteke zaharragoa izatea.
Joan den mendearen erdi aldean, Arrigorriagako boluntario talde batek berreraiki zuen ermita. Camposen arabera, hondatuta zegoen. Eta, orain ere, boluntario talde bat dabil ikerketa sustatzen. 2008an sortu zen Malmasingo Lagunak elkartea, udalerriko memoria berreskuratzeko, eta haiek bultzatu dituzte. Camposek azaldu duenez, 2020ko udazkenean egin zituzten lehen lanak. Lurzoruaren azpian zer dagoen aztertzeko, georradarra erabili zuten. Tenpluaren hormen fotometria ere egin zuten. Horri esker, xehetasun handiarekin dakite zelakoak diren, eta aztertzeko errazago daukate. Hala ere, esan du oraindik asko geratzen zaiela ikertzeko. Camposek espero du “sorpresa onak” izango dituztela.
Baoak eta erliebeak
Tenplu txikia da: 7,34 metro luze eta 5,25 zabal da nabea, eta 6,30 metro luze eta 2,30 zabal absideda. Bao bi ditu: bata sarrerakoa eta bestea absidean dagoen leihoa. Sarrerak zirkuluerdiko arkibolta laua eta zazpi dobela erradial ditu, bederatzi piezako txanbrana batez inguratuta. Biak daude ate zango monolitikoen gainean. Erromanikoaren berezko motiboekin molduratutako inpostak daude zango horietan. Absideko baoa, berriz, pieza monolitiko bat da; ez dago presbiterioaren ardatzaren parean. Pieza angeluzuzena da, bertikalean jarria eta inposta erromanikoko segmentuz koroatua. Gainazal osoa apainduta dago. Beheko aldean, bi gurutze bisigotiko daude.
Erliebe bi ere nabarmendu ditu. Haietako batean gizon bat eta emakume bat ikusten dira. “Batzuen arabera, dantzan ari dira; beste batzuek diote sexua praktikatzen ari direla. Erromanikoan oso ohikoa zen erliebeak moralizatzeko erabiltzea: zer dagoen ondo eta zer txarto erakusteko”. Beste erliebea ez dago osorik; aurrera begira dagoen pertsona bat ageri da, eta alboko pertsona falta duela dirudi.
Behin barrura sartuta, Camposek latinezko idazkiak dituzten erromatarren garaiko hilarri batzuk ere nabarmendu ditu. Ermita berreraikitzeko erabili ziren. Azpimarratu duenez, hainbat elementu daude jatorrizkoak ez diren lekuetan, baina oraindik ezin izan dute zehaztu ermitakoak diren edo beste nonbaitetik ekarritakoak diren. Normalean ermita itxita egoten da. Etzi zabalduko dute San Pedroren omenezko erromeriarako, eta orduan ikusi ahalko dira bertatik bertara.