Mikel Garcia Martikorena
Barakaldoko bizilagun, ekologista eta mendizaleen hainbat kolektibo —Barakaldo Natura buru dutela— oraindik onartzeko dagoen EAEko energia berriztagarrien lurralde plan sektorial (LPS) berriaren aurka agertu dira. Barakaldo inguruan dauden Argalario eta Peñas Blancas tontorrak parke eolikoak eraikitzeko gune bezala jasotzen ditu planak. Herriko kolektiboen iritziz, baina, “ez da zentzuzkoa” gune horiek planean sartzea, haien balio “ekologiko, geologiko, historiko zein kulturala” dela eta. Horregatik, apelazio dokumentua aurkeztuko dute gaur Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean.
Begoña Rodriguez Barakaldo Naturala kolektiboko kideak azaldu duenez, Jaurlaritzari helaraziko dioten dokumentuan Barakaldoko guneak LPStik kentzeko argudioak bildu dituzte. Rodriguezek argitu du energia berriztagarrien alde daudela, “baina ez horrela”: “Barakaldon ezarri dituzten lekuak ez dira bideragarriak duten balio ekologikoagatik. Gure ustez, ezin da biodibertsitatea txikitu horrelako parkeak ezarri ahal izateko; ez Barakaldon, ezta beste inon ere “.
Administrazioaren helburu nagusietako bat biodibertsitatea “mantendu eta zaintzea” izan beharko litzatekeela uste dute kolektiboetakoek. Ostera, Rodriguezek dio “mantendu baino gehiago aurka” egiten dutela. Barakaldon gune horiek mantentzeak “berebiziko garrantzia” duela azpimarratu du elkarteko kideak, Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialean korridore ekologikotzat joa baitago; hau da, biodibertsitate eta faunarentzat gune seguru bat izan behar du.
Erabaki horren atzean, inguruan dauden animalia zein landare espezieak daude: Barakaldo Naturak iaz egindako ikerketaren arabera, parke eolikoak kokatu ahalko diren eremuetan mehatxupean edo arriskuan dauden 59 espezie bizi dira. Sai zuriaren habiak Barakaldoko tontorretan aurkitu daitezke, besteak beste.
“Energia eratzeari soilik begiratuz gero ere, ez du zentzu handirik”, iritzi dio Barakaldo Naturaleko kideak. Hark dioenez, haizearen abiadurak eragindako errendimenduari begiratuta, ingurua “kalitate txikikoa edo oso txikikoa” da. “Hortaz, haien parametroak erabilita ere, ez dugu uste zentzuzkoa denik hemen parke eolikorik jartzea”.
Beste aukerak
Energia eratzeko errendimenduari tiraka heldu da Barakaldoko elkarteen proposamena. Rodriguezen hitzetan, konponbidea ez dago ingurune naturalean, “jadanik artifizializatuta” daudenetan baizik: “Baliabideak gune urbanoetara bideratu beharko lirateke. Gure ustez, agian ez ehuneko ehunera, baina beharrezkoa den energia gehiena bertatik atera daiteke”. Kolektiboak 2018an egindako ikerketa baten arabera, Barakaldoko eremuaren ia %55 artifizializaturik dago.
Kolektiboak proposatu duen irtenbidea administrazio publikoaren eraikinetan eguzki plakak jartzea da. “Gure apelazioekin batera, Barakaldon energia berriztagarriak erabiltzeko ideia proposatu nahi diegu. Gure ustez, eraikin publikoen teilatuak eguzki panelez betez gero, eolikoekin sortuko den adina energia lor daiteke”, esan du Rodriguezek. Aurreneko kalkulu bat den arren, kolektiboek uste dute 105 kilowatt-ordu lor daitezkeela horrela; alegia, “bi parke eolikoekin sortuko den adina argindar”.
“Gardentasunik eza”
Barakaldo Naturaleko kideak dio haserrea ez datorrela “soilik” planaren “zentzugabekeriagatik”. Rodriguezek udalaren “gardentasunik eza” salatu du: “2022ko azaroan bildu ziren udala eta Eusko Jaurlaritza, baina guri ez ziguten ezer esan. Gu jakinaren gainean jarri ginen martxo aldera hedabideetan agertzen hasi zelako”. Uste du, “herriko eragile” eta “interesdunak” diren heinean, udala haiekin bildu behar litzatekeela haien iritzia jakiteko.
Barakaldo Naturala elkarteko kideak esan du erantzuna ez dela “soilik” energia iturri fosiletatik berriztagarrietarako urratsa egitea, baizik eta “kontsumo ereduak berrikusi eta aldatzea”. Barakaldoko kolektiboek diote “asko murriztu” behar dela kontsumoa. Ideia horien inguruan hausnartu eta beraien alegazio eta proposamenen berri emateko, zenbait ekinbide egin dituzte; ekainaren 24an mendi martxa bat, adibidez.