Bortxa matxistari aurre egiteko, kooperazioaren alde Basaurin

Bortxa matxistari aurre egiteko, kooperazioaren alde Basaurin

Mikel Garcia Martikorena

Basauriko Udalak, Ertzaintzak eta Osakidetzak protokolo berria diseinatu dute, indarkeria matxistako kasuetan erakundeen arteko koordinazioa eta kooperazioa ziurtatzeko. Asier Iragorri Basauriko alkateak protokoloaren aurkezpenean adierazi duenez, gidalerroen helburua da tresna “praktikoago bat” eskaintzea udalari, bestelako erakunde publikoei eta herriko gizarte eragileei: “Indarkeria matxistako kasuetan eraginkorragoak izateko helburuarekin diseinatu dugu protokolo hau”.

Protokoloaren diseinua eta martxan jartzea Basauriko Udaleko Gizarte Politika Sailaren, Basauriko Ibaizabalgo ertzain etxearen eta Osakidetzaren Galdakaoko ESI erakunde sanitario integratuaren esku egon da. Hiru erakundeek adierazi dutenez, tresna berria biktima guztiei “erantzun global, hurbil eta pertsonalizatua” emateko egin dute.

Basaurin “biktimak ardatz” dituen udal zirkuitua bermatuko da, erakundeen arabera, “beharrezkoak diren baliabide publikoak” jarrita. Baina, alkateak azpimarratu duenez, praktikan lan egiteko era ez da askorik aldatuko. Izan ere, hiru erakundeek elkarlanean jarduten dute jada egunerokoan. Dena den, ez dio garrantzirik kendu nahi izan protokoloari: “Nahitaezkoa da lan egiteko modua idatzita uztea, herriko eragileek jakin dezaten zer protokolo dugun indarkeria matxistako kasuetan, eta argi izan dezagun zer urrats egin behar diren momentu oro”.

Are gehiago, Edurne Arze Ibaizabalgo ertzain etxeko buruaren ustez, orain arte koordinazioa egon den arren, protokoloak hori “indartzeko” balioko du, jarduteko garaian “gutxieneko batzuk” argi izateko. Arzek dio zerbitzuak “eraginkortasunez” erabiltzea dela protokoloaren indargune nagusia: “Indarkeria matxistari dagokionez, zerbitzu batzuk bikoiztu egiten dira egun, eta beste batzuk ez dira eskaintzen. Protokoloak ezarritako koordinazioari esker, biktimengana erarik eraginkorrenean heldu ahal izango gara”.

Berrikuntzak

Erakunde publikoetako ordezkarien arabera eguneroko lanean aldaketa handirik egongo ez den arren, kooperazio eta koordinazio lana idatzita uztea ez da protokoloak ekarri duen berrikuntza bakarra. Zerbitzuen kalitatea ebaluatu eta arretaren jarraipena egin ahal izateko hainbat koordinazio mahai osatuko dituzte. Batetik, kasuak koordinatzeko mahaiak egongo dira. Haietan, gizarte langileak eta erakundeetako zenbait ordezkari egongo dira. Mahai hori bi hilean behin bilduko da, gutxienez; beharrezkoa balitz, sarriago bilduko litzateke. Bestetik, protokoloaren garapena “etengabe” ebaluatuko dute beste bi mahaik: mahai teknikoak eta mahai estrategikoak. Joan den astean protokoloaren aurkezpenean ordezkariek adierazi zutenez, koordinazio mahaiak martxan dira jada.

Basauriko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan egongo da zentralizatuta esku hartze globala. Maria Larrinaga Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi du biktima bakoitzak erreferentziazko gizarte langile bat izango duela berekin, momentu oro prozesuan laguntzeko eta hiru erakundeen arteko koordinazioari “bide emateko”.

Kasuek gora

Indarkeria matxistari lotutako kasuek gora egin duten garaian heldu da protokoloa Basaurira. Ibaizabalgo ertzain etxeak hartzen duen eremuan (Basauri, Etxebarri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberio), gaur egun 180 emakume daude babespean. Basaurin 105 dira nolabaiteko babes neurriren bat dutenak. Datuok Arzek emandakoak dira. Hark azpimarratu du egun batetik bestera datuek “gorabeherak” dituzten arren, ez direla “kezkagarriak”. Izan ere, “ez dago arrisku berezian dagoen emakumerik”; hau da, Ibaizabalgo ertzain etxeak hartzen duen eremu osoan ez dago bizkartzaina behar duen emakumerik. Iaz, ostera, hamabi ziren arrisku berezian zeudenak.

Zenbatekoa ehundik gorakoa izateak harridura eragin ziela onartu dute ordezkari publikoek. Batez ere, kontuan izanda zer-nolako ezberdintasuna dagoen eskualdeko bi herri handien artean: Basauriren eta Galdakaoren artean. Dena dela, “tremendismotik aldendu”, eta datuak “bestela aztertu” daitezkeela iritzi dio Basauriko alkateak. Batetik, Basauriren kasuan, eta jadanik indarkeria matxistarekin lotutako beste barne protokolo bati esker, herriko udaltzainek esku artean dituzten datuak Ertzaintzarekin trukatzen dituzte unean-unean. “Beste herriek ez daukate halako komunikazio jariorik”.

Bestetik, baliabideak espresuki indarkeria matxistaren biktimei helarazteak duen garrantzia azpimarratu du Iragorrik: “Kasuak antzematea indartzeak argitara kasu gehiago ateratzea dakar, ezinbestean. Baina konturatu gara Basaurin antzematen diren egoera gehienak goiztiarrak direla”. Bide beretik jo du Jon Guajardo Galdakaoko ESIko kudeatzaileak. Haren ustez, biktima gehiago antzematen dira, “hobeto” egiten delako lan: “Osakidetzan sentsibilizazio berezia dugu kasuak antzemateko orduan. Ikasketa prozesua etengabea da. Gurera beste gaitz batengatik etorri arren, badakigu indarkeria matxista nola antzeman”.