Mikel Garcia Martikorena
Tourraren aurreneko etapa Bilbon hasi eta bukatuko da, datorren astean, larunbatean. Mundu osoan ikusiko dira Bilboko eta Bizkaiko hamaika lekutako errepideak, paisaia naturalak eta ondare arkitektonikoak. Hiru etapa Euskal Herritik igaroko zirela iragarri zenean, Christian Prudhome Frantziako Tourreko zuzendariak itzuliak Euskal Herrian izango duen “eragin ekonomiko eta turistikoa” azpimarratu zuen. Onurak izango dituen arren, ondorio txarrak ere izango ditu. Mundu osoko telebistetan txirrindulariak Bilboko kaleetan edo Gernika-Lumo inguruan ikusi ahal izateko, euren eguneroko bizitza toki horietan egiten dutenek eragozpen handiak izango dituzte.
Bizkaiko errepideetan eragingo du Frantziako Tourrak uztailaren 1ean eta 3an. Egun horietan zaila izango da autoa hartzea, Ertzaintzak gomendatutakoari kasurik egin ezean. Ertzaintzak eskatu du Tourreko tropelaren gutxi gorabeherako ordutegiaren arabera planifikatzeko joan-etorriak, eta, ahal izanez gero, garraio publikoa erabiltzeko. Izan ere, txirrindulariek erabiliko dituzten errepide guztiak lau ordu pasatxoz itxiko dituzte: karabana igaro baino ordu eta laurden bat lehenago zarratuko dira errepideak, karabana eta tropelaren arteko bi orduetan itxita egongo dira errepideak, eta tropela pasatu eta ordubete geroago arte ez dituzte irekiko.
Bilbon murrizketa handiagoak egingo dituzte. Asteazkenetik hasiko dira kale batzuetako erreiak mozten, eta uztailaren 1ean, lasterketaren hasiera egunean, zaila izango da Bilbora sartzea. Sarrera gehienak 06:30ean edo 08:30ean itxiko dituzte, eta arratsaldera arte ez dira berriz irekiko. Bilbo, antzinako hiriak bezala, gotortuta egongo da egun oso batez. Erabaki horrek mota guztietako erreakzioak sortu ditu; batez ere, Bilbon lan egiten duten arrain saltzaile, tabernari eta harakinen artean dira kexu, besteak beste.
Etekinak galdu
“Bilbora egunez sartzea ezinezkoa izango denez, guk ez dugu lanik egingo larunbatean”, azaldu du Gelati izozkietako Jorge Rodriguez banatzaileak. Hark bezala, beste hainbatek ere larunbatean jai egitea erabaki dute, egun horretako diru sarrerak galduko dituzten arren.
Beste batzuek, aldiz, nahiago dute lan egin, gutxi salduko dutela jakin arren. Hori da Pilar Burgoa eta Puri Leinez Erribera merkatuko 239. postuko fruta saltzaileen kasua. Postuan, Bilboko Merkatarien Elkarteak egindako “Ongi eTOURri” dioen kartela dute jarria, baina haien hitzek ez dute gauza bera iradokitzen. Tourrak hirirako zein Euskal Herri osorako eragin ekonomiko positiboak izango dituela izan da ordezkari publiko zein pribatuek Frantziako itzulia defendatzeko erabili duten argudio nagusia. Leinezen iritziz, baina, Tourra antolatu dutenek ez dituzte kontuan izan hiriko merkatari “gehienak”: “Larunbat batean Bilbora sartzea ia ezinezko bihurtzeak gure salmentak izugarri jaistea eragingo du “. Izan ere, inguruko herrietako jendea “ohituta” dago larunbatetan Bilboko Erriberan aste osoko erosketa egitera, baina Tourrarekin “ezingo” dira joan, Burgoaren esanetan. Haserre daude bi fruta saltzaileak: “Dirua ekarriko du, baina gutxi batzuen patrikentzat”.
Tabernetan eragingo du
Lasterketak mozkinak ekarriko dituztela uste du Iruña tabernako Iban Beasek. Haren iritziz, Tourrak “jende mordoa” ekarriko du ingurura, eta horiek “gastatu” egingo dute. Beasentzat ez da arazo “larria” sarbideak hiriko 06:30etik aurrera moztea: “Lehenago heldu beharko dugu lantokira”. Tabernariak gaineratu du egun “bakarreko” kontua izango dela; hortaz, ez dela “hainbesterakoa” izango.
Jose Fortuna Ambigu jatetxeko arduraduna, ostera, ez dago iritzi horrekin ados: “Ez dakigu nola mugitu ahalko den jendea Bilbo barruan. Baina nik uste dut guk galdu egingo dugula; azken finean, gure bezeroek Bilbon lan egiten dute edo hirian bizi dira, eta normalean ez dira joaten horrelako ekitaldietara”. Fortunak ez du ulertzen zergatik itxiko duten guztiz Bilbo, horrek ekar ditzakeen ondorioak aintzat hartuta: “Guk larunbatetan ez ditugunez ematen bazkariak, egin behar dugun gauza bakarra da edariak eta izotza aurreko egunetatik eskatu eta nolabait antolatu, tabernan gorde ahal izateko. Baina elikagai freskoak eskaintzen dituzten jatetxeek ez dakit nola egingo duten. Ezinezkoa da”.