Ibai Maruri Bilbao
Enkarterriko nerabeek Balmasedako institutuan dute batxilergoa ikasteko aukera publiko bakarra. Baina ez dute baliagarria zaien garraio publikorik euren herrietatik zentrora joateko, eta gurasoek kontratatutako autobus batean joaten dira. Datorren ikasturterako, autobus konpainiak “nabarmen” garestitu die zerbitzuaren tarifa, eta salatu dute “gehiegizkoa” dela. “Orain arte konpainiak ipintzen zizkigun baldintzak onargarriak ziren. Ikasturte honetan 120 euro ordaintzen ari dira ikasleko. Bada dirua, baina hurrengorako 250 euro eskatu dizkigu enpresak, besteak beste, ikasle gutxiago izango direlako. Baita kontratu bat sinatzea ere. Baina zer guraso egingo da horren erantzule?”, esan du Laura Mato Santosek, protesta egin duten gurasoetako batek. Horregatik, arazoa konpontzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailari.
Mato Santos Karrantzakoa da, eta datorren ikasturtean haren alaba Balmasedako institutuan hasiko da. “Batxilergoa ez da derrigorrezko heziketa; beraz, ez dago jasota indarrean dagoen eskola garraioari dagokion Eusko Jaurlaritzaren dekretuan”, azaldu du arazoaren abiapuntua. Zalla eta Gueñes aldekoek autobus publikoa dute eskura. Ostera, Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta eta Villaverde Turtziozko herritarrek ez dute aukera hori. Badago Bizkaibusen linea bat, baina ikasleek 06:50ean hartu beharko lukete Karrantzan, 08:25ean hasten diren eskoletara joateko; itzuleran, berriz, ez lirateke Karrantzara 18:00ak arte helduko, eta bazkaldu barik, gainera.
Hortaz, gurasoek eurek topatu izan dute konponbidea. Garai batean, herriotatik igarotzen zen Alsaren autobusa erabiltzen zuten umeak eskolara eroateko; linea hura desagertu zenetik, Karrantzako autobus konpainia bati kontratatu diote zerbitzua. Autobus hori Karrantzatik joaten da Balmasedara, errepide nagusitik. Gurasoek gerturatu behar izaten dituzte umeak autobusak ibilbidean dituen geltokietara. Esaterako, Lanestosakoek 11 kilometro dituzte Karrantzara arte.
Mato Santosek azpimarratu du familia askorentzat gehiegizko gastua litzatekeela 250 euro ordaintzea, eta horregatik hasi direla konponbide eske. Bi eskaera nagusi dituzte. Batetik, ikasleak institutura eramango dituen autobus pribatuaren kostua ordaintzeko diru laguntzak. Bestetik, autobus linea publiko berri bat sortzea, udalerri horiek Balmasedarekin lotzeko, institutuko sarrera eta irteera ordutegietara egokitutako ordutegian.
Balmasedako institutuan D ereduan ikasten dute, eta hiru Batxilergo motak eskaintzen ditu. Eskualdean badute beste zentro bat, itunpekoa: Sopuertako San Viator. A eta B ereduetan ikas daiteke. Haren arabera, itunpeko ikastetxe horretakoek 139 euroko kuota ordaintzen dute, eta hor sartzen zaie garraio zerbitzua ere. “Zelan da posible publikora doazenentzat garraioa garestiagoa izatea?”.
Hainbat bilera izan dituzte Enkarterriko Udalen Mankomunitatearen egoitzan, erakundeetako ordezkariekin. Besteak beste, Iñaki Orbe Hezkuntza Sailak Bizkaian duen ordezkariarekin bildu ziren. Mato Santosek azaldu duenez, Orbek esan die 2021etik hainbatetan ahalegindu direla eskola garraioaren dekretua moldatzen, baina orain arteko saioetan, lege arazoengatik, ezin izan dute egin. Hirugarren dekretu proposamena urtea bukatzerako onartuta egotea espero du Eusko Jaurlaritzak, baina, Mato Santosek esan duenez, Orbek ezin izan die ziurtatu oraingoan legelarien oniritzia jasoko dutenik. Hezkuntza Saila prestatzen dabilen dekretu berriaren arabera, diru laguntzak eskainiko lirateke autobus zerbitzua ordaintzeko. Gainera, taxi zerbitzua ere ipiniko liekete, umeak etxetik autobusera joateko.
Behin-behinean, udalak
Jaurlaritzaren dekretu berria iritsi bitarteko hilabeteetarako, Enkarterriko Udalen Mankomunitateak alternatiba bat proposatu die gurasoei: gurasoek eurek eta udalek elkarrekin ordaintzea autobus pribatuaren kostua. Mato Santosen arabera, mankomunitateak udalekin adostu barik egin die proposamen hori, eta zalantza egin du haietako batzuk horrelako gastu bati aurre egiteko gai izango liratekeen.
Foru aldundiarekin ere elkartu izan dira sarritan, Bizkaibus zerbitzua hobetzeko. Mankomunitateak ere izan ditu bilerak Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailarekin, besteak beste, linea hori hobetzeko eskatzeko, baina ez dute ezer ere lortu, oraingoz.