Mikel Garcia Martikorena
Pandemia garaian elkarlaguntza sareak Bizkaiko geografia osoan zehar hedatu ziren. Batzuk desegin dira, eta beste batzuek —aurretik sortutakoak hainbat—, indartsu jarraitu dute, ekintzak aurrera eramanez. Azkeneko talde horretan dago Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea. Duela sei urte sortu zuten, eta urtean zehar egiten duten lana “zabaldu eta ezagutarazteko” elkarlaguntza astea antoletzea erabaki zuten. Asteazkenean hasiko dute “udaren etorrera ospatu” eta “galdakoztar guztiekin” euren lana partekatzeko astearen laugarren aldia. Nerea Garcia Galdakaoko Elkaraguntza Sareko kideak azaldu duenez, aurreko hiru aldietan aste osoko ekinbidea izan den arren, aurten asteazkenetik larunbatera murriztea erabaki dute, “indarra egun gutxi batzuetan batzearren”.
Erresistentziaz elkarlaguntza loratu! lelopean, zortzi ekimen antolatu dituzte, denak elkarlaguntza sareak urtean jorratzen dituen ildoei lotuak: ekoizpen komunala, erosketa kolektiboa, etxebizitza sindikatua, eta, era transbertsalean, emakumeen ahalduntzea. Hasiera emateko, asteazkenean, Plaza Gorrian emakume artisauen azoka egingo da, 16:30etik 20:30era. Garciak azpimarratu du emakumeen ahalduntzea sarearen lan ildoetako bat izanik, “oso garrantzitsua” iruditzen zaiela inguruko emakumeei euren lana erakusteko leku bat eskaintzea. Horretaz gain, haurrentzako hainbat tailer eta joko egongo dira arratsaldez. Garciak dio sarean familia asko daudela, eta iritzi dio haien partaidetzari “zentzua emateko” haurrei kalitatezko espazioa eta tartea eman behar zaiela.
Ostegunean, pintxo lehiaketa egongo da, 19:15ean, denak sareak daukan ortuak ekoitzitako produktuekin eginak. Garciaren esanetan, lehiaketak ekoizpen komunalaren inguruan duten ikuspuntua plazaratzen lagunduko die sareko kideei: “Elikagaiak produzitzeko eta gure elikadura erabakitzeko autonomia dugula erakutsiko dugu”. Ostiralean, ekintza “politikoetatik” haratago joatea erabaki dute, eta “zoriontasuna aldarrikatu” nahi dute, Pole dance erakustaldiarekin eta impro show-arekin. Garciak azaldu du ostiraleko bi ekintza horietan gorputza izango dela ardatza: “Hausnarketa bat proposatu gura dugu. Pairatzen ditugun gorputzen sufrimenduez jabetu eta zoriontasunarekin aurre egin”.
Harremanak landatu
Larunbatean egingo dute asteko ekintza nagusia: auzolana. 10:00etan hasiko dira Larrabetzutik gertu dagoen ortura bertaratzen direnak lanean. Sarearen proiekturik “indartsuena” da ortua, eta bertan egiten den lan dena auzolanean oinarrituta egiten dela zehaztu du Garciak. Sareko kidearen ustez, auzolanak ekarpen “oso baliotsuak” egiten ditu: “Auzolanek kalitatezko espazio bat eskaintzen digute gure harremanak sendotzeko eta hedatzeko zein ekimen politikoak gauzatzeko”.
Are gehiago, Garciak dio sareak dituen sei urteetan aurrera ermandako auzolanei esker “harremanak ehuntzeko” haien balioaz jabetu direla: “Hiritik irten eta espazio natural batean egoteak gure artean elkarrizketa ezberdinak eratzea eragiten du”. Pertsonen arteko harremanak indartzea sarearen xedeetako bat da: hots, “zentzu kolektiboan” harremanak zaintzeko egun dauden “zailtasunez” ohartzea.
Aurreko aldietan 50 lagun inguru azaldu izan dira ortura auzolanera, Garciak adierazi duenez. Aurten bizilagun gehiago ager daitezkeela uste dute. Izan ere, egunak murriztea ez da aurtengo aldaketa bakarra, Garciak dionez: “Aurtengo dinamikak, beste urteekin alderatuta, izaera publikoagoa du, eta irekiagoak dira”.