Ardi latxen herrian

Ardi latxen herrian

Zihara Jainaga Larrinaga

Euskal Herrian milioi bat ardi daude: erdiak, Ipar Euskal Herrian; 250.000 Nafarroan, eta gainontzeko 250.000k, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gehienak latxa arrazakoak dira. Oraintxe da ardiei gainean daramaten ile mantua kentzeko sasoia, eta, ondorioz, ardi mozten aritzen direnak lanez lepo dabiltza. Baina gero eta gutxiago dira, eta, sarritan, artzainek arazoak izaten dituzte mozteko norbait aurkitzeko orduan. Garai batean, kanpotik ere etortzen ziren moztaileak Euskal Herrira, lan karga arintzera. Moztutako artilearen erabileran ere izan da bilakaera: lehen saldu egiten zen; egun, bota egiten da gehienbat.

Arkaitz Baskaran artzaina bostehun ardi ingururen jabe da. Aulestiko Malats auzoan hazten ditu ardiak, eta Idiazabalgo gazta ekoizten dute. Baskaranek azaldu duenez, urtean bi aldiz mozten diete ilea ardiei. “Artzain bakoitzak bere teknikak ditu, eta askok urtean behin mozten dute, baina profesionalok, produkziorako erabili eta honetatik bizi garenok, bi aldiz”. Udaberriarekin batera, maiatz edo ekain aldera izaten da lehen mozketa. Udazkenean bigarrena. Ardiak mozten profesionala den konfiantzazko pertsona batek laguntzen die. Hala, bi aldiz ilea moztuta, ardiak askoz ere garbiago eta arinago egoten direla uste du Baskaranek. “Gure ustetan, hobea da. Jezteko orduan, errapea askoz ere garbiago izaten dute, eta animalia askoz ere garbiago egoten da. Euria egiten badu, adibidez, azkarrago lehortzen dira”. Garbitasuna da ilea moztearen onurarik handiena, eta baita ardien ongizatea ere.

Baskaranekin bat dator Joseba Attard ardi moztailea. Hainbat urte daramatza Attardek Euskal Herriko baserrietan ardiei ilea mozten; halaber, munduko hainbat txokotan ere ibili izan da. Attardek dioenez, batez ere bi arrazoigatik mozten zaie ardiei ilea; batetik, berorik ez pasatzeko, baina hori baino garrantzitsuagoa, eulirik ez sartzeko. “Euliak arrautzak uzten ditu ilean, eta hazten diren zizareek okela jaten dute; hala, barrutik kanpora jaten dituzte ardiak, inor konturatu gabe”.

Lanez lepo dabil azkenaldian Attard. Ardiak mozten aritzen diren profesionalak oso gutxi direnez, sasoiak irauten duen hiruzpalau hilabeteetan egunero aritzen dira baserri batetik bestera, asteko zazpi egunetan. Ardi asko dituzten artaldeetan, taldeka aritzen dira, eta ardi moztaile profesional bakoitzak egun batean ehun eta berrehun ardi artean mozten ditu, zortzi orduan. Espainiatik, Poloniatik eta Uruguaitik ere etorri ohi dira laguntzera. Baina, hala ere, Attardek adierazi du Euskal Herrian lan gehien bertokoek egiten dutela. “Lan gogorra da, eta ez dago jende asko. Dena den, gure lanbidea da, eta gozatzen dugu egiten dugunarekin”.

ARTILEA

Ardi latxen artean bi motakoak sailka daitezke: mutur beltzak —Bizkaian nagusi dira— eta mutur gorriak. “Mutur beltzek artile pila bat dute, hartzak dirudite, eta kostatzen da haiei ilea moztea”, esan du Attardek. Minutu bat eta hiru minutu artean behar izaten dute ardi bati ilea mozteko. Bestalde, ardi bakoitzeko prezioa artaldearen araberakoa izaten da, baina, gehienetan, 1,5 euro inguruan ibiltzen da.

Attardek azaldu duenez, Zeelanda Berriko metodo bat erabiltzen dute ardi moztaile gehienek: Bowen izeneko metodoa. Artilea ahalik eta arinen kentzeko, ardiak eta moztaileak eroso egotea aintzat hartzen du. “Mundu osoan gehien erabiltzen den metodoa da. Ardia ez da lotzen, eta artilea pieza bakarrean ateratzen da”. Horrez gain, garrantzitsua da leku laua izatea, eta, ahal bada, komeni da aurreko 24 orduetan ardia baraurik egotea. “Jezten diren ardiekin zaila izaten da baldintza hori betetzea, baina, tripa beteta dutenean, borroka gehiago egiten dute ardiek”. Bestalde, ezinbestekoa da ardiak lehor egotea; bustirik badaude kalanbreak ematen dituztelako. “Munduan badaude ardi bustiei ilea mozteagatik hildakoen kasuak. Oso arriskutsua izaten da bustita moztea”, adierazi du Attardek.

Etorkizuna, beltz

Behin ilea moztuta, lehen artilea ordaindu egiten zuten, baina, egun, Bizkaikoa leku bakarrean batu eta aldundiaren bitartez erretzera edo konposta egitera bidaltzen da. “Bizi osoan garrantzi handia izan du lehengai moduan, eta, orain, guztiz alboratua dago. Azken finean, artilea kostu bat da guretzat, diru iturri bat baino gehiago”, esan du Baskaranek. “Antzinako artzain batek zioen lehengo artzainak artiletik bizi zirela; gero, artileak gutxiago balio zuenean, bildotsetatik bizitzen hasi zirela; ostean, esnetik bizi beharra izan zutela, eta, azkenean, gazta saltzetik bizi direla. Gaztaren ostean, beste probetxurik ez da. Gazta amaitzeaz batera, ardi latxa ere amaituko da, eta mendiak zikinduko dira”, borobildu du artzainak.