Zihara Jainaga Larrinaga
Egun 20.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute Bizkaiko ostalaritza sektorea. Hain zuzen, hiru azpisektoretako langileak dira: jatetxe eta tabernak, hotelak, eta ospitaleak eta ikastetxeak hornitzen dituzten kolektibitateak. Azken hiru hamarkadetan, ostalaritza sektoreko lan hitzarmena sinatzea lortu dute, baina, azken urteotan, akordioa berritzeko prozesuan blokeatuta daude sektorea osatzen duten langileak, sindikatuak eta patronala. Sindikatuek salatu dute pandemia hasi zenetik egoera aldatu den arren, ez dela lan hitzarmenik berritu sektorearen benetako arazoei aurre egiteko. Hitzarmena blokeatuta dago, 2020. urtetik ez baitago lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenik, eta, ondorioz, 2020ko urtarriletik hona langileek ez dute soldata igoerarik izan, besteak beste. Horren ondorioz, ostalaritzaren “diaspora bat” gertatu dela ohartarazi du Iñigo Alonso LAB sindikatuko ordezkariak. “Askok bitarteko moduan dute lan hau, ez da bokaziozkoa, eta, nekatuta, alde egin dute lan baldintzengatik”. Horiek horrela, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lanuzteetara deitu zituzten joan den ekainaren 1ean, blokeoa amaitzeko exijitzeko. Protesta gehiago ere etorriko dira.
“Egoera, gaur egun, blokeatuta dago. Izan ere, otsailaren 6an egin genuen azken bilera patronalarekin, eta 2021-2024 aldirako hitzarmena proposatu ziguten, soldata igotzeko proposamenekin. Proposamen horiek, tamalez, ez dute bermatzen hitzarmena indarrean zegoen bitartean erosahalmena ez galtzea”, azaldu du Eladio Rodriguez ELA sindikatuko ordezkariak. Azken soldata igoeratik egundaino bizitza garestitu egin da, KPI kontsumorako prezioen indizea %12koa baita orain. Sektoreko prezioek %15 egin dute gora tarte horretan, baina “soldatak zero euro” igo dira, sindikatuen esanetan.
ELAko ordezkari Rodriguezek adierazi duenez, negoziazio mahaian parte hartzen duten erakunde sindikal guztiekin batera egindako hausnarketak argi uzten du sektorea erabat leheneratu dela, eta pandemia aurreko datuetara itzuli. “Gaur egun, datu oso positiboak ditugu sektorean okupazioari dagokionez, bai hoteletan, bai jatetxeetan”. Are gehiago, aurtengo Aste Santuan eta maiatzeko zubian neurtutako datuak aintzat hartuz, Rodriguezek uste du sektoreko langileek ez dutela merezi patronalak negoziazio mahaian konponbiderik ez proposatzea eskaera duinei erantzuteko eta erosahalmena galduko ez dela bermatzeko.
Iritzi kontrajarriak
Sektorearen bilakaerari dagokionez, bi ikuspuntu oso desberdin daude negoziazio mahaian aurrez aurre. Hain zuzen, Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzailea ez dator bat sindikatuekin. Hark dioenez, sektorearen egoera ez da sindikatuak saltzen ari diren bezalakoa. “Ez dago gehiegizko onurarik, ezta gutxiagorik ere. Enpresak eta langileak era berean ari dira sufritzen; hau da, kostuen igoera oso handia da, eta horrek ezin du prezioan eragin”. Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak gaineratu du enpresen egoera ekonomikoak ez direla pandemia aurrekoak, okerragoak baizik. “Baliteke jarduera leheneratu izana, baina, gauza bera kostu handiagoekin saldu behar denez, mozkina txikiagoa da”. Rodriguezek, bestalde, aitortu du sektoreak sufritu egin duela, baina azpimarratu du langileek ere aldi baterako erregulazioak pairatu dituztela.
ELAko kideak nabarmendu du sektoreko langileak erosahalmena galtzen ari direla. Hain zuzen, 2022an aplikatutako KPIa %6,5 izan zen, eta aurten aplikatu beharko litzatekeena %5,7koa da. “Erosteko ahalmenaren galera handia da, eta ezin dugu onartu. Ezta sektoreak kostu horiek bezeroei jasanarazteko gaitasuna izatea ere, baina soldatek hipotekatuta jarraitzea 2020an”. Sanchezek aitortu du oraintxe jarrerak ez daudela hurbil, eta, beraz, ezinezkoa dela akordioa lortzea. “Sindikatuek uste dute mahai gainean dagoen soldata igoera ez dela nahikoa. Hor dago eztabaida. Kontua ez da enpresek ez dituztela soldatak igo nahi. Ez gatoz bat zenbatekoan”, esan du ostalaritza elkarteko kudeatzaileak. Galdutako erosahalmena berreskuratu eta sektoreko prekaritatea amaiarazteko neurriak jartzea ere bada sindikatuen eskaria.
Hitzarmena aplikazio orokorrekoa da, baina bere kasuistika du, eta errealitate desberdinak daude. Sektore prekarizatua da ostalaritzarena, eta langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta, baik bat, lanaldi partzialak dituztenak. Horrez gain, sektoreak azpisektoreak ditu. Jatetxe eta tabernen eremuan, adibidez, ez dago egindako lanaldiaren kontrol eraginkor eta errealik. Hain zuzen, hori da sindikatuek patronalari helarazten dizkioten planteamenduetako bat. “Arlo horretan gehiegizko iruzurra dago”.
Mobilizazioek giltza
Lan gatazkaren erdian, sindikatuek ontzat jo dituzte ekainaren 1ean egindako lanuzte eta mobilizazioak. Hoteletan, kolektibitateetan eta lantokietan beharginen %75-85ek egin zuten bat. ELAko kide Rodriguezek aitortu du ordezkaritza mugatua dutela sektorean: batez ere, taberna eta jatetxeetan ordezkaritza txikia dutela, lantaldeak ez daudelako antolatuta, eta askoz zailagoa dela mobilizazioetan modu aktiboan parte hartu ahal izatea. Hala ere, uste du ostalaritza elkarteak kontuan hartu beharko lukeela. “Gustatuko litzaiguke —eta espero dugu telefonoa hartuko digutela— haiek negoziazio batzordera deitzea, eta gure aldarrikapenei erantzutea”. Alonsok adierazi du sentipen “politak” ekarri zizkiela mobilizazioak. “Jendea motibatuta zegoen”. Era berean, Rodriguezekin bat dator gatazka honi bide emateko giltza patronalak duela iritzita eta deia espeo dutela adierazi du. “Bestela, igo egingo da mobilizazioen tonua”.
Patronalak ez badu pausorik ematen, eta ez badu negoziazio batzorderako deialdirik egiten edota ez badu eduki egokirik proposatzen, sindikatuek adierazi dute mobilizazioak areagotu egingo dituztela, patronalak beraien aldarrikapenak entzun arte. “Ez dugu beste aukerarik. Sektoreko langileek pazientzia handia izan dute, eta negoziazio bidea ahalik eta gehien estutzen saiatu gara, baina ostalaritza elkarteak gure planteamenduak aintzat hartzen ez baditu, irteerarik gabeko kalezulo batera eramango gaitu, eta gure mobilizazioak aktibatu eta areagotuko ditugu”, aurreratu du Rodriguezek.
Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak nabarmendu du beti erakutsi duela hitzarmen bat izatea dela helburua, langileei modu egokian ordaintzea ahalbidetuko duen hitzarmen bat, baina baita enpresen bideragarritasuna ahalbidetuko duena ere. “Ez dugu hitzarmenik gabeko egoerarik nahi”. Alonsok borroka honetan gizarteak duen erantzukizuna azpimarratu du: “Ostalaritza oso sustraitua dago, eta, aldi berean, bereziki zaurgarria da. Gizarteak badaki, eta onartu egiten du sektore prekarizatua izatea” .