Amaia Igartua Aristondo
Eduki ditu berrikuntzak, egokitu dira eraikin batzuk, eta hedatu da herria zazpiehun urte baino gehiagotan. Eta, hala ere, nukleo txiki batean islatzen dira Lanestosaren garapenaren aztarna guztiak: ibaiaren ertzean, XIX. mendetik aurrera kokatutako indianoen etxe mardul dotoreak daude, baina, ia aldamenean, jatorrizko etxebizitzek irauten dute oraindik, hasierako egoera ia berdean, Bizkaiko Balkoia plazan.
1287. urtean sortu zen Lanestosa, orduan eman baitzizkion hiribildu titulua eta foruak Diego Lopez Harokoak. “Inguruetako familiak etorri ziren erroldatzera eta bizitzera, bai Karrantzatik eta baita Kantabriatik eta Burgostik ere [Espainia], foruek ematen zizkieten pribilegioak bereganatzera”, Pablo del Rio ikerlariak azaldu duenez. Pilatu ziren nobleak eta haien dirua, eta familiok etxeak sortzen hasi ziren garai hartako ardatzaren inguruan: hau da, Burgosko mendiak eta Laredoko portua [Espainia] batzen zituen bidearen bi aldeetan. “Handik pasatzen ziren Laredoko portura eramaten zituzten zerealak eta Gaztelara igotzen zuten arraina. Gaztelak itsasoarekin zituen bi bideetako bat zen: bestea Urduñatik Bermeora zihoana zen”. Kaminora begira sortu zituzten etxeak; handik abiatuta josi zituzten gainerakoak.
1790eko hamarkadarako, plaza orain bezala zegoen antolatuta jada, egungo eraikin eta kokaleku berberekin, Del Riok herriko udaletxean topatu duen dokumentazioak frogatzen duenez. “Garai hartan, bota egin nahi izan zituzten etxeetako bat edo bi, bidea zabaltzeko, eta kurba hobetzeko, agirietan agertzen denez”.
Nekazaritza estiloa
Lanestosako horiei nekazaritza etxe ere esaten zaie, eta hala izendatzen dituzte bestelako etxe batzuetatik bereizteko, hala nola jauregietatik edo XX. mendeko eraikinetatik, Jose Angel Barrio Loza historialariak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egindako txosten batean xehatua duenez. Haren berbetan, nekazaritzara bideratutako etxeak ziren, XX. mendean abeltzainen esku egon ziren, eta gaur egun galdua dute beste jarduera hori ere.
Arkitektura motari dagokionez, kantabriar motako estiloan eginda daude, Lanestosak lurralde horrekin duen hurbiltasun geografikoaren adierazle. Kaleen gainean, esekitako zurezko korridoreak dituzte, egurrezko harburuei esker egonkortuak, eta irtengune horrek aterpe bat sortzen du, zeina erabiltzen baitzuten zelaitik ekarritako belarra edota gurdia euritik babesteko. “Etxe gehienek beheko solairua eta beste solairu bat daukate, baina batzuek bigarren solairu bat ere badute; goikoa ganbararako erabiltzen zen, lastoa eta galtzua biltzeko”.
Eraikinen egiturak bere horretan jarraitu du kasik sortu zirenetik, baina tantaka esku hartzeak egin dituzte. Del Rioren hitzei erreparatuta, XVIII. mendearen bukaeran bazituzten garbitze mekanismoak. “Teilapea, urarentzako teilatu hodiak… Garai hartako etxeek ez zituzten gauzak. Izan ere, Lanestosa herri urbano bat zen, eta beste baldintza batzuk zituen; besteak beste, espaloiak”. Era berean, nekazaritza baztertu zutenean ekoizpen modu bezala, aldaketa horrek ere eragina izan zuen zenbait etxetako egituran, Barrio Lozaren arabera; batik bat, bizitoki bezala egokitu zituztelako lehen ekoizpenerako ziren gune batzuk. “Gelak garrantzi handiagoa hartu zuen”.
Itxurari dagokionez ere, aldaketa txikiak izan dituzte denboraren poderioz. Jatorrian, etxeak harrizkoak ziren, eta gehienek ez dute osagaia aldatu; lehen, kareberrituta zeuden, baina dagoeneko ikusgai dago barruko harria. Oro har, ondo kontserbatzen direla dio Del Riok, eta bigarren etxe bezala erabiltzen dituztela.